Funtzio ekonomikoak betetzen zituzten jauregi horiek. Haiena zen olen, erroten eta nekazaritza lurren kontrola. Bidaztiak eta ibaiak ere kontrolatzen zituzten. «Irati, adibidez, dorrez inguratuta dago alde guztietatik», dio Asironek. Funtzio estrategiko eta defentsiboa ere bazuten, ordea, eta, horregatik, elkarrekin bisualki komunikatuta zeuden dorreak. «Nafarroa menditsuan daude batez ere jauregi edo dorre horiek, erromatarrek Saltus Vasconum deitu zuten eremu horren inguruan», azaltzen du Asironek. «Hegoalderago, hiri batetik bestea kontrola daiteke, eta, horregatik, ez dago halako jauregirik. Orbaibarren dago muga, dorre mordoa dago handik gora, eta lauzpabost baino ez handik behera».
Noblezia iturri ere baziren Asironek azaltzen duenez. «Hasiera batean, jatorrian, Nafarroan ez zegoen noblezia titulurik. Gaztelatik eta Frantziatik inportatu zituzten. Leinu dorreena zen, horregatik, hasiera hartan, noblezia iturri bakarra. 100 bat ziren, guztira, armagintza liburu batean ageri direnak, behintzat. Garai hartan Nafarroak hartzen zituen lurralde guztietako jauregiak daude bertan. Gipuzkoan, adibidez, 30 bat zeuden, eta Nafarroa Beherea zen garrantzitsuena, jauregi pilo bat daude han».
«Abarkazko noblezia» zen, halere, leinu dorreetako noblezia hura, Asironek azaltzen duenez. «Gaztelan, Andaluzian eta beste hainbat lurretan jaurgoak oso handiak ziren, baita Nafarroa osoaren tamainakoak ere zenbait tokitan. Nafarroan minifundismoa zegoen gehienbat, ordea, eta, egitura ekonomiko horregatik, jaurgoak oso txikiak izaten ziren. Geografikoki ere biztanleria sakabanatuta zegoen, eta baliabide ekonomikoak ere ez ziren handiak. Horregatik, izaeraz oso arruntak ziren jauregi horietako jaunak. Abarkazko nobleziako kideak. Gaur soldadu, baina bihar, ziur aski, baratzean arituko ziren, porruak biltzen edo».
Prozesu baten ondorioz jaso zituzten jauregiek pribilegioak Asironen ustez. «Hasiera batean, paper militarra eduki zuten jauregi horiek, eta, gero, pribilegio horietatik eratorrita sortu ziren kategoria juridikoa eta pribilegio ekonomiko, sozial eta erlijiosoak. Bizitza horretan eta bestean. Izan ere, jauregietako kideek eskubidea zuten elizan toki nabarmen batean lurperatuak izateko. Eskubide politikoak ere bazituzten, gorteetara joateko, baita militarrak ere, beren lurraldeko jendea mobilizatu baitzezaketen».
Dorreen arteko gudak
Guda zibilen iturri ere izan ziren leinu dorre horiek, Asironek dioenez. Karlos III. erregea hil zenean, bi bando sortu ziren Nafarroan: beaumontarrak eta agramontarrak. Vianako printzearen alde egin zuten beaumontarrek, eta Vianako printzearen aitaren alde agramontarrek, Juan II.aren alde. Noblezia guztia bitan banatu zen. Agramontarrak gailendu ziren, eta, gatazka haiek sorturiko nahasmena baliatuz, menpean hartu zuen Nafarroa Gaztelako erresumak, 1512an, Beaumontarren laguntzarekin. Asironek dioenez, baina, dena ez zen hain sinplea izan, eta badira kontuan izan beharreko ñabardurak. «Latsagako leinu dorrekoak, adibidez, Beaumontarrak ziren, baina erresumaren eta independentziaren alde egin zuten».
Gaztelarrek Nafarroa menderatzean errege gazteluak txikitu egin zituzten. «Orain gutxira arte non zeuden ere ez genekien», dio Asironek. Dorre asko zutik gelditu zirela dio, halere. «Gaztelarrek monarkiaren eta defentsa eraginkorraren aurka jo zuten, eta horregatik txikitu zituzten gazteluak. Gero, ordea, saiatu egin ziren hemengo noblezia berenganatzen, eta oso argiak izan ziren horretan. Eskuzabalak izan zirela esan dezakegu». Gehienbat etsaitzat jotakoen dorreak hondatu zituzten. «Agramontarrek haien kontra jarraitzen zutela ikustean, suntsitu egin zituzten gaztelarrek haien dorreak. Erre egin zituzten, adibidez, Zozaia eta Azpilkueta. Beaumontarrenak dira,horregatik, hobekien kontserbatzen diren dorreak».
Asironen ustez, ezagunak dira leinu dorreak, «ikusgarriak direlako, eta hor daudelako», baina oso gainetik baino ez. «Ez dakigu haien esanahiaz askorik, zer garrantzia izan zuten, jabeen historia..., eta pena bat da. Gauza puntualak dakizkigu, baina loturarik gabe. Askoz ere gehiago jakin behar genuke. Ezagutzen ditugu el Cid Campeador, Maldonado eta Guzman el bueno, baina ez ditugu ezagutzen Latsagako Pierres, Urizko Rodrigo eta Nafarroako Pedro, eta pena da».
Bi adibide
Uriz jauregiaErregea askatu,eta erregeak hil zuen ikazkina
Artzen dago Uriz jauregia (Nafarroa), eta dorreen artean sinpleenetarikoa da. Oso ongi definitzen du leinu dorreen izaera xumea. Garrantzitsua izan zen, halere, artiedatarren orubearekin elkartu baitzen, eta Agoitz inguru guztia menperatu zuten bi leinuen artean.Urizko Rodrigo izeneko jauna izan zen jauregi honetako kiderik famatuena. Misio diplomatiko frankotan hartu zuen parte, eta Karlos II.aren konfiantzazko gizona izan zen denbora batez. Frantziaren aurka aritu zen borrokan, eta hura izan zen Nafarroako erregea frantsesen eskuetatik askatu zuen nafarretako bat. Ikazkinez jantzita sartu zen Rodrigo jauna Arleux gaztelura, eta, beste hiru lagunen laguntzaz, eta gotorlekuko nagusia hil ondoren, erregea askatu zuten. Ez zen beti erregearen begiko izan, ordea, eta exekutatuta hil zuten, 1377an, traidore izatea egotzita.
Latsaga jauregia
Albania eta aita santua ezagutu zituen txanbelana
Izuran dago Latsaga jauregia, eta, adituen hitzetan, Nafarroa Behereko leinu dorreen sintesia da. Beaumontarren alde lerratu ziren bertako jaunak, eta, beraz, teorikoki onartu egin behar zuten Gaztelaren inbasioa. Ez zen hala izan, ordea, eta erresumaren defentsaren eta independentziaren alde agertu ziren.Latsagako Pierres da bertako pertsonaiarik ezagunena, Karlos II.a eta Karlos III.aren txanbelana izan baitzen. Nafarren Albaniako kanpainako partaide ere izan zen, eta, beraz, Durazzo hiriburua hartu zutenetako bat ere bai. Erregearen anaia eta espedizioko buru zen Luis hil zenean, Pierres izan zen kanpainaren ardura hartu zuten lau kideetako bat. Grezian ere aritu zen mertzenario, eta aita santuaren gortera ere joan zen enbaxadore.