EZARIAN. Ribadesellatik Miranda Ebrora lagunartean

Mendiak, ibaiak, urtegiak; zuloak, arroilak, lautadak; hiriak, herriak, tabernariak. Bi gurpilen gainean talde bitxiak egindako bidaia kontatzeko moduko abentura.

Mikel Mendizabal Idiazabal
2009ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
-Hi! Miel!, ez al duk esan bi edo hiru kilometro goiti egin eta gero Miranda Ebrora arte dena behera izango huela? Badituk zazpi bat kilometro bidea gorantz zihoakela eta hemen ez ziok aldaketa itxurarik.

-Bai Mendi bai! Ni ere hasi nauk larritzen, etxera itzultzeko trena 18:28an abiatzen duk Mirandatik, oraindik hiru orduko tartea zaukagu estaziora iristeko, baina hau ez duk pitokeriak egiteko momentua.

...

-Jo ezak pareta! Miel, begiratu ezak hor, aurrean! Ikusten al duk, harri txintxarreko pista! Eta gure Tunari, errepideko kubierta fin-finekin

-Egon, sooooo, kieto... look at the map.

-Hau miseria! Zer mapa klase duk hori? Joan den mendekoa, kadukatua.

-Lasai Mendi, begira, mapak jartzen zian bai bide itxurako marra fin-fin bat, eta hementxe agertu zaiguk, gurdibide bat.

-Eta, gainera, erdi galduak!

-Beno, ba, arnasa hartu, atzeko gurpilari presio pixka bat kendu eta, umil-umil, aurrera. Animo Tunari, hire unea duk orain!

Sellan gora

ALSAko busak Ribadesellan utzi gintuen 05:00etan. Bizikleta kartoizko zorrotik atera, berriz osatu, eta itsasbazterreraino joan ginen. Desordu horietan, hemen ere, gurean bezala, kainabera arrantzaleak eta FCC enpresa multinazionaleko kale garbitzaileak. Argitu bitartean, ibilbidea hamaikagarrenez aztertu, zerbait gosaldu, lanerako buzoa (kulotak, zapatak e.a.) jantzi, eta bizikleta ongi lotu. Iluntasunaren babesean, paranoiak gogor erasotzen digu:

-Bizikletaren parrilla gehiegi kargatua ziok, Tunarik ez dik aguantatuko!

-Ez gaude sasoi betean, belaunak, ipurdia... pott egingo diagu!

Lehertu aurretik abiatu ginen Sellan gora. Arriondas arte errepide nazionala, aurrerago turistez lepo zegoen Cangas de Onis atzean utzi, eta pixkanaka Sellak Europako Mendietan egiten duen ebakiduran barneratu ginen, goranzko joeran, baina inoiz aldapa gogorrei aurre egin gabe. Errepideak Beyoseko arroilaren estugune itogarria igaro ondoren, Oseja de Sajambre herrixka kokatzen den zirku ederrean barrena jarraitzen du.

Oseja de Sajambreko janari dendan bazkaltzeko ogia eta tomatea erosi, alforjako karga berrantolatu eta beharrezko atsedentxoaren ondoren, berriro ere gorantz. Zuloa utzi eta mendi magaletan barrena Ponton mendateko gaina berdindu eta gero, eguneko ibilbidetik pixka bat desbideratuta, Panderruedas gaineraino igo ginen (1.425m). Eguna luze zihoan; gorputza egurtua, baina hura ikusmira: Europako Mendien harkaitzezko harresia aurrean eta horien oinean, ezker-eskuin, Sella eta Cares ibaien ebakidurak. Zoragarria.

Berriz ere Pontoneko errepidera itzuli eta Esla ibaiaren munduan sartu ginen. Beheranzko azkarrean, nahigabe, errepide zabalegi batean sartu ginen, eta biaduktu handiegi batzuetan barrena Riañoko urtegiak sorturiko horma etzana inguratzen hasi ginen; bat-batean, tripak ere nahasten hasi zitzaizkigun. Urrutira urbanizazio normal-normal bat gure edozein hirigunetan aurkitu dezakegunaren fotokopia.

-Mendi, begira ezak, hantxe egongo duk Riaño Berria!

-Ez zioat toki horri giro onik sumatzen, gelditu ere ez gaituk egingo!

-Igual mereziko dik bisitatxo bat, ea zer sentsazio jasotzen dizkiagun, ezta?

-OK! baina gero lotara hurrengo herrira, Boca de Huerganora.

