EZARIAN. PUBLIERREPORTAIA. Gipuzkoa oinez ezagutzeko ibilbideak

Gipuzkoan ibilbide asko egin daitezke oinez. Naturaz gozatzeko, tokian tokiko bereizgarriak ezagutzeko eta, oro har, lurraldea ezagutzeko ibilbide sarea denon eskura dago.

Maria Agirre
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pagoetan, Aizkorri-Aratzen, Aralarren eta Aiako Harrian nahiz kostaldean makina bat ibilaldi egin daitezke. Aukerak asko dira, eta jende guztiarentzat. Batzuk errazak, eta beste batzuk zailagoak.

Aralarren, Lizarrusti-Lareo artekoa erraz egin daitekeen ibilaldia da. Familian edo lagunartean egiteko atsegina. Lizarrusti inguruko pagadi ederra eta beste hainbat altxor ezagutzeko aukera ematen du. Era berean, gizakiak eraikitako tunelez gain, naturak sorturiko leizeak ikus daitezke. Arkaka-Intxausti-San Martin arteko ibilaldia, berriz, luzeagoa da, zazpi ordu pasatxo eskatzen ditu. Aralarko parke naturalaren hainbat aurpegi ezagutzeko aukera ezin hobea da.

Aralarrek bezala, Aizkorri-Aratz guneak ere ibilbide ugari ditu aukeran. Arazko itzuliak zein Urbiakoak inguru hori gehiago ezagutzeko irrika pizten dute. Aratzera goazela, pagadiez gozatu, eta Altzaniako adierazpen megalitikoak eta Garagartzako trikuharria ezagut daitezke. Eta zer esan aspaldidanik artzaintzaren erresuma den Urbiako zelaiari buruz. Aspalditik artzaintzari lotutako toki hori ederra da atsedena hartzeko. Horren lekuko, zelaian dauden txabolak. Indarrak soberan badira, gainera, Aizkorrirako bidea har daiteke.

Aiako Harriari dagokionez, Irun eta San Antonio urtegia batzen dituen bidea izan daiteke aukeretariko bat. Berezko xarma du, Txingudiko badiaren eta gailur harritsuen ikuspegi ezin hobeak eskaintzen ditu eta. Bidean, gainera, San Martzial ermita dago.

Pagoetan, Zarautz eta Pagoeta arteko ibilaldia dago; kostaldearen ikuspegi ezin hobeak daudebertan. Txangoan, gainera, Sarobeberriko haitzak izeneko tumulua ezagutzeko aukera dago. Baina kultura-ondarearen beste adibide batzuk ere badira, Nebera baserriko elurzuloak, esaterako.

Gipuzkoako kostaldean ere ibilbideak ugari dira. Hondarribia eta Pasai Donibane batzen dituen bidea aukera bat da. Itsasoaz gozatu, eta Jaizkibel mendia ezagut daiteke. Era berean, giza jarduerek eta historiaren hainbat gertaerek utzitako aztarnen lekukoak daude. Ibilbide horien eta beste hainbaten inguruko xehetasunak Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak elkarlanean sortutako www.gipuzkoamendizmendi.net webgunean aurki daitezke. Mapak eta beste hainbat datu daude eskura.



Zailtasunak dituzten pertsonentzako ibilbideak

Bi pasealeku atondu dituzte Gipuzkoan, guztientzat egokiak izan daitezen: bata Oñatin eta bestea Abaltzisketan
M. Agirre.

Oinez ibiltzeko aukera jende guztiak izan dezan, azkenaldian ahalegin handia egiten ari dira Gipuzkoako Diputazioa eta beste zenbait erakunde. Hori dela eta, elbarrientzat edo bide errazagoak behar dituztenentzat zenbait ibilbide egokitu ditu. Gipuzkoan bi dira horrelako ezaugarriak dituzten pasealekuak: Arantzazuko pasealekua Oñatin eta Abaltzisketa arteko Larraizko pasealekua.

Arantzazukoa santutegitik abiatzen da, Gandiaga topagunearen atzealdetik, eta, oraingoz, 1.200 metroko luzera du. Aldapa leunak eta lurzoru sendo eta irristagaitza ditu bideak. Atseden tokiak ere badira, ezintasunak dituzten pertsonentzako egokitutako altzari eta zerbitzuekin. Nabarmentzekoak, gainera, braille hizkuntzaz idatzita dauden panel informatiboak. Gomistegi baserri inguruan, Artzain Eskolan amaitzen da ibilbide egokitua.

Larraizko pasealeku irisgarria, berriz, Larraitz auzoan, Txindokiko magalean hasten da, eta Abaltzisketako herrian du amaiera. 1.500 metroko luzera du, eta inprimatutako hormigoi armatuzko lurzorua dauka, aulki gurpildunentzat eta ibiltzeko zailtasunak dituztenentzat oso egokia. Egurrezko eserlekuak ere badira atseden hartzeko. Ibilbidean bi begiratoki daude panel panoramikoekin, Aralar Parke Naturalak eta inguruak eskaintzen dituen ikuspegi ederrez gozatzeko. Gainera, 40 informazio panel daude artzaintza, etnografia, ornitologia eta mitologiaren inguruko informazioa eskuratzeko. Datu horiek braillen idatziak ere badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.