EZARIAN. OSASUNA BIDAIETAN. Osasuna, bidaia lagunik onena

Egunerokotasuna apurtzen saiatzeko, atzerriko inguru tropikalak aukeratzen dituzte askok oporretarako. Maleta prestatu eta etxetik irten aurretik, ordea, zenbait neurri hartzea komenigarria da.

Maite Alustiza.
Donostia
2010eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Uda hastear dagoen bakoitzean, bidaiari kopuruaren zenbakiak dantzan jartzen dituzte albistegietan zein egunkarietan. Oporrak amaitzen direnean ere gauza bera gertatzen da, ostalariek eta turismo bulegoek egiten dituzten balorazioak direla eta. «5.496 pertsona pasatu dira hemendik» edo «iaz baino 352 bisita gehiago izan dira», diote. Udak lanaren laurdenak egin dituen honetan, oporretara joateko garai aproposa da. Pertsona kopuruak atzean utzita, bada beste biderik atzerriko hainbat tokietara bidaiatu dutenen kopurua kalkulatzeko: eman diren txertoek erakuts dezakete, zenbat pertsonek ez ezik, nora bidaiatu duten ere.

Bidaiatu aurretik hartu behar diren neurrian artean, aurrenetako bat da. Txertoa hartzea gomendagarria da herri batzuetara bidaiatzeko; derrigorrezkoa kasuren batean. Iaz, adibidez, 5.435 txerto jarrizituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Espainiako Ministerioak dituen Nazioarteko Txertaketa Zentroetan. Gehienak sukar horiaren aurka izan ziren: 4.186 txerto, hain zuzen ere. Horien atzetik daude, meningitisaren aurkakoak (396), sukar tifoidearen kontrakoak (175) eta entzefalitisaren aurka jarritako txertoak (55).

Bidaiatzeko aukeratutako ohiko norakoak dira Afrika, HegoAmerika eta Erdialdeko Amerika. Hango inguru tropikaletara joateko asmorik izanez gero, sukar horiaren aurkako txertoa hartzea beharrezkoa da; beharrezkoa ez ezik, derrigorrezkoa zenbait tokitan. Urtean, sukar horia pairatzen duten 200.000 kasu daude munduan, eta 30.000 hildako. Horretatik babesteko, txertoa hartzea da egin daitekeen gauzarik onena. Txertoa oso eraginkorra da; hartu eta astebetera, %95eko eraginkortasun maila du. Gainera, 30-35 urterako babesa ematen dioorganismoari. Afrikara bidaiatuz gero, sukar horiarena ez ezik, Meningitis meningococica delakoaren aurkako txertoa hartzea ere oso gomendagarria da. Arreta berezia eskaini behar diote Senegalgo mendebaldetik Etiopiako ekialdera arte doazenek. 2009n meningitisaren 78.416 kasu antzeman zituzten Afrikako hamalau herrialdetan; horietako 4.053 hildakoenak izan ziren. Saudi Arabiara (Asia), Mekara, erromes gisa joanez gero, derrigorrezkoa da meningitisaren aurkako txertoaren Txertaketa Ziurtagiria aurkeztea. Europara bidaiatzeko asmorik izatekotan, Europa Erdialdeko eta Ekialdeko landa inguruetara doazenei entzefalitisaren aurkako txertoa hartzea gomendatzen zaie. Gaitz honen sintomak gripearenaren antzekoak dira; hartzeko arrisku handiena uda partean dago, 1.000 metro garai dauden landa eta baso inguruetan.

Hiru txerto horiek hartzeko, Nazioarteko Txertaketa Zentroetara joatea besterik ez dago; bakoitzaren prezioa, 17,79 eurokoa da. Gainerako txertoak osasun etxeetan eskuratu ahal dira. Bakoitzari hartzea komeni zaizkion txertoen kontsulta Internet bidez egin daiteke.

Gomendatutako txertoak

Horietaz gain, txerto hauek hartzea komeni da: kolera, sukar tifoidea eta, A eta B hepatitisa. Kolera, haurrek zein helduek har dezaketen gaixotasuna da. Kasuen %20ek beherakoa izaten dute; %10-20 inguruk beherako larria ez ezik, gorakoa ere izaten dute. Gaixotasunari aurre egiteko, ezinbestekoa da hidratazioa; kasuen %80 hidratatzeko gatzak hartuz senda daitezke. Sukar tifoideak ere badu beherakoa sintomatzat. Kutsatuta daudenek ondoeza sentitzen dute hasieran: ahultasuna, jateko gogo gutxi, bai eta buruko mina ere. Sintoma horiek bost egunez irauten dute, sukarra hasten den arte: 40 gradu inguruko sukarra. Gaixoaren kontzientzia mailak behera egiten du, eta orban gorriak agertzen dira azalean. Hortik aurrera, gaixoak hobera edo txarrera egin dezake, kasuaren arabera. Antzekoak dira A hepatitisak eragiten dituen lehenengo sintomak. Dena den, kutsatuta dauden pertsonek ez dituzte zertan sintoma berdinak izan. Zenbat eta adinean gorago, gaixotasuna larriago. Kasuen %70ek mina sentitzen dute; gehienak, aste gutxien buruan jartzen dira onik. B hepatitisak, bestalde, badu A hepatitisarekiko antzekotasunik. Mina, gernu iluna, gehiegizko nekea, gorakoa eta tripako mina izan ditzake sintoma gisa. Hori ere, aste gutxiren buruan sendatzen da normalean, baina B hepatitisa kronikoa bihur daiteke, zirrosia edo minbizia bihurtzeraino. Ihesa baino 50-100 aldiz kutsakorragoa da; 600.000 pertsona inguru hiltzen dira urtean gaixotasun horretatik. 2.000 milioi pertsonak dute gaixotasuna; horietatik 350 milioik, hepatitis kronikoa dute, Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera.

