EZARIAN. RALLY SOLIDARIOA. Bizipenen ibilbidea

Mongol Rally irabazlerik gabeko auto lasterketan parte hartu dute, seigarrengoz, Urduñako Oiarzabal anaiek. Euskal Herritik Mongoliarako 15.000 kilometroetan bizitakoa gogoratu dute.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2009ko urriaren 11
00:00
Entzun
Kultura, herrialde, pertsona eta paisaien mozkorraldia izan da». Esperientzia esaldi bakarrean larburtzeko eskatu, eta horixe erantzun du Joseba Oiarzabal urduñarrak (Bizkaia). Joan den udan Mongol Rally auto lasterketa solidarioan parte hartu zuen bere anaia Asierrekin. Hilabete eskasean bizitakoa gogoratu dute biek.

Uztailaren 18an abiatu ziren Bartzelonatik (Herrialde Katalanak). Hori zen lasterketa honen irteera guneetako bat. Beste biak Milan eta Londres izan ziren. Orotara, 15.000 kilometro egin dituzte, Mongoliako hiriburura iritsi arte. Abuztuaren erdialdera zeharkatu zuten helmuga, Ulan Batorren. Erresuma Batuko Institute of Adventure erakundea da antolatzailea. Parte hartzeko 1.500 euro ordaindu behar izan dituzte, eta amaitutakoan autoa ere dohaintzan ematen da. Europa ekialdean eta Asian diharduten zenbait GKEren lana finantzatzeko erabiliko da lortutakoa.

Helburu solidario horrek animatu zituen Urduñako anaiak. Aurretik hainbat rallytan ibiliak ziren. «Lehian aritzeko adina ere pasatu zitzaigula uste dugu». Hala, zerbait berria probatu nahi zutela dio Josebak. Autoa hartu eta herrialdeak ezagutu nahi zituzten. «Afrika bisitatzeko sekulako gogoa geneukan. Handik zerbait egitea geneukan buruan. Dakarren estiloko ibilbide bat egitea pentsatzen ari ginen, baina aurrekontuak ez zuen hainbesterako ematen. Orduan izan genuen rally honen berri».

Oroitzapen asko dituztebiek. Bidaia zoragarria iruditu zaie, «errepikatzeko modukoa». Liluratuta daude bizitakoarekin. Orotara 16 herrialdetatik igaro dira. Bartzelonatik Italiara abiatu ziren aurrena. Handik Bulgariara eta Errumaniara. Errumanian hartu zuten Zetaren Bidea. «Luzeena den arren, bide hau aukeratu genuen, ederrena delako». Turkia, Kaukaso eskualdeko herrialdeak eta SESB zena osatzen zutenak zeharkatu dituzte, besteak beste. Baina bai Josebak bai Asierrek Iran nabarmendu nahi izan dute.

«Aurreiritzi asko ditugu Irani buruz, komunikabideek kontatzen digutenagatik. Iritsi ginenean uste horiek okerrak zirela ohartu ginen», dio Asierrek. Hainbat herrialde ezagutzen dituztela dio. Gehienetan, salbuespenak salbuespen, dirua nola aterako dieten asmatu ezinik ibili izan direla diote. «Mugan bertanherritarrak dolarraren atzetik dabiltza», dio Josebak. Iranen ez, ordea. Bertakoek erakutsi dieten abegikortasun onagatik, Oiarzabal anaiek argi daukate: herrialde bat aukeratu behar izanez gero, Iran izango litzateke, zalantzarik gabe.

«Mugan bertan ezagutu genuen gazte batek lagundu zigun agiri eta baimen eskaera guztiak betetzen, ordainetan ezer espero gabe. Hori ez da izaten ohikoena», gomutatu du Asierrek. Josebak hurrengo egunean ezagutu zuten beste gazte bat ekarri du gogora: «Teheranera iritsi ginenean ostatu bila hasi ginen, eta gure adineko mutil bat ezagutu genuen. Ea zer egiten genuen galdetu zigun. Gure ibiliaren berri eman genion, eta etxera gonbidatu gintuen». Eskuzabaltasun hori ez zen salbuespena izan, Oiarzabal anaien esanetan. Eta horri esker, herrialdeari buruz zuten irudia errotik aldatu da. Taldeetako askok beldurra zutela gogoratzen dute.

Mongoliak ere asko harritu ditu. Bidean aurkitu dituzten ikuspegi ederrenak bertakoak iruditu zaizkie. «Turkiatik aurrera errepideak ez ziren oso onak, asko mendibideak ziren. Hainbat parajetan ez dugu asfaltorik ikusi. Eta Mongolian sarri mendibiderik ere ez. Leku batzuetan ez zegoen inoiz beste autoren bat igaro dela frogatzen zuen aztarnarik ere», dio Josebak. Inor bizi ez zen inguruak asko dira, batez ere desertuan. Hala ere, Mongoliako herritarrek baliabiderik izan ez arren aurrera egiteko duten gaitasunak harritu zituen Oiarzabal anaiak. «Ez dira aieneka ibiltzen», dio Asierrek.

Momenturik hunkigarrienetakoa ere Mongolian bizi izan zuten. Rallyari esker bildutako dirua, besteak beste, umezurztegi batek jasoko du. «Ikustera joan ginen, eta sekulako dramak ezagutu genituen. Asko lurpean jaiotakoak ziren, estoldetan. Eta, hala ere, aurrera irtetea lortu dute. Are gehiago, baziren han unibertsitatean zebiltzan bi gazte ere. Horrek izugarri emozionatu gintuen. 'Honetan parte hartzeak benetan merezi izan du', pentsatu genuen», dio Josebak.

Oztopoak gaindituz

Momentu txarrik ere izan zuten, ordea. Turkmenistanen poliziarekin arazoak izan zituzten. Pasaportea ere kendu zieten une batez. Hala ere, jakin zuten ataka hartatik irteten. Baita autoa urez bete zitzaienean ere. «Ibaia zeharkatu behar genuen, eta motorra dena busti zitzaigun», gogoratzen du Josebak. Helmugarako 700kilometro baino ez zitzaizkien falta. Dagoeneko Mongolian zeuden. «Ia bide osoa eginda, rallya amaitu ezinik geratzeak gogorra izan behar du. Badakigu batzuei hori gertatu zitzaiela».

Urduñako bi gazteak ez dira rallyan parte hartu duten euskal herritar bakarrak. Mallabia eta Ermua ingurutik lau lagun abiatu ziren, bi autotan. «Guk dakigula Donostiako talde bat eta Gasteizko bat ere izan ziren», dio Asierrek. Baina ez zutela parte-hartzaile guztiak ezagutzeko aukerarik izan ohartarazi du.

Milaka argazki eta grabazio ordu dute Oiarzabal anaiek. «Ez gara profesionalak, baina oroitzapen bat nahi genuen», argitu du Asierrek. Ikus-entzunezko labur batekin eta argazki onenekin erakusketa bat atondu nahi dute. Azarorako prest izango dutela uste dute. Aurrena Urduñan bertan izango da ikusgai, eta gerora eskualdeko herrietara zabaldu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.