EZARIAN. NEANDERTHALGO GIZAKIAREN GENOMA. «Gure gizaki tasuna ezagutzeko bide bat da Neanderthalgo gizakia»

Max Planck Institutuko giza eboluzioaren departamentuan egiten du lan Joseba Rios algortarrak. Paleolito garaian aditua, Neanderthalgo gizakiak garaiaren eta kokapenaren arabera portaera ezberdinak zituela dio.

Irune Lasa.
2009ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Leipzigen egiten du lan Joseba Riosek (Algorta, 1976), Eusko Jaurlaritzaren doktoretza ondoko bi urteko bekarekin. Eta ezagutzen du Neanderthalgo gizakiaren genoma ikertzen ari den ikerketa taldea, Max Planck Institutukoa delako, genetika departamentukoa, Svante Paabok zuzendutako taldea. Riosek, besteak beste, Erdi eta Goi Paleolitoko suharrigintza ikertzen du, hots, Neanderthalgo gizakiaren eta Homo sapiens izenekoa agertu zen garaiko harri tresnak, haiek egiten zituztenen gizarteak ezagutzeko. Euskal ondare arkeologikoaren ezagutzan eta babesean jarduten duen Harpea Kultur Elkarteko kidea ere bada.

Arkeologo baten ikuspegitik, zein da Neanderthalgo gizakiaren genoma sekuentziatzearen garrantzia?

Oso garrantzitsua da, azken 20-30 urteetan arkeologiaren munduan oso debate sutsua izan baita jakiteko gu nondik gatozen. Batzuek uste izan dute Neanderthalgo gizakia gure arbaso zuzena dela; beste korronte batek dio gu Afrikatik gatozela eta ez daukagula lotura zuzenik Neanderthalgo gizakiarekin. Azken urteetan frogatu ahal izan da bi espezie desberdin garela, ez dugula lotura zuzenik. Neanderthalgo gizakiaren arbasoak Afrikatik iritsi ziren, eta gero, orain dela 40.000 urte inguru iritsi zirela gure arbasoak Europara. Horregatik da garrantzitsua genetikaren aldetik desberdinak garela ikustea.

Neanderthalgo gizakia eta Homo sapiensa nahastu ziren ala ez ere eztabaidan dago.

Honek ere lagundu dezake hori argitzen; ea posible izan zen bi espezieen arteko nahasketa. Beti egon da ideia hori, kontaktuak egon zirela. Zenbateko ezberdintasun genetikoa daukagun oso garrantzitsua da jakiteko nahasketa izan zen ala ez.

Alegia, ez da argituko nahasketa egon zen ala ez, posible zen baizik.

Hori da. Giza arrasto oso eztabaidatsu batzuk izan dira, nahasketa horren frogatzat aurkeztu zirenak. Baina gaur egun iritzi zabalduenak dio nahasketarik izatea ez zela posible.

Paaboren taldeak erabilitako laginen 'garbitasuna' auzitan jarri izan da, baita haren metodoa ere...

Hori normala da, diziplina hauek ez direlako erabat perfektuak; denborarekin perfekzionatuz joan dira. Posible da iraganean kutsadura batzuk gertatu izana, edo protokoloak ez izatea aproposenak. Baina akatsen bidez ere asko ikasten da. Orain ere ez dute agian metodo perfektuena izango, baina bai ziurtasun handikoa.

Zer dauka Neanderthalgo gizakiak hain erakargarria izateko jende askorentzat?

Gure gizaki tasuna ezagutzeko, alderatzeko, bide bat da. Beste gizaki espezie bat ikusteko aukera ematen du. Neanderthalgo gizakiarengan aukera daukagu ikusteko zein ezberdinak garen, eta zein berdinak ere. Beti izan dira galdera horiek, ezta? Nondik gatozen, zelakoa den gizakia... Neanderthalgo gizakiari esker gauzatxo batzuk frogatu edo azter ditzakegu, jokaera aldetik, gizarte antolakuntzaren aldetik...

Basatiak, itxura primitibokoak egiten zaizkigu... Baina, adibidez, gurea baino garun handiagoa omen zuten.

Egia esanda, bere garaian portaera aldetik oso anitzak ziren. Adibidez, Ekialde Hurbilean ia ezinezkoa da bereiztea zer egiten zuen Neanderthalgo gizakiak eta gure espezieak. Nik denboraren joanean ikusi dudanez, oso portaera konplexuak zituzten, gure antzekoak, baina agertzen dira desberdintasunak, adibidez portaera sinbolikoan.

Pentsaera sinbolikoa omen zuten.

Ea... Nik uste dut baietz. Euren gizartearen konplexutasuna ikusita, horren atzean egon behar zuen pentsaera sinbolikoa. Kide batzuk kobazuloetan hilobiratzen zituzten. Baina ez daukagu inongo arrasto materialik, eta aldagai hori oso garrantzitsua da arkeologo batentzat. Ez daukagu pinturarik... Apaingarri batzuk egon badaude, baina Neanderthalgo gizakiaren aldiaren amaierakoak dira, eta ez dakigu horien agerpenaren atzean ez ote dagoen bi espezieen kontaktua edo... Egia da ere 100.000 urtean Neanderthalgo gizakiek ez zutela apaingarririk egin. Eta egia da gure espezieak ere ez zuela egin. Baina guk badakigu badaukagula portaera sinbolikoa.

