EZARIAN. Non dago ipurtargia?

Arantzazutik Urbiarako ibilbidea Gipuzkoako ibilienetakoa izango da, eta, halaber, samurrenetakoa goiz-pasa bat egiteko. Edonola ere, berez ez luke interes berezirik izango ibilbidearen kontakizunak, baina sarri gertatu ohi da ibilaldi labur batek ere pasarte gogoragarriak izatea, eta ondokoa da horietako bat.

2009ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Arratsaldeko ordu biak izango ziren Arantzazura heltzerako, baina, ustez, ez nuen presa handirik, eguraldi argitsua baitzen. Pentsatzen nuen arratseko bostetarako berriro bueltan izango nintzela. Horregatik, patxada osoz ekin nion naturaz gozatzeko aukerari, alde batera utzita hara eta hona bizi-bizi ibiltzeari.

Honi eta hari argazkiak ateratzeko beta hartu nuen: Arantzazuko gune esanguratsuenei, bideko zuhaiztiei, iturri, lore eta intereseko harrapatzen nuen orori; jolas batean aritu nintzen argazki kamerarekin; orain motxilatik atera, gero berriro sartu; hori hamaika bider egin nuen ibilaldi osoan. Arnasa sakon hartzeko pausaldi ugari ere egin nuen, dagoeneko ez baitaukat motorra beroaldiak emateko egoeran. Gorantz egiten nuen zati luze bakoitzean, geraldi bat egin, eta edozer zen argazkigai. Beraz, minutu batzuk galtzen nituen askorik kezkatu gabe.

Urbiako sarrerak bidea zabaldu zion nire irudimenari, aspaldi ez bainintzen horrelako paraje ikusgarri eta miresgarri batean izan; natura zabal-zabal agertu zitzaidan begiek harrapa dezaketen ikusmira osoan. Jakina, ezin izan nion muzin egin nire begietatik sartzen zen guztia argazki kameran islatu gabe, eta behin eta berriro sakatu nuen klikagailua, guztiak erabateko dotoretasuna izango balu bezala: sarrerako baseliza; behorrak nolanahi eta beren gibeleko paisaia zabaltasunez hartuta; errekastoa, harrespilak; gerritik gora biluzik ziharduen korrikalari bat, oso fresko egin arren, eta Aizkorri mendilerro zuri-zuria, bere biluztasunagatik.

Arratsaldeko bostak baziren, eta ni, hantxe, paradisuaren erdi-erdian, naturak eskaintzen zidan gozatuarekin erabat mozkortuta.

Eguzkia ezkutatzen hasi zen pagadien artetik, baina oraindik argi zegoen. Horregatik, goialdeko bordetara jo nuen, behar adina geldiune eginik, eta, jakina, haiei ere argazkiak atera behar, denek baitzuten zerbait gustuko niretzat: borda pare batek eguzki plaka zuten, beste batek sarrera berezia, beste batek erabateko dotorezia... eta han ere, behor modeloak belar janean. Ardirik ez zen, ezta artzainik ere, baina han irudikatzen nituen beren artzain lanetan. Astia ere hartu nuen hantxe bertan mokadu bat egiteko, beno... eraman nuen guztia triparatu nuen, niretzat denborak inolako garrantzirik izango ez balu bezala.

Itzultzeko garaia zela iritzi nion, bestela bete-betean harrapatuko ninduela ilunak, eta mendian beti da arriskutsua iluntasuna. Hala ere, ezin alde batera utzi azken argazkiak ateratzeko abaguneari. Izan ere, hain zoragarria zen mendien goi siluetan eguzkiaren desagertzea, minutu batean hamarren bat argazki atera bainituen. «Ene, makila ere han behean utzi diat. Maite diat, bada, makila hori; zer arraio, bila joango nauk». Atzera egin nuen, eta nengoen lekutik kilometro erdira-edo aurkitu nuen; eskerrak!

Beherantz abiatu nintzen, eta urratsak egin ahala, goialdeko argitasuna pagoek estaltzen zutela ohartu nintzen, gauak harrapatu ninduela alegia. Gainera, zerua urdin-urdin izan arren, ilargia ez zen present. Nolanahi ere, bidea aski garbia da eta berari jarraitzeko aukera ematen du.

Kontua da, ordea, ez nintzela inoiz hain ilunpean ibili mendian eta kezkatzen hasi nintzen pitin bat. Paraje hartan bizi eta ibil daitekeen guztia sentitu eta entzuten nuen; batez ere, hontzak. Zenbat eta beherago egin, orduan eta gutxiago ikusten nuen. Kasik kozkorrik ikusten ez nuela, zeruari behatu, eta orduan hasi nintzen ohartzen izarrek gida nintzaketela Arantzazuraino; ez nuen sekula haien beharrik sentitu, soilik zerua apaintzeko zirelakoan bainengoen.

