EZARIAN. Olgetaren bilakaera

Gizakiak bizitza osoan du jolasaren beharra, baina batez ere ume sasoian. Azken urteetan neska-mutilen olgetarako joerak asko aldatu dira.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
«Lehenagoko euskal gizartean sekulako garrantzia zuen jolasak. Gaur egun, askotan, eskolako jolastorduko ordu erdi hori izaten da olgetarako izaten duten asti bakarra», dio Akaitze Kamiruaga Labayru ikastegiko herri ondare bilaketarako arduradunak. Eskolaz kanpoko ekintzak ugaritu dira, eta jolasari baino lehentasun handiagoa ematen zaiela iruditzen zaio: «Ez gara jabetzen jolasteak zer-nolako garrantzia daukan».

Edonola ere, Kamiruagak uste du garai batean errazagoa zela kalean jolastea. «Herriak lasaiagoak ziren, txikiagoak, ia ez zen autorik ibiltzen, eta sarri errepidean ere jolastu ahal izaten ziren», oroitu du. Herriak hazi diren heinean, oztopoak ugaritu dira. Gainera, lehen nagusiagotan hasten ziren eskolan, 6 edo 7 urterekin. Ordura arte jolasa zen euren egiteko bakarra. «Bada esaera zahar bat, 'haurrak haur lan' dioena. Umeen zeregina hori da: olgetan egin».

Baserri asko baztertuta egoten ziren. «Eskolan hasten zirenean aldaketa bat gertatzen zen; jendea ezagutzen hasten ziren, beste ume gehiagorekin harremanak izaten». Lagun taldeak sortzerakoan, jolasteko modua ere aldatu egiten da. «Jokoa bizitza osoan egiten den zerbait da, eta adin tarte bakoitzak bereak dauzka». Kamiruaga kide den Etniker taldea horiek guztiak biltzen saiatu da (Euskalerriko Atlas Etnografikoa. Haur jolasak. Bilbo, 1993)

Adinaren araberako jolasak

Lehen hilabeteetan, eta umeak bi edo hiru urte bete arte, mugimendu edo esplorazio jokoak izaten direla azaltzen du Kamiruagak: «Atzamarrekin jolastu, eskuekin, txalopin txalo...». Helduek ere zer esana izaten dute tarte horretan. «Amak bularra ematen dio umeari, baina gainerako helduek harekin duten harremana jokoa izaten da. Lo ez dagoenean entretenitu egin behar da».

Etapa hori igarotakoan, 3 eta 4 urterekin, berbetan hasten dira. «Eta helduek egiten dutena kopiatzen». Hala, amamaka, etxe-etxeka, dendetara eta antzeko jokoak bildu dituzte Kamiruagak eta lankideek Atlasean. «Elkarrizketak eta bakarrizketak sortzen dituzte; askotan bakarrik jostatzen dira, eta umeak berak egiten du dendariarena eta eroslearena». Adin horretan hasten ziren gizarte tradizionalean etxeko lanetan laguntzen. Sarri amamaren edo beste norbaiten kargu gelditzen ziren umeak. Hala, beharretan laguntzen zioten: harrikoa egiten, artaburuak garantzen, arrautzak biltzen...

Eskolan hasteko adina zen hurrengoa. Lagun taldea sortzen zen, eta jokoak arautuak izaten ziren. «Taldean lider bat egoten da, jokoan ere agintea duena. Hark esaten duenean orain honetara edo bestetara egingo dugu olgetan». Eta gaztaroarekin batera, jolaserako joera galtzen hasten zen.

Apurketa bat sortzen zela dio Kamiruagak. «14-15 urterekin arropak aldatzen zituzten, eta jokotik aldentzen ziren. Mutilek praka luzeak janzten zituztenean, eta neskek galtzerdiak jarri; jolaserako garaiak pasatu zirela uste zen». Hortik aurrera kasu batzuetan jokoa ia erabat desagertzen zen, nahiz eta zenbaitek heldutasunera iristean ere jolasean jarraitzen zuten. Adinekoek karta jokorako duten zaletasuna aipatzen du; Berrizen (Bizkaia) eta besteherri batzuetan bola jokoan aritzeko ohitura mantentzen dutela ere bai. «Gaur egun kirolak ordezkatzen du, hein handi batean, jolasa gaztarotik aurrera».