Riaño vive

Gezurretan handiena; bidegabekerietan izugarriena; saminetan sakonena... Erraietaraino sarturik gelditu zitzaien bailarako biztanleei bere eskualdearen suntsipena ekarri zuen obra zoroak eragindako mina. Felipe Gonzalez buru zuen gobernuak, 1987ko abenduaren 25ean bukatu zituen Francok 1965ean hasitako lanak, eta Leongo ekialdeko mendietako eskualde emankorreko buru zen Riaño eta beste 15 herrixka desegingo zituen urtegiaren pareta itxi zuen. Urek estali zuten bailarako biztanleek ekologisten laguntzaz egindako borrokaldia; duintasunez egindako defentsa, trikimailurik ankerrenak erabili zituen boterearen aurrean. Riañok ordaindu zituen Lemoiz gelditzearen ordainak.

Egoera berria, sarraskia bizi zuten gehiengoarentzat jasangaitza bihurtu zen. Askok betiko desterrura joatea erabaki zuten, inork etsipenaren etsipenez bere buruaz beste egin zuen, eta penaz hildakoak ere egon omen ziren. Oparotasunaren bailara saminaren bailara bihurtu zen. Hala ere, Riaño oraindik bizi da, bertakoek ez dute ahaztu.

Kobazuloan

-Miel, hi beti berdin! Ez al duk ikasi behar? Potroetaraino nagok hire xamanismo, mistizismo eta pitokeriekin! Hik 'lotarako ez diagu hau baino toki hoberik aurkituko' esan eta nik zakil baten modura kasu egin. Begira nola gaudeken orain: kobazulo deseroso honetan lurrean etzanda,erlojuari begiratzeko gogoari eutsiz, saguzarren erasoak jasan beharrean, tximista eta trumoien konpainiekin, tapaki modura plastiko puska txar bat gainetik bota, eta egonean! ...A zer gaupasa!

-Lasai Mendi, lasaitzen saiatu behar diagu, nekatuak gaudek eta azkenean logurak irabaziko ziguk, bitartean, egunaren errepasoa egingo diagu, ea horrek laguntzen ziguken momentuko ezinegona baretzen.

Boca de Huerganoko ostatuko lo goxoaren ondoren, Aldapa goiti abiatu gara. Puerto de Picones-eko gainetik ikusgarri Riaño inguruko mendiak mendebaldera, ibar zabalak ekialdera eta izugarrizko mendi kozkorra iparraldera, segidan, sasi-ordekan, Palentziako lurretan sartu eta Velilla del Rio Carrionen gelditu gara.

Taberna bateko atean turismoa erakartzeko afixa: tarta erraldoi batetik irteten ari zen striper baten argazkia, eta haren oinean hizki larriz: «Velilla del Rio Carrion, ezkondu aurreko agur festak antolatzen espezializatutako hiria». Berriro ere aldapa gorantz, Ruta de los pantanos (urtegien ibilbidea) delakoan zehar. Palentziako mendialdean barrena dihoan ibilbide ederra, herrixka politak, bortitzegiak ez diren urtegiak eta, paisaiari nortasuna emanez, Palentziakobi mendi kozkor deigarriak: Aguerri,(2.459m) eta Curavacas (2.589m).

Ibilbidea Cervera de Pisuerga herri handiagoan amaitzen da. Izozki bat dastatuz herriko plazan, arratsaldeko giro lasaiaz kutsatu ginen: Athletic eta Euskal Herriko Surf Federazioaren elastikoak, poteoa, Erlantz eta Eider izenari kasu egiten zioten haurrak, euskal hiria!

Berriz ere bizikleta gainera lotako tokia aurkitzeko radarra martxan jarri genuen, mendialdera sartu ginen errepide lasai batetan barrena, eta mapan irakurri eta belarrira deigarria egina zitzaigun Perapetu herri txiki-txikiraino iritsi ginen, gaua hurbil zelarik. Herriaren ondoan, Mariren etxea izan liteken harkaitz dorrea eta kobazuloa...

Ebron behera

Kobazuloko gaua pasatu zen, gorputza erabat zurrunduta eta eguraldia ere goibel. Bidera atera, eta segi; inguru bakarti eta ederrean, zapelaitzak ere geldi, bere talaietatik mugitzeko adore gabe zeuden. Gorputzaldi txarrarekiniritsi ginen Pisuerga ibaiak sortzen duen lautadaren atarira; han dekadentzia usaina zerion Barruelo de Santullan meatzari gunea topatu genuen. Eguneko lehen helburua Reinosa izanik, Brañosera gainetik doan bidea hartu genuen, Palentziari adio esan, Duero ibaiaren adarretan bidaiatzeari utzi, eta Mediterraneora daramaten ibarretan murgildu ginen.