Eta, zuk, zergatik uste duzu baietz?

Gauza oso konplexuak ikusten ditut haien antolakuntza ekonomikoan. Horrek esan nahi du atzean antolakuntza sozial bat zegoela, eta horietan beti dago zer edo zer sinbolikoa. Agian ez da erlijio bat, edo pentsamendu oso abstraktua, baina badago zerbait sinbolikoa. Gizarte antolatu batean rol ezberdinak egongo ziren, eta horietan parte sinbolikoa.

Zientzialariak oso adi omen daude Neanderthalgo gizakiaren genoman hizkuntzarekin zuzenean lotutakogene bat topatzen duten ala ez. Hizkuntza erabiltzen zuen argitzeko dago oraindik?

Aurrekoaren ildotik, nire ustez, antolakuntza konplexua baldin badaukazu, hizkuntza behar duzu komunikaziorako. Froga batzuek hizkuntzaren bat bazutela adierazten dute. Nolako hizkuntza? Ez dakigu. Nik uste dut hizkuntzaren bat bazutela.

Besteak beste, garai hartako suharrien 'industria' ikertzen duzu. Topatu duzu ezer deigarririk?

Beti aurkitzen dituzu gauza deigarriak. Adibidez, azken hamar urteetan demostratu dugu Neanderthalgo gizakiak pentsatzen genuena baino gehiago mugitzen zirela. Axlorreko (Dima) kobazuloan topatu ditugu Trebiñotik, Urbasatik eta Barrikatik ekarritako suharriak. Horrek esaten digu haien eremua zabala zela. Ehizatzeko puntak topatu ere ditugu, armamentu konplexua zutela erakusten dutenak...

Ekialde Hurbilean portaera jakin batzuk izan zituztela esan duzu. Euskal Herrian edo Kantauri itsasertzean bazuten molde berezirik?

Horri buruz oso garrantzitsua den gauza bat azpimarratuko dut: Beti esan izan da Neanderthalgo gizakiaren portaera berdina izan zela denboran zehar eta eremu geografiko guztietan. Guk Kantauri aldean aldakortasuna ikusten dugu, egoera desberdinak Europako beste toki batzuekin alderatuta, baita Kantauri isuriaren barnean ere. Portaera ezberdinak zituzten eta horrek esan nahi du ez dagoela Neanderthalgo gizakiaren portaera bakar bat; gizarte ezberdinak ziren portaera ezberdinekin.

Kultura desberdinak?

Bai; esan dezakegu hori. Gu bezala. Eta hori oso garrantzitsua da, beti pentsatzen baita Neanderthalgo gizakia hor zegoela, beti gauza berdinak egiten. Frogatu da hori ez dela horrela.

Eta zein berezitasun zituzten hemen? Adibidez, desberdinak ziren Urbasakoak eta kostaldekoak?

Adibidez, Axlorren eta Arrillorren sekuentzia luzeak ditugu, 20.000 urte hartzen dituzten maila desberdinak.Eta hor berezitasunak ikusten ditugu. Horrek esan nahi du toki berean Neanderthalgo gizakiaren talde edo gizarte desberdinak egon direla.

Eta zertan ziren desberdinak?

Toki batzuetan sua egiten zuten kobazuloetan, ehizatzen zituzten espezie batzuk eta beste batzuk ez, harri tresnak hala edo horrela egiten zituzten, aldi batzuetan gehiago mugitzen ziren, eta beste batzuetan ez hainbeste... Ezberdintasun oso nabarmenak dira ezaugarri askotan.

Kanibalak zirela ere esan da.

Nik ez dut ikusi inongo frogarik. Egia da Europako aztarnategi batzuetako aztarnek diotela hezur horiek gizakiak tratatuak izan direla, ebakiengatik eta abarrengatik. Horrek esan nahi du kanibalak zirela? Agian bai. Baina izan daiteke beste aukera bat ere: agian hilobiratzeko erritual bat zen. Dena den, horrekin ezin daiteke kanibalak zirela esan. Gero, beste aukera bat ere badago: agian batzuk kanibalak ziren eta beste batzuk ez. Gu bezala.

Deigarria da, egunero 5.000 kaloria behar omen zituzten.

5.000 edo pixka bat gehiago. Hori esaten dute, eta, nire ustez, ondo demostratuta dago. Horrek esan nahi du janari piloa behar zutela. Haien dietaren azterketetatik badakigu, ia haragia bakarrik jaten zutela, leku batzuetan behintzat.

Zenbat denboraz bizi izan zen Neanderthalgo gizakia Euskal Herrian?