Gizarte tradizionaleko umeek olgetarako asti gehiago izaten zuten arren, erantzukizunak ere handiagoak ziren. Lan egin behar izaten zuten baserrian. «Askok 14 urterekin ikasketak uzten zituzten, etxean behar egiteko. Eta bien bitartean ere, etxean lan asko zegoenean, ez ziren eskolara joaten». Atlasa osatzeko egindako grabaketetan eguraldi txarra egiten zuenean pozik egoten zirela kontatu diete hainbat emakumek, ezin zelako baserrian kanpoko lanik egin.

Neskak eta mutilak sexuaren araberako taldeak osatzen zituzten, gehienetan. Bereizketa, gehienbat, eskolaratzean hasten zen. «Eskolak berak banatzen zituen hasieran, eta gerora eurek ere egiten zuten bereizketa hori. Nire garaian mutilekin jolasten zuen neskari marimutila deitzen zitzaion, eta neskekin jolasten zuen mutila maritxua zen».

Mutilen jolasak mugimendua eta indarra eskatzen dutenak izaten direla dio: borrokak, lasterketak, jauziak, jaurtiketak, naturarekin lotutakoak... Neskenak, berriz, lasaiagoak ziren, abilezia erakustea eskatzen zutenak. Tortolosak edo tabak, sokasaltoan egitea, eta goma, adibidez. «Goma, nik uste, berriagoa dela, sokasaltoa aspaldikoa da eta Euskal Herri osoan aipatzen da». Nesken jokoetan kantuak presentzia duela nabarmendu du Kamiruagak.

Jostailurik ezean, irudimena

Jostailurik ez zen izaten, hortaz. Irudimena izaten zen olgetarako tresna preziatuena. «Ez zegoen jostailuak erosteko dirurik. Osaba marinelak edo beste herri bateko izekoren batek ekarrita, izan zezaketen panpinaren bat edo beste. Baina normalean jokoek ez zuten jostailurik izaten». Jokoak egiteko inguruan aurkitzen zen edozein elementu zen erabilgarria; harriak eta makilak, adibidez. «Gaur egun, gurasoek ez dute apropos ikusten horrelako olgetetan aritzea. Nagusiek eurek esan digute, umetako ibilerak gogoan hartuta, ez dakitela nola ez zuten galdu bi begietako bat». Edonola ere, eta imajinazioari esker, 6 edo 7 urteko ume batentzat makila bat, adibidez, zaldia, ezpata edo beste edozein gauza izan daiteke.

Txirikila, txorro-morro piko-tallo-kes, tabak, iturriak... Lehen ezagunak ziren; gaur egun, aldiz, ia desagertu egin dira. Naturarekin lotutakoak ere galtzen ari dira. Noizean behin jolasen bat modan jartzen da Kamiruagak dionez. «Orain ez duzu ikusten mutilik zibarekin. Baina egun batean baten batek ziba kalera ateratzen badu, hurrengo egunean plaza zibaz betetzen da». Eskoletan ere lan handia egiten ari direla uste du, eta euskarazko kantuak sortzeko ahalegina egiten dutela.



Egungo gizartean indar handia duten ordenagailu eta kontsolak ez dira haurrentzat kaltegarriak, adituen ustetan; ohiko jolas moldeekin uztartzen asmatzea da kontua.

Ikasteko, jolasten irakatsi

I. Maruri. Bilbo

«Gizakiok ikasteko dugun modua da». Gisa horretan laburbiltzen du Luis Ruiz umeen psikologoak jolasaren garrantzia. Bi adimen ditugula dio: bata jariakorra da, genetika bidez jasotzen duguna; bestea, aldiz, gauzatua, ezagutzaren bidez jasotzen duguna. «Joko mota asko daude, eta horien bidez jasotzen dugu ezagutza umetatik».

