Abereak hilak ditugu, eta bizkitartean, bizia babestu eta promozionatu nahi dugu». Horrek dakarren kontradikzioa ez du ukatzen Baionako Historia Naturaleko Museoko arduradun Eric Guihok. Hori baita horrelako museoen berezitasuna: fauna disekatu eta belar bilduma gisa antolatu landareak izatea ikusgai. Eta hala antolatua da Baionan estreinatu berri dutena ere. Naturaren erdian dago, Ansot ordoki bustian.
Naturazale porrokatua den bretoi honek ez ditu, halere, argumentuak eskas abereen alde egiteko. Hasteko, ez dituzte espresuki hil museora ekartzeko, ez bada koipua, ehizatzen dena, «bazterrak xintxikatu eta eritasunak ekartzen dituelako». Badira basurde eta orkatzak ere, haiek ere ihiziari esker eskuratuak.
Gehienetan jendeek ekarriak dira bertako abere disekatuak. Bide bazter edo ibilaldietan gaindi aurkituak. «Edozein gisaz, ez baditugu biltzen, galtzen diren informazioak dira horiek guztiak», gaineratu du Guihok. Hiru baldintza ezinbestekoak dira, haatik, museoak gorputzak errekuperatzeko: azala ez da andeatua izan behar, eta non eta noiz aurkitu den zehazteko gai izan behar da.
Horrelako bildumak iturri zientifiko biziki garrantzitsuak dira, arduradunaren ustez: «Iraganeko eta gaur egungo bioaniztasunaren lekukotasun bat da», laburbildu du Guihok. «Abere bat duela 50 urte hemen existitzen zela froga dezakegu horrela. Eta gaur egun ez bada gehiago aurkitzen, horrek erran nahi du hemendik desagertu dela. Horrez gain, abere horiek genetikoki aztertzen ahal ditugu. Zati txiki bat hartu eta hor jakiten ahalko dugu aberea aldatu den urteekin».
Urtez urteko aitzinamendu bat aztertzeko aukera bat, beraz. Alde horretatik, Baionak zortea badu, bere erreserbak aspaldikoak baititu. Izan ere, museo hau estreinatu berria bada ere, bere baitako erreserbaren jatorria 1856a du. Urte hartan eraiki zuen lehen museoa Ulysse Darracqek (1785-1872), San Izpiritu auzoko botikariak. Jadanik milaka abere eta landarek osatzen zuten erreserba, eta hiltzerakoan, bilduma osoa eman zion Baionako Udalari. Museoa 1949ra arte irekia atxiki eta geroztik zerraturik zeukan udalak. Laugako gazteluan bilduak egon dira abere guztiak urte luze horietan. Publikoak ezin zituen ikusi. Gaur egun, 20.000 pieza dituzte, arte horretan 5.000 landarek osatu bilduma, 1.500 txori, beste anitz ugaztun, arrain, fosil, txirla eta beste. 2.400.000 euroren truke dute Ansot ordoki bustiko baserri ohia berrantolatu ahal izan. Erreserba horietan oraindik lan handia daukate, inbentario bat egin beharra baitute.
Behin betiko erakusketan erreserba horren zati biziki txiki bat diote aurkezten publikoari. Lekuan berean aurki daitezkeen fauna eta flora hobetsi dituzte.
Lehen partean bartetako eremuetako fauna eta flora dute aurkezten. Bartak ordoki bustiak dira, laborantzarako mendeetan erabili guneak. Itsasoaren mareen eraginez errekan izaten diren uraren goititze eta beheititzeak kontrolatzen ditu ubideen bidez, eta ubide horietan hesiak jartzen dituzte. Ansotekoa bezala, beste anitz baziren lehen. Orain, horietako gehienak desagertuak dira. Komertzio anitz eraikitzeko erabili dituzte. Ansot bera leku babestua izendatu eta horri esker ehun hektarea zaindu ahal izan dituzte. Bartek nola funtzionatzen duten erakusten du museoko lehen parteak, hain zuzen. Behin museoan ikusi eta, kanpora atera eta hortxetan ikus daiteke barta zer den. Hortxetan baitira. Gainera, biologikoan dagoen laborari bat ere ari da lanean museoaren ondoan. Eta txorien behatoki bat ere emana dute hurbil. Lekuaren zaindariak zaldiz ibiltzen dira alde batetik bestera. Hots, fauna hilak baldin badira museoaren barnean, kanpoan badira zernahi bizirik direnak, baina ikusteko pazientzia handiagoa behar.
Zuhaitzei buruzko erakusketa
Museoaren bigarren egoitzan, itsasoaren eraginpeko Pirinioetan gaindi aurkitzen diren fauna eta flora dituzte ematen ikustera. Horietako zenbait espazio horretan bakarrik bizi dira. Horien artean, XIX. mendearen hasierako hartz bat dago, egiazkoa hori ere. Museoan gaindi, batzuetan egiazko abere hilak daude, besteetan argazkietan dira eta noiztenka moldaketa batzuk dauzkate, egiazkoak diruditenak. Baina horrelakoak ez dira anitz, moldaketak egiazkoak kontserbatzea baino anitzez garestiago ateratzen baitzaizkie. Guztiak aurkezteko, bisitan zehar aurkeztuak diren guztien izenak euskaraz badira, gainerateko testu guztiak frantses hutsean dira, eta animaziorik ere ez dute proposatzen euskaraz.
Anartean, helburu pedagogiko argia dauka museoak. Eta horretan ere disekatutako abereek beren garrantzia ukan dezakete, arduradunaren ustez: «Egiazko mihura beltz bat hemen ikusi eta naturan berriz ikusiko duzuelarik jakinen duzue zer den. Batzuetan ezusteak ematen ditu. Koloreetan, neurrietan... Eta horrek agian errespetatzera bultzatuko zaitu». Natura babestu, hori biziki inportanta zaie museokoei. Atal berezi bat ere antolatua dute naturaren bilakaeran gizon eta emazteek ukan duten eraginean.
Gune bat atxiki dute behin-behineko erakusketentzat ere. Eremuak erreserbetan dauzkaten elementuak publikoari erakusteko aukera ematen die. Memento honetan zuhaitzari buruzko erakusketa daukate. Agorril erditsu arte egonen da hor. Hainbat artistaren zurezko eskulturez gain, Baionan zehar aurki daitezkeen zuhaitzak hobeki ezagutzeko aukera emanen dute.
EZARIAN. NATURA. Bizia, hilek esplikatua
Baionako Historia Naturaleko Museoa Ansot ordokiko gune babestura ekarri, eta osoki berrantolaturik estreinatu berri dute, 60 urtez hetsia atxiki ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu