EZARIAN. NATURA. Historia naturala, inoiz baino naturalago

XIX. eta XX. mendeetan sortuak, gaur egun ere bisitari kopuru handia dute hainbat hiriburu handitako historia naturaleko museoek; pixkanaka, ordea, geroz eta ugariagoa da animaliak beren ingurunean ikusteko joera.

jon ordonez garmendia
Donostia
2010eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Historia luzea dute historia naturaleko museoek Europan eta AEBetan, eta gaur egun atzean geratu direla badirudi ere, bisitari kopuru handia jasotzen dute. XIX. mendean eta XX.aren hasieran sortu ziren, Europako eta AEBetako hiriburu nagusietan. Beste garai bat zen, nahiz eta, Baionako ereduak erakusten duen moduan, orduko metodologia oraindik baliagarria izan. Orduko horretan, munduaren kolonizazioaren eraginez, potentzia handiak herrialde asko ustiatu zituzten industrializazioaren aroan, eta ez soilik ekonomikoki; biologo eta geologo ugarik menpean bizi ziren herrialde horietako altxorrak euren metropolietara ekarri zituzten, eta gaur egun ere horren erakusgarri dira, besteak beste, Londres, New York, Dublin, Bonn, Paris, Milan eta Florentziako historia naturaleko museoak.

Londreskoa da munduko historia naturaleko museoen artean aipagarriena. 1873. eta 1880. urteen artean sortu zen, Britainiar Museoaren atal moduan, hezurdura, landare eta fosil erakusketa bat hartzeko. Pixkanaka, ordea, mundu osotik eramandako espezie eta objektuak bildu dituzte, eta gaur egun 70 milioi espeziek osatzen duten bilduma du. Botanika, entolomogia, mineralogia, paleontologia eta zoologia atalak dira aipagarrienak. Azken atal horretan, hain zuzen, Londreskoan eta besteetan ohikoa da XIX. eta XX. mendeetan hildako animaliak erakustea.

Baionako Ansot ordokiko Historia Naturaleko Museoak ere baditu animalia hilak. Geroz eta joera txikiagoa da, ordea. Gizakiak naturaren inguruan duen ikuspegia aldatzen ari da, eta pixkanaka, batez ere animaliei dagokienez, espeziea bera bere bizilekuan ikusteko aukera ematen duten museo biziak ari dira lekua egiten. Teknologia aurrerapenek zerikusi handia dute joera horretan. Izan ere, gaur egun lehoi bat etxeko egongelan ikus daiteke telebistari edo Interneti esker, bere ingurunetik atera eta lastoztatu behar izan gabe.

Historia naturaleko museo batean orain dela ehun urteko hildako elefante bat ikusi beharrean, edo bizirik dagoen bat zoologiko batean kaiola batean sartu beharrean, animaliak aurrez aurre ikusteko joera nagusitzen ari da XXI. mendean, animaliaren inguruneak ere osatzen duelakoan animaliaren izaera. Aisialdian ere eko-turismoaren zabaltzeak eta horren kontzientziak bultzatu du: herrialde aurreratuetako biztanleek gaur egun dituzten bidaiatzeko erraztasunen ondorioz, geroz eta handiagoa da, esate baterako, Argentinara edo Hego Amerikako beste herrialderen batera baleak eta bestelako animaliak ikustera joateko joera.

Hezeguneak Euskal Herrian

Euskal Herrian ere ugarituz doaz animaliak bizirik ikusteko modua ematen duten azpiegiturak. Azken urteetan batik bat hegaztiak ikusteko eta hegaztien gainekoak ikasteko behatokiak egokitu dira hainbat hezegunetan. Urdaibain Bird Centre (Hegaztien Zentroa) izeneko behatokia dago. Hegaztien migrazioetan atsedenleku izanik, behaketak egiteko etxetxo bat jarri zuen iaz Bizkaiko Aldundiak, eta ikerketarako gune izateaz gain, dibulgaziorako ere izatea nahi dute. Araban eta Gipuzkoan ere ez da horretarako aukera falta; hurrenez hurren, Salburuako hezeguneko interpretazio zentroan eta Plaiaundiko Parke Ekologikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.