Momentu honetan 100.000 urte baino zaharragoak diren aztarnategi gutxi dauzkagu Euskal Herrian: Lezetxiki, Irikaitz eta Arlanpe. Ia ziur esan dezakegu duela 200.000 urtetik bizi izan zirela hemen. Uste da Neanderthalgo gizakia orain 300.000 urte agertu zela Europan, eta pentsa daiteke ordutik egon zirela Euskal Herrian. Eta arrasto berrienak Arrillorkoak dira eta 37.000 urte dituzte. Beraz, bitarte horretan egon zen Euskal Herrian.

Genomak argitu ote du Neanderthalgo gizakia nola desagertu zen? sapienszeritzonarekin borrokan desagertu ote zen...

Nahasketa ezinezkoa izan zela argitzen bada, horrek gauza asko azalduko ditu. Baina nik ez dut uste Neanderthalgo gizakiaren desagerpenaren erantzuna genoman egongo denik. Ez dut uste genetikoki bideratutako desagerpen bat izan zenik.

Espezie berriaren etorrerak eragindako presioa izan zen, orduan?

Gertalekua oso konplexua da. Tarte luzean gertatu zen eta ziur asko gauza asko jazo ziren, klima aldaketak, beste taldeekin topaketak, barneko arazoak... Arrazoi anitz egongo ziren. Nik ezin dut arrazoi bakarrarekin azaldu.

Posible da bi espezieak Euskal Herrian aldi berean bizi izatea?

... Egia esan, ez dakit zer esan... Posible izango zen. Baina kronologia aldetik gertalekua ez da nahikoa zehatza. Karbono 14aren froga, esaterako, ez da oso zehatza 30.000 urtetik gorako datazioetan. Gero, Arrillorren (Zigoitia, Araba) duela 37.000 urteko Neanderthalgo gizakiaren aztarnak ditugu, eta gure espeziearen arrasto batzuk Isturitzen duela 36.000 urtekoak.

Noizbait argituko da misterio hori?

Horrelakoa da zientzia. Ziurrenez ideia baten inguruan akordio bat lortuko da eta gero beste batzuk etorriko dira hori eraistera. Datu batzuk zehatzak izaten dira, baina interpretazioak alda daitezke.

Zientziarekin Neanderthalgo gizakiaren klonazioa ere iritsiko omen da.

Ez dut uste. Eta ez dut ikusten zergatik klonatu behar dugun.

Hark ez digu esango zer gertatu zen orain 40.000 urte...

Ez du inongo erantzunik edukiko.



Gure ahaide gertukoenarekin nahasketarik ez zela izan dio haren genomaren zirriborroak

Svante Paaboren taldeak urtea bukatu aurretik izango du Neanderthalgo gizakiaren genoma osoa
I. Lasa Donostia

Kroaziako Vindija leizean topatutako hiru fosiletatik ateratako DNAren 3.000 oinarri paretik gora sekuentziatu ditu nazioarteko zientzialari talde batek Alemaniako Max Planck Institutuak koordinaziopean, eta aste honetan aurkeztu du Neanderthalgo gizakiaren genomaren zirriborroa.

Asturiasko El Sidronen (Espainia), Errusiako Mezmaiskaian eta Alemaniako Neanderren topatutako arrastoen laginak ere erabili ditu taldeak bere lanean. Neanderthalgo gizakiaren genomaren %60 osatuta, zenbait ondorio jada aurreratu ditu Svante Paabok, ikerketa taldearen zuzendariak. Paaboren arabera, baztertu daiteke gizaki modernoa eta Neanderthalgo gizakia gurutzatu zirenik. «Egungo gizakiaren aldakortasun genetikora ekarpenik egin bazuten, oso-oso txikia izango zen».

Gizaki modernoaren eta Neanderthalgo gizakiaren arteko harreman ebolutiboa ulertzeko bidean, oso lagungarria izango da gure ahaide hurbilenekoaren genoma ezagutzeko. «Betiko ametsa izan da haien ADN ezagutzea. Orain jakingo dugu zerk egiten gaituen gizaki (moderno)».

Bai, gizaki modernoak, baina Neanderthalgoak Foxp2 gene bera omen daukate, txinpantzeak ez bezala. Gene hori mintzamenarekin eta hizkuntzarekin lotuta dago. Paaboren ustez, «ez dago arrazoirik Neanderthalgo gizakiak guk bezala hitz egiteko gaitasunik ez zuela pentsatzeko». Baina zientzialariaren arabera, «mintzamenarekin lotutako beste hainbat gene daude, eta horien ikerketa falta da».

Hainbat neurri hartu dituzte laginak beste DNAren batekin kutsa ez zitezen. Besteak beste, sekuentziazio liburutegiak esterilizazio baldintzapean ekoitzi dituzte. Erradiaktiboki markatutako DNA kantitate txiki-txikiak erabilita, gramo erdi hezur soilik nahikoa izan dute 3.000 oinarri pareko zirriborroa ekoizteko. Neanderthalgo gizakiaren genoma osoa urtea amaitu aurretik osatzea espero du Paaboren taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.