Inauteri guztiak arrotzaren kontrakoak dira. Kanpokoaren uxatzaileak, beldurrarekin lotuta baitaude denak. Ezezagunari izua diote euskal herrietan karrikaratzen diren pertsonaia guztiek, horixe da garizuma aurreko garai honetako aire nabarmena: utikan arrotzak!
Horregatik, Arizkunen hartza kateatuta ateratzen dute, jendea lasai senti dadin ikusirik menderatuta daukatela ardiak jaten dituen demonioko animalia. Horregatik janzten dituzte Sakanako momotxorro eta mamoxarroek maskara, adar, ipuruko eta narru guztiak: alde batetik, nork bere burua ezkutatzeko, arrotzak ez dezan ezagutu; bestetik, deabrua bera baino gaiztoago eta beldurgarriago agertzeko. Horregatik, Iturenen eta Zubietan isipuak eta pulunpak dantzatzen dituzte egun osoan, karrika guztietan zehar, bidean gora eta behera: ez dadin hotsa behin ere isildu, haiek ere ez daitezen Mendaur ingurutik jaisten diren haizeak baino koitaduago. Horregatik erretzen dute, Lantzen, Miel Otxin lapurra astearte arratsaldeko lehen ilunekin batera, hiru egunez harrizko etxe sendoen artean bizkarrean garraiatu eta gero. Horregatik ospatzen dute zortziko batekin. Horregatik erretiratzen dira denak, gero, etxera. Lasaiago daudelako orduan.
Arrotz, kanpotar, gaiztoari beldur diotelako, eta erre, uxatu eta, azkenean, atzendu egin behar delako. Atzendu, bizitzari aurre egin ahal izateko.
Atzo, Lantzen, ilunak lainoak ezkutatzen hasi orduko, Miel Otxinenak egin zuen.
Lantzeko ostatuko ganbarak herri oso bat aterpetu dezake batzar egunetan. Lurra zahartua dago, magalak eta sabelak ditu han-hemen, eta azpiko gelan beldurra ematen du batzuetan, hotsak eta kirrinkak direla eta. Baina abegikorra da. Iluna da, betikoa, eta beroa da. Hor, bazterretan, hor daude trapuak eta lasto fardelak eta xingolak.
Ongarri eta izerdia
Hamabitakoa egin eta gero, inguruko gazteak itxi egin dira ganbaran, eta, sekretu handiz, Ziripot atondu dute lehendabizi, beti egin duten bezala, eta txatxoak kolore guztiak jantzi dituzte gero leiho txikitik gertu, gurasoei behin ikusi zieten bezala. Ondoko etxean, bitartean, arotzak eta Zaldiko gela berean dira, elkarrekin baina elkarren aiduru.
Ongarri eta lasto eta ira usaina dago. Ipar haizea Belatetik jaisten da, eta tximinietako kea kiribiltzen du. Txistor eta kafe egin berriaren lurrina igotzen da zurezko oholen artetik, eta izerdiarekin nahasten da, ukitu basa utzi arte. Leiho txikietatik sartzen den argiak Miel Otxin lapurraren panpina argitzen du batzuetan. Protagonista mutua da hor, zutoinean, erdian.
Janztea eta oihuka hastea bat izan da. Ganbara hustu egin da Ziripotek sardea haizatzerako, eta panpina moldagaitza bera izan da ostatutik atera den lehena. Arotzak kalean dira jada, Zaldiko harrapatzeko prest. Ondoren, txatxoak ijika zabaldu dira herria gaur bakarrik bisitatzen dutenen artean, eta Miel Otxin luzea txatxo baten sorbaldan jarri dutenean, segizioa abiatu da kalean behera.
Antzerki bat da ia. Zaldiko da pertsonaia nagusia. Jende artean ibiltzen ez denetan Ziripoten aurka oldartzen da. Baldarra ziplo botatzen du gehienetan, baina txatxoen laguntzarekin zutik jartzen da aldi oro. Noizean behin ferratzaileek Zaldiko harrapatzen dute etxe bateko izkina baten kontra, eta esku artean duten pertzaren beroarekin, berriro erabilgarri jartzen dute. Gizarteratu egiten dute, nolanahi. Basa izaera hori kendu nahi baliote bezala. Baina Zaldikok beti egiten du, taigabe, nekagaitz, lastozko trazagaiztokoaren aurka.
Txatxoak, Ziripot laguntzen ez duten uneetan, bazter guztiak xaxatzen aritzen dira.
Herri osoa zeharkatu eta gero, plaza txikian zortzikoa dantzatzen dute denek Miel Otxinen inguruan. Txistularien doinuarekin batera sartu da lagun asko biribilera. Mozorrotu gabeko batzuk ere bai. Bertakoak dira denak.
Ondoren, atsedena hartu dute aktore guztiek eta konpartsarekin batera etorri diren bisitariek. Arratsaldean, berriro hautsi dute Lantzeko isiltasuna. Askeago orduan, alaiago, astoago, animatuago, bizkorrago, gogorrago. Eta, azkenean, Miel Otxin erre dute denen erdian. Eta, gero, zortzikoa dantzatu diote panpinari, berriro, beldur guztiak jada uxatuta. Amaitu da inauteria.
EZARIAN. LANTZEKO INAUTERIAK. Miel Otxinenak egin du
Euskal Herriko lapur panpina ezagunena erre zuten atzo iluntzean Lantzeko plazan, egun osoan txatxoek erabili eta gero. Inauteriari amaiera eman zioten horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu