Idazleak bere nobelan aipatutako mundu berorik ez da han, ordea, hotza baita fosa, iluna, bizi gutxikoa. Gizakiak ikusi du jadanik. Iaz Nereus urpekari modernoak atera zituen argazkiak. Haren aurretik, baina, bi abenturazale Challenger sakonunera jaitsi ziren batiskafo batean. 1960ko urtarrilaren 23an izan zen, gaur mende erdia. Jacques Piccardek eta Don Walshek egin zuten mirarizko bidaia. Trieste batiskafo bitxiak Nautilus urpekariarenak egin zituen.
Ia ezinezkoa ematen zuen lorpen hura Ilargiaren konkistarekin alderatu zuten askok. Erronkaren neurria ematen dute sakonera izugarrira jaisteko zailtasu- nek: 11.000 metrotara, baina goi aldera, hegazkin komertzialak dabiltza. Kopuru horrek ia 3.000 metrotan gainditzen du Everesteren altuera, Lur planetako tokirik altuena. Lurrazalean baino 1.100 aldiz handiagoa da presioa 11.000 metroko sakoneran, ia edozer birrintzeko adinakoa. Zientzialariek diote beste planeta batera joatea bezala dela. Beharbada, horregatik, gizakiak ez du oraindik lortu fosaren lurra zapaltzea.
Piccard eta Walsh dira Challenger Deep-era jaitsi diren bakarrak, betiere Triste-ren altzairuzko esfera lodiaren babesaz. Piccard belgikar jatorrizko suitzarraren aita Augustek asmatu zuen batiskafo bitxia. Don Walsh AEBetako Armadako tenienteak lagundu zuen jaitsieran. Armadak erosi zuen aparailu hura, eta jaitsiera amerikarren babesean egin zuten 1960ko urtarrilaren 23an. Bi metroko diametroko esfera hura erregai tanke erraldoi batera zegoen itsatsita; hari esker gobernatzen zuten batiskafoa itsasoan behera. Behea jo eta 20 minutura utzi zuten bertan behera misioa. Eskifaiak krakateko bat entzun, eta leihatiletan pitzadurak ikusi zituen. Berehala egin zuten gora.
Ondorengo beste espedizioak
Piccard 2008an hil zen berak jarritako marka inork gainditu gabe. Pertsonek gidatutako urpekaririk ez da jaitsi berriro munduko amildegi sakonenera. Kontua da Trieste-k ez zuela kamerarik eraman irudiak grabatzeko edo argazkiak ateratzeko, eta misioak ez zuen ondorio zientifiko garrantzitsurik ukan. Eskifaiak, ordea, ur abisaletan bizia ikusi zuela esan zuen. Ontziko neurgailuak 11.521 metro jaso zituen jaitsiera mitikoan. Gero, berrikusi egin zuten datu hori, eta 11.034 metrora aldatu. Trieste 1966an erretiratu zuen betirako Armadak.
Geroztik oso jaitsiera gutxi egin dituzte Challenger sakonunera. Ez alferrik ozeanografoek diote gizakiak hobeto ezagutzen duela espazioa itsasoa baino. Ozeano guztiaren %1 besterik ez dela ezagutzen kalkulatu dute. Orain Marianetako fosa gehitu nahi dute konkistatutako erresuma txiki horretara. Horretarako, Nereus urpekari modernoa eraiki zuten, eta iaz jaitsiera arrakastatsua egin zuen hark, irudiak grabatu (hamar orduko grabazioa) eta amildegiaren hondoko laginak igo baitzituen itsas gainera, lagin biologikoak eta geologikoak.
Nereus-en aurretik Japoniako Kaiko robota hiru aldiz jaitsi zenChallenger sakonunera, 1995tik 1998ra. Azken jaitsieran robota itsasoan galdu zen betiko. Aparailu hark 10.911 metroko sakonera neurtu zuen, eta hari esker 11.000 metroko sakoneran zer-nolako bizitza egon daitekeen badakite zientzialariek. Challenger deep-eko ur ilunetan Architeuthis espezieko txipiroi erraldoiak daudela badakite. Horrez gain, Japoniako esploratzaileek zelula bakarreko 200 bizi eredu baino gehiago aurkitu zituzten, tartean planktona, bakteriak eta ur abisaletako beste hainbat espezie. Kaiko-k 10.896 metrora dagoen zorutik hartu zituen laginak. Organismo horiek sei milioi urte izango dituztela kalkulatu dute; hala balitz, historiaurreko bizitzaren arrastoak lirateke. Trieste-ko eskifaiak 1960ko jaitsieran ikusitako «bizitza» berretsi zuen, hortaz, Kaiko robotak 90eko hamarkadan.
'Nereus', aro berri bat
Andy Bowenek zuzentzen duen zientzialari taldearen sormena da Nereus, Massachusettseko itsas institutuko proiektua. «Orain itsasoko edozein leku ikertzeko moduan gara», esan zuen iaz Bowenek. Nereus aurrerapauso izugarria baita teknologian. Itsasoan behera bere kabuz ibiltzeko gai da, edo ontzi batetik gida daiteke urrutiko kontrolaz. Bietara ere zientzia alorreko tresneria darama, sakonera izugarrietara jaitsita ere argazkiak ateratzeko eta laginak jasotzeko. Krosko bikoitzeko urpekaria da, zeramikaz eraikia. Lau metro luze da eta hiru tonako pisua dauka. Krosko bakoitzaren barruan zeramikazko 800 esfera dauzka, itsas gainean zein barruan ibiltzeko. Esfera horiek presio handiei aurre egiteko gai dira. LED diodoekin eta ion-litioko 4.000 baterien bidez argiztapena eta energia lortzen du. Sakelako telefonoen baterien antzekoak darama. «Itsas esplorazioan aro berri baten hasiera finkatuko du», esan zuen harro Bowenek.
Marianetako fosa ikertzeaz gain, Nereus-ek badauzka beste zeregin batzuk. Programazioaren bidez, hainbat bidaia egingo ditu itsasoaren barrualdeak kartografiatzen, eremu handitan. Urpekaria itsas zoruan pausatzen denean beso bat ateratzeko funtzioa dauka. Harekin laginak jasotzen ditu saski batera. Nereus-ek eman ditu orain arte Marianetako fosaren argazki argienak, baita zoruaren lagin onenak ere. Zortzi milioi dolarreko kostua izan du hura eraikitzeak. Erabiltzen den bakoitzean gainera, Kilo Moana ontzi ozeanografiakoarekin batera (hark eramaten du itsasoan barneratu behar duen kokalekura) ,diru kopuru handiak behar dira.
Teknologian izugarri aurreratu bada ere, Marianetako fosara behin bakarrik jaitsi da gizakia. Piccardek eta Walshek 1960an egindako jaitsiera mitikoa ez da gainditu oraindik arlo horretan.
Fosaren sakonera
11.034
'Trieste'. Jacques Piccarden Trieste batiskafoak 11.034 metroko sakonera neurtu zuen 1960an.'Kaiko'. Japoniako urpekaria 10.911 metroko sakonera jaitsi zen 1995ean.
'Nereus'. AEBetan sortu duten Nereus urpekari modernoak 10.902 metro neurtu zituen iaz.
'HMS Challenger'. Urpekarien aurretik HMS Challenger fragata ingelesak 11.012 metro neurtu zituen ekolokalizazioaren bidez.
Marianetako fosa, munduko sakonerarik handiena
Lur planetaren kokaleku sakonena da Marianetako fosa. Gutxi gorabehera 11.000 metro dauzka beheko aldera. Ozeano Barearen Ipar-mendebaldean dago, Mariana uharteetatik gertu. Fosaren lekurik sakonenari Challenger Deep esaten diote, Ingelesen Itsas Armadaren HMS Challengerrek kokatu zuelako. Guam uhartetik hurbil dago.C letraren forma dauka fosak, eta oso handia da. 2550 kilometro luze da, eta 70 kilometro zabal. Hondoan 108,6 MPa-ko presioa dago, 1.072 atm gutxi gorabehera. Fosako urak oso hotzak dira, baina korronte beroak ere baditu, plaka tektonikoen gertutasunarengatik. Handik hidrogeno sulfuroa ateratzen da, baita hainbat mineral ere. Horri esker, bizitzak bere bidea egin du ur hotz eta ilunenetan.