Egunean 850.000 pertsona inguru hiltzen dira malariak jota, Unicef-ek kaleratutako datuek erakusten dutenez. Munduko biztanleen erdiek dute malaria edo paludismoa hartzeko arriskua, 2008. urtean hildakoen %89 Afrikan izan bazen ere. Anopheles gambiae izeneko eltxo baten ziztadak kutsa dezake gaixotasun hau, eta sintomen artean daude sukarra, buruko mina eta gorakoa; azken hori, ziztadaren ondorengo 10 eta 15 egunetan agertzen da. Egon badago malariaren aurkako txertorik, baina ez da guztiz eraginkorra: %40 eta %60 arteko eraginkortasuna du helduengan; haurrengan, berriz, %77koa. Beraz, txertoa baino gehiago, profilaxia da malariari aurre egiteko gomendatzen dutena. Horren tratamenduari dagokionez, bidaiatu aurretik, egun edo aste batzuk lehenago hartzen hastea ezinbestekoa da. Bidaiak irauten duen egunetan ere hartu egin behar da, baita etxera itzuli ondorengo astean edo asteetan ere-hartutako sendagaiaren arabera-. Oso garrantzitsua da bidaia amaitu ondoren ere hartzea, malariaren parasitoak oraindik odolean egon daitezke eta. Dena den, malariaren aurkako sendagaiak bigarren mailako ondoriak ekar ditzake; beraz, beharrezkoa da medikuari horren inguruan kontsultatzea.



Neurri orokorrak

Etxean bezala sentituta ere, oso bestelakoak izan daitezke gure ohiturak bidaiatzen dugun herrialdekoekin alderatuz gero. Arreta berezia jarri behar da hainbat alderditan; bai bidaiatu aurretik, bai bidaiatzen ari garenean, bai eta etxera itzultzen garenean ere.

BIDAIA HASI AURRETIK

Medikuari bisita egitea gomendagarria da; osasun azterketa bat egiteko eta, behar izanez gero, bidaiak iraungo duen egunetarako sendagaiak eskuratzeko. Helmugako herriaren osasun sistema eta norberaren aseguruaren estaldura ezagutu behar dituzte bidaiariek.

Adinari dagokionez, haurrek eta edadetuek neurri bereziak hartu behar dituzte, bai eguzkiari, bai eta beroari aurre egiteko ere. Deshidratazioa eta intsolazioa pairatzeko arriskua dago lurralde tropikaletan; eta haurrak aldaketetara hobeto egokitzen badira ere, gaixotasunen aurka ahulagoak dira.

Arropa eta klima dira kontuan hartzeko beste bi alderdi. Jantzi eta oinetako erosoak eramatea gomendatzen dute: zuntz naturalarekin egindakoak (kotoizkoak, adibidez), arinak, ez oso estuak eta kolore argikoak. Jantzi eta oinetakoekin batera, maindireak astintzea gomendagarria da, intsektu edota bestelako animaliak saihesteko. Arreta berezia jarri behar da tenperatura aldaketetan; beroak, hezetasunak eta gehiegizko ahaleginek hainbat ondorio ekar ditzakete: gehiegizko nekea, eta likidoen eta gatz mineralen galera. Eguzki izpietatik babesteko, beharrezkoak dira txanoa, eguzkitako betaurrekoak eta eguzkitik babesteko krema.

Botika ontzia eramatea funtsezko da, edonora joanda ere. Oso gomendagarriak dira desinfektatzailea eta erraz erabil daitekeen sendatzeko materiala. Inguru batzuetan, ezinbestekoak dira eguzkitik babesteko krema, eltxoak usatzeko produktuak, malariaren aurkako sendagaiak eta hidratatzeko gatzak. Medikuari kontsultatu beharrekoak, bestalde, antibiotikoak eta idorreriaren aurkako sendagaiak eramatea, bidaiatzera goazen herrialdearen arabera.