Bidearen zola, ordea, ez nuen ikusten eta arrastoa galtzeko zorian nengoen, edozein bidegurutzek nahasten baininduen. Pentsa, agian gaua han pasa beharko nuela ere hasia nintzen pentsatzen, baita nire burutazioak ozenki adierazten ere: «Babalorea nauk, lehentxeago jaisten hasi besterik ez eta han aritu nauk ume lerdo bat bezala denbora galtzen. Tira... okerrenean, janzteko arropa bazeukaat eta zer egingo zioagu ba, babesean geratu eta kito». Kontua da, ordea, gertu izan behar zuela Arantzazuk, eta nola geratuko nintzen, ba, handik metro batzuetara, inuzentetzat hartuko ninduten.

Harri kozkorrez beteriko bide zatian sartu nintzen, eta lau urratsetik batean gaizki zapaltzen nuen; hura gerriko tiratuak, zein baino zein mingarriagoak, ene!Etxera ailegatzen banintzen bizpahiru eguneko oinazea izango nuela pentsatzeak entretenitzen zuen nire bakarrizketa. Txizagura handi samarra ere banuen, baina nola gelditu, segundoek ere garrantzia zuten estutasun hartan eta! Baina, orduan ere neure buruarekin ados ez, eta: «Tira, gizona, soilik falta zaik txiza galtzetan egitea, zoratuta hago». Geratu, eta egin beharrekoa egiten ari nintzela, inoiz baino ozenago entzuten nuen txiza parrastadak orbelaren kontra talka egitean ateratzen zuen zarata.

Berriro zeruari begiratu, eta aurrera ahal nuen bezala. Orduan egin nion neure buruari gaueko galderarik mamitsuena: non daude ipurtargiak? Ez al dago ipurtargirik inon? Harrigarria! Laguntzeko behar, eta haiek lotan! Edo erabat desagerrarazi ditugu?

Sakelakoa, esku-argi

Bat-batean, mugikorraren teklaren bat zapaltzean ohartu nintzen mugikorrak argia zuela, eta beherantz bideratuta hobetoxeago ikus nezakeela bidea, eta halaxe izan zen; horrek lagundu ninduen harri kozkorrak ez zapaltzen, eta, bide batez, bidean zuzen joaten. Gainera, ezbeharren bat gertatuz gero, deiren bat ere egin nezakeen, baina hori pentsatze hutsak lotsa ere ematen zidan.

Nire burutazioetan murgildurik nindoala, noizbait Arantzazuko argiteria begiztatu nuen, baita lasaitua hartu ere. Metro batzuk egin, eta ibilbideari oraindik beste tentsio une bat ezarri nahian edo, beldurrezko filmetan bezala, okerreko lekura irten nintzela pentsatu nuen: «To, falta zitzaidana». Baina, ez, handik gertu, gorakoan ikusitako ataka bera hantxe zegoela ikusi nuen.

Bizi-bizi bideari jarraitu, eta Arantzazuko monasterioaren aurrez aurre nengoen. Egia esanda, Arrosaren izena filma etorri zitzaidan burura hura ikusita. Han imajinatu nituen fraideak gaueko jardunean, auskalo zer egiten. Aipaturiko film horretan bezala bizi ote dira orain gauetan?

Oinetakoak aldatu, inguruko argiei eta izarrei so egin, arnasa sakon hartu eta etxerat. Aldapan behera nindoala, lehentxeago egin galdera bertsua egin nion neure buruari: ba ote da ipurtargirik?

Gogoeta bat ere eragin dit kontatutakoak, horrelakoetan beti ikasten da zerbait. Izan ere, motxila eramanez gero, ez da gehiegi kostatzen estutasun une batean beharrezkoak gerta daitezkeen tresnak eramatea ohikoez gain; besteak beste, esku-argi bat, sakelakoa eta, jakina, barruko arropa arinak baina berogarriak.



Saridunak

Hau da 2009. urteko Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako sariak banatzeko unea. Beste urte batzuetan baino idazlan gutxiago heldu dira, baina hobeak dira, eta epaimahaiak zalantza asko izan ditu sariak zein lani eman erabakitzeko orduan. Bihar bigarren sariaren irabazlearen lana argitaratuko da, eta etzi, abenduak 31, lehen saria jaso duenarena. BERRIA saridun guztiekin jarriko da harremanetan, saria nola jaso azaltzeko.

AIPAMEN BEREZIA

Iaz bezala, aurten ere izan du epaimahaiak idazlan bati aipamen berezia egiteko nahia, eta hori da, hain zuzen, BERRIAk gaur argitaratu duena:

Koldo Alduntzinek Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) bizi izan zuen esperientzia aukeratu dute epaimahaikideek aipamen horretarako, mendi buelta lasai batek dituen arriskuez ohartarazteagatik. Esperientzia polita izan zen hasieran, kezkagarria ondoren eta pozgarria amaieran.

HIRU BONUEN ZOZKETA

Gainerakoan, parte-hartzaile guztien artean Tolosako (Gipuzkoa) Aralar Kirolak dendaren 100 euroko hiru bonu zozkatu dira, eta horien irabazle dira:

Miren Elorza,Garaiera handiko txoko honetatik lanarekin parte hartu duena.

Carmen Valois,Comete Sarea: elkartasunaren ibilbidea idazlana bidali duena.

Olatz Alberdi,Dordogne eta Lot ibaietan, haurren paladaz lana idatzi duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.