Halere, itsasoari buruzko ikerketaren historiari buruzko ezagutza ere urria da oso gaur egun. Huts hori bete nahian, Donostiako Aquariumaren enkarguz, Juan Perez de Rubin Feigl ozeanografian doktoreak liburua osatu berri du, eta, hor, Bizkaiko Golkoan ikerketa ozeanografikoak ehun urtez izandako bilakaera laburbildu du, 1850. urtetik 1950era.
Izan ere, XIX. mendea bigarren zatian jaio zen itsasoari eta haren biztanleei buruzko jakin-min zientifikoa. Eragileetako bat industria iraultza bera izan zen: Bizkaiko Golkoaren iparraldean, Erresuma Batuan, abiatu zen aldaketa haren gehiegikeriek langileekiko eta haien bizimoduarekiko interesa sortu zuten, eta itsas langileak ere -arrantzaleak, marinelak, marisko biltzaileak eta abar- aztergai izan zituzten garai hartan. Fabriken inguruan hazitako hirietan ere jatekoaren behar baitzuten, arrantzaren garrantzia areagotu egin zen. Eta aurrerapen teknologikoek ere izan zuten eraginik arrantzarako eta itsas garraiorako, lurrunezko itsasontziekin, adibidez.
Trenbideak baliatuz uda igarotzera kostaldeetara joan zen orduko burgesia, eta, haien artean, itsasoarekiko zaletasuna piztu zen. Udatiar edo bertako biztanle burges sortu berri haien eskutik etorri ziren lehen akuario eta itsas museoak ere.
Bestalde, Golkoko kostaldeko herrietako garaiko naturalistek, hasiera batean, behintzat, ez zuten interes handirik agertu Bizkaiko Golkoko kostaldeari buruz. Ikerketa gehienek urrunagoko itsasoetan jarri zuten arreta, besteak beste, gure kostaldeko eta, oro har, Bizkaiko Golkoko sakoneraz ezjakintasun handia zegoelako. «Bizkaiko Golkoa batez besten ehun bat metroko sakontasuna duen Ipar Itsasoaren antzekoa zela uste zuten». Baina ez zen hala. Euskal Herriko kostaldetik oso hurbil sakonera oso handia hartzen baitu itsasoak, Capbretongo sakongunean.
«Berentzat ezezagun eta urruneko uretakoak ziren espezie mordoa topatzen hasi ziren naturalista haiek, ordura arte hondo sakonetan ezezagunak zirenak». Ameriketan, Mediterraneoan eta Eskandinavian ezagutzen zituzten espezieak ziren, eta lehen ikertzaile haiek harrituta gelditu ziren. Garai hartan haizeek eragindako urazaleko korronteak soilik ezagutzen ziren. «Ez zuten imajinatu ere egiten sakonean horren urrunetik zetozten korronterik zegoenik ere», azaltzen du Juan Perez de Rubinek. Mediterraneora, Ameriketara ere joan ziren misterioaren erantzunaren bila. Eta ez ziren itsasoko bizidunen ikerketara mugatu. «Naturalista haiek zientzia osoki ulertzen zuten, eta garaiko arrantzale herri eta jendearen deskribapen oso ederrak jaso zituzten».
Aztergai zituzten espezieak, dena den, ez ziren interes komertzialekoak ikerketa zientifikoaren lehen aro horretan. Baina, XIX. mendearen amaieran, jakin-min zientifiko hutsak baino garrantzi handiagoa hartu zuten arrantzarako baliagarriak ziren espezieek eta haiek arrantzatzeko tokiek.
Industriaren hazkundeak eta janaren beharrak lurrunezko arrastreroak izugarri ugaritu zituen, teknika horrekin harrapaketa handiak egiten baitziren. Eta ontzi horiek ugaritzearekin, belaontziak gutxituz joan ziren.
Sardina krisiak
Orduan jazo ziren Bizkaiko Golkoko lehen sardina krisiak, gero ziklikoki errepikatuko zirenak. Latzak izan ziren ondorioak, sardina arrantzatzetik eta kontserbetatik milaka familia bizi baitziren kostalde guztietan. Berreskuratu ziren espezieak eta harrapaketa, eta berriz ere galdu XX. mendean. Zenbait krisi urtetan, Bizkaiko Golkoko ontziek hegoaldera jo zuten Andaluziako eta Marokoko arrantza tokietara, eta, urte batzuetan, kontserba fabrikak ere aldatu ziren; Malagara, adibidez. Gero, atzera harrapaketak errentagarri zirenean itzuli ziren iparraldera, Galiziako eta Kantauriko uretara. Itsasoaren eta arrain espezieen inguruko ikerkuntza areagotzeko beste arrazoi garrantzitsu bat izan ziren krisiok.
Itsasoan harrapaketa handiko eta txikiko zikloak daudela antzeman dute gaur egun zientzialariek, eta horietan garrantzi handia dutela itsasoko ingurumen aldaketek. Iparraldean, urte batzuetan sardina ugari dago, eta, beste urte batzuetan, antxoa ugari. Sardina baino ur epelagoetakoa da antxoa, eta Mexikoko Golkoko korrontea Bizkaiko Golkora modu jakin batean heltzen denean, uraren tenperatura igo egiten da antxoaren mesedetan eta sardinaren kaltetan. Alborango Itsasoan aditua da Perez de Rubin: «Ozeanografiari dagokionez, Kantauri itsasoaren oso antzekoa da. Sardinaren eta antxoaren harrapaketen 100 urteko serie historikoak egin ditut, eta sardina ugari zen urteetan ura hotzago zegoen. Eta antxoarekin, alderantziz». Hainbatetan, arrantza harrapaketen kopurua bezain erabakigarria izaten da itsasoaren tenperaturaren eta gazitasunaren aldaketa, ozeanografo madrildarraren ustez.
Harrapaketak mugatzearena eta kuotak ezartzearena gaur egungo kontua dela irudituko zaio askori. «Baina XVIII. mendean jada hitz egiten zen horretaz», dio Perez de Rubinek. Eta XIX. mende amaierakoak eta XX. hasierakoak dira harrapaketak mugatzeko lehen akordio eta batzordeak. Gaur egun, Bizkaiko Golkoko herriek halako akordioen arabera jarduten dute, «itsasoaren tenperatura eta aldaketa meteorologikoak alde batera utzita, gutxienez gizakiari dagokion aldea behar bezala eta ahalik eta zehaztasun handienarekin kontrolatua izateko».
Kontaezinak dira naturalistek eta geroago zientzialariek itsasoaren ezagutzari egindako ekarpenak, eta liburuak hainbat eta hainbat izen eta lan laburbiltzen eta ezagutarazten ditu, «komunikazio eskasagatik ez direnak batere ezagunak». Gaur egun, jakintzat ematen ditugun datu ugari nola bildu ziren agertzen da, baita gaur egun ohikoak zaizkigun zenbat arrantza teknika; arrastrea adibidez, nola iritsi zen Euskal Herrira. Hain zuzen, ozeanografo bati esker hasi ziren egungo baxurako arrantzaleak hegaluzea karnata biziarekin harrapatzen. Sortzez iruindarra Jose Maria Navaz Donostiako Ozeanografia Elkarteko laborategiko zuzendaria izan zen urte askoan eta gai horretazdibulgazioan ekarpen handia egin zuen. Aranzadi Elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen, baita presidente ere.