BIDAIATZEAN

Janariak eragin dezakeen gaixotasunik ohikoena da idorreria. Barazki gordinak ez jatea gomendatzen da; haragiak eta arrainak ere gertatu egin behar dira. Fruta, berriz, azalik gabe jatea egokiagoa da; arreta bereziagozoekin eta izozkien, kutsatzeko produktu errazak dira eta. Esne eta esnekiekin ere kontuz ibili behar da, eta higiene neurriak betetzen dituztela ziurtatu.

Ura kontuan hartzeko gaia da; ahal izanez gero botilako ura kontsumitzea gomendatzen dute; iturrikoa, ziurtagiririk badu bakarrik. Likido asko edatea komeni da, beroari eta eguzkiari aurre egiteko. Dena den, edarietara izotza botatzea ez da gomendagarria, ur kutsatuekin egina izan daiteke eta.

Elikadura, klima eta ordu aldaketek arazoak sor ditzakete digestio aparatuan. Hiru dira ager daitezken gaixotasunak: sabelekoa -egoera txarrean dauden elikagaiak hartzeagatik-, idorreria -ezohiko elikagaiekin, aldaketak jasan dituzten elikagaiekin edo denbora askoan eserita egonda- eta tripako mina (janari minak, gozagarriak, edari alkoholdunak edo fruta garratzak hartuta-.

Bainua hartzerakoan adi ibili behar da; bai ur gezatan, baita itsasoko uretan ere. Tropikoko ibai, laku, ubide eta bestelakoetako urak, gaixotasunak sor ditzateken larbez kutsatuta egon daitezke. Itsasoko uretan, normalean, ez dago bainatzeko arazorik, baina bainua hartu nahi den ur horren egoera ezagutzea komenigarria da. Inguru batzuetan, uretan ibiltzeko oinetakoak eramatea beharrezkoa da, arrainen hozkada eta ziztadetatik babesteko.

Animaliekin harremanik ez izatea gomendatzen dute, ezta etxeetan dauden animaliekin ere. Sugeek eta arrabioiek hozkadak etaziztadak erabiltzen dituzte euren defentsarako, batez ere gauetan.

Sexu bidez kutsaturiko gaixotasunek -ihesa eta B hepatitisa barne- gorakada izan dute azken urteetan. Han eta hemen, berberak dira hartu beharreko neurriak. Sexu harremanen eta odolaren bitartez kutsa daitezke; ez dago arriskurik garraio publikoak erabiltzegatik edo beste pertsona batzuekin kontaktua izateagatik, ezta bainu publikoak edo besteen sukalde tresnak erabiltzeagatik ere.

BIDAIATIK ITZULITAKOAN

Gaixotasun tropikal batzuk ez dira berehala sentitzen; aitzitik, itzulera egunetik denbora batera ager daitezke. Medikuaren laguntza behar izanez gero, ezinbestekoa da azken 12 hilabeteetan egindako bidaiaren berri ematea, inguru tropikal batera edo garapen bidean dagoen herrialderen batera izan bada, behinik behin.





Gaixotasun nagusiak

Sukar horia. Eltxo kutsatu baten ziztadaz transmititzen da. Derrigorrezkoa da txertoa hartzea, eta 10 urterako balio du. Afrikako eta Hego Amerikako inguru kutsatuetara doazenei gomendatzen zaie.

Meningitisa. Pertsonen arteko harreman zuzenaren bitartez kutsatzen da. Oso gomendagarria da txertoa hartzea; Saharaz hegoaldeko Afrikara, Asiako hego-ekialdera eta Ekialde Hurbilera doazenentzat.

Kolera. Ura eta elikagai kutsatuen bidez igaroarazten da. Txertoa ez da derrigorrezkoa; nahikoa da ura eta elikagaiekin osasun neurriak hartzea. Afrikan, Hego eta ErdialdekoAmerikan eta Asia hego-ekialdean daude gune endemikoak.

Sukar tifoidea. Ura eta elikagai kutsatuen bidez kutsatzen da gaitza. Txertoa gomendatzen zaie, eragin maila handiak dituzten herrietara doazenei, baita egonaldi luzeak egingo dituztenei ere. Herri kaltetuenak, berriz, Afrikan, Hego eta Erdialdeko Amerikan, Ekialde Hurbilean eta Asia hego-ekialdean daude.

A hepatitisa. Pertsonatik pertsonara, eta edari eta elikagai kutsatuak hartzeagatik kutsatzen da. Txertoa hartzea gomendatzen zaie, eragin maila handiko herrietara doazenei eta 35 urte baino gutxiago dituztenei. Honako hauek dira eraginik handieneko guneak: Afrika, Asia, Hego eta Erdialdeko Amerika, Mediterraneoa eta Ekialdeko Europa.

B hepatitisa. Material kutsatua erabiltzeagatik, odol kutsatuarekin isuraldatzeak egiteagatik, sexu harremanen bidez edo haurdunaldian amak haurra kutsatu duelako. Herrialde kaltetuenen artean daude, besteak beste, Afrika, Hegoamerikako zati handi bat, Ekialdeko Europa, Ekialdeko mediterraneoan, Asia hego-ekialdea, Txina eta Ozeano Bareko uharteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.