Horrela, bada, jolasa modu honetan definitzen du psikologoak: «Ezagutzaren eta egonkortasuna ematen diguten emozioen arteko oreka lortzeko modua da. Izan ere, jokoak ondo sentitzea, poztasuna, lasaitasuna ere ematen dizkigu. Bi adimen modu daude: ezagutzari lotutakoa eta adimen emozionala». Sentimenduei lotuta dago, hain zuzen, jokoaren alde soziala. Beste pertsona batzuekin bizipenak eta sentimenduak partekatzeko bitarteko bat ere badira jolasak Ruizen hitzetan, eta baita jendea ezagutzeko modua ere.

Garai bateko olgetak eta gaur egungoak ezberdinak dira oso. Teknologia aurrerapenek zeresan handia dute. Ordenagailuek eta bideo jokoek dute gaur egun lehentasuna. «Hori ere jolastea da, beste modu bateko olgeta. Egin kontu, ordenagailuan ere beste pertsona batzuen aurka joka gaitezkeela, eta horrek ezagutza kognitiboak emango dizkigu».

Ruizen ustetan, bada, olgetarako eredu horiek ez dira txarrak, neurrian erabiliz gero. Ordenagailuarekin edo bideo jokoekin olgetan egoteak baztertu egiten badu pertsona, harremanak izatetik aldendu, orduan bai izango da txarra. «Ordenagailuak ez dira txarrak, erabiltzen irakatsi behar dugu. Auto istripuetan minbiziak jota baino lagun gehiago hil arren, autoak ez dira txarrak. Ematen zaien erabileran dago gakoa».

Neurria gurasoek jarri behar dutela dio Ruizek. «Jaio ginenean ez genekien ibiltzen, irakatsi egin ziguten. Ordenagailuekin beste horrenbeste. Gurasoek irakatsi behar dute erabiltzen, eta haren menpeko ez bihurtzen. Semeari edo alabari utz diezaiokegu arratsalde osoa ordenagailu aurrean pasatzen, gu lasai eta bakean egoteko. Edo esan diezaiokegu, 'tira, goazen parkera, zure lagunekin jolastera». Hala ere, kalera irtetea ez dela nahikoa dio. «Unibertsitateko atezaina bizitza osoan unibertsitatean egon da. Baina erretiroa hartu duenean ez du unibertsitate ikasketarik. Parkera doan umearekin berdin gerta daiteke». Alegia, kalera ateratzen den ume horri, parte hartzea eta lagunekin olgetan ibiltzea zer diren irakatsi behar zaizkio.

Seme-alaben lagunek egiten dutenak eragina du haiengan. Baina gurasoek eragin hori murriztu behar dutela dio Ruizek. «'Zure lagunek ordenagailuarekin nahi beste ordu igarotzeko baimena badute, badakizu zer egin: hartu maleta eta joan haienera', esan behar zaie». Haren esanetan, ez da inposizio kontua, heziketa kontua baizik. Eta ume-umetatik egin behar da, ez nerabezaroan bakarrik. «Zuk jertsea janzterakoan zein beso sartzen duzu aurrena? Ez dakizu. Oharkabean egiten duzu.Baina beti sartzen duzu beso berbera, amak edo aitak janzten irakatsi zizunean sartzen zizun huraxe».

Inposizioa, ordez, ez da bidea. Seme-alabak arrazoitzera bultzatu behar direla dio Ruizek. Horregatik negoziatu egin behar da, adostasun bat lortu arte. «Kontua da telebistak ez digula negoziatzen irakasten. Inposizio bidezko harremanak baino ez ditu erakusten».

Oraindik ere umeak kalera irteten direla uste du. Arratsaldeetan parkeetan ikusten direla dio, eta egunero jolastordua izaten dutela eskolan. «Ez dugu katastrofistak izan behar». Gazteen lokaletan ere asko jolasten dela iruditzen zaio, eta ez bakarrik bideo jokoekin. «Adinean aurrera egin ahala, jolasarekin dugun harremana da aldatzen dena. Baina jolasa bera ezin da desagertu, gizaki garen heinean beharrezkoa dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.