Brañoserako gainetik Golobarreko mendi-aterpera igotzen den bidea abiatzen da. Handik Iberiar penintsulako hiru isurialdeen lotunea den Hijar mendizerrara hel daiteke: Iparraldera, Kantaurialdea; mendebalde eta hegoaldera, Duero eta Atlantikoa; eta ekialdera, Mediterraneoraino iristen den Ebro izango denaren lehen errekastoak.

Azken norabide horri heldu genion, eta errepideak zuzenean Fontibrera eraman gintuen. Han dago ibai handiaren iturburu ofiziala: natur gune txikia, ederra eta berezia. Ez gintuzten batere harritu turista eta erreferentzia nazionalisten saturazioak.

Aurrerago, Reinosa, hiri nagusia, militar kutsuduna eta tristea. Girotzeko kafe bat, jarraitu beharreko ibilbideari buruzko pistak bildu, eta aurrera, Ebroko urtegiaren iparraldeko ertzean zehar. Kantaurialdetik astintzen zuten haize-euriak hegoaldera bultzatzen gintuen, eta jaitsiera leunaz gozatzeko aukera izan genuen. Forma, kolore eta paisaia berrietan zehar Ebroko arroilan barneratu ginen. Ordurako gorputzak nekea eta giro eskasaren ondorioak pilatuak zituen, alarmak piztear genituela, arroila ikusgarrian bira zoragarri baten atzean, eta, bat-batean, Orbaneja del Castillo. Herrixka harrigarria arroilaren erdian, ez-sinestekoa. Horrelakoetan gertatu behar duen bezala ostatuan bazegoen tokia:

-Kaña bat limoiarekin, mesedez!

Mirandara bidean

Orbaneja del Castillon, goizean abiatu aurreko ebakiarekin batera, hitz aspertuan tabernariarekin. Miranda Ebroko azukre fabrikan lana egindakoa, Mirandako negu gogorrez, krisiaz, turistez...

-Gureak uztail-abuztua biziberritzen dira, udan bertaratzen dira Bilbo, Leon, Madril edo Bartzelonatik industrietara lan egitera joandako herritarrak. Pal pueblo migrazio udatiarraren ondorioz, etxeetako paretak karez zuritzen dira, baratzeak landu, kaleak ibili, herri bazkariak egin, ederki moldatzen gara.

-Eta orain, krisia, ezta? (Argudioan jarraitzeko puntu originala, nirea).

-Orain krisia, bai- dio tabernariak- orain aitona-amonei bilobak zaintzea tokatzen zaie, eta ez dira hain erraz etortzen.

-Zenbat da?

Ebroko barrunbeak Sedanoko ibarraren aldetik utzi genituen, paisaia aldaketa bat-batekoa eta erabatekoa izan zen, berdetik horira, arroila estutik horizonte mugagabera, babesetik zabaldi haizetsura. Paramo de la Masa izeneko goi lautadan ginen. Haize errotak mugitzen zituen haizeak gu gelditzen saiatzen zen. Nahiko lan egin ondoren, ordokiaren beste aldera heldu eta jaitsiera gustagarria egin genuen, Poza de la Sal herri monumentalera. Bureba ibar eder eta oparoaren ertzean aurkitzen da. Bestaldean, Oñako mendilerroa eta Obarense mendiak, eta haien atzean, Miranda Ebroko lautada eta tren estazioa.

Portillo de Busto zen bidaiako azken igoera. Espero baino gogorragoa bihurtu zitzaigun, eguzkia eta haizea zela medio. Handik ikuspegia zabal-zabala da: Burebako lautada, Demandako mendiak urrutira, eta bestaldean, Pancorbo eta Frias arteko mendilerro basatia. Bidaia bukatzen ari zen, eta bidegurutzean dudak. Errepidea jarraitu, eta Frias, Garoña, Sobron eta Miranda Ebroraino lasai-lasai iritsi edo abentura pixka bat luzatu:

-Mendi, zer esaten duk? Bidexka honek seguru badikela Miranda aldera irteera, mapak bide-antzeko bat dirudien marra fin bat zegok. Animatuko al gaituk Obarense mendien erraietara sartzen?

@Riañoren erailketa: http://www.elmundo.es/elmundo/2007/07/05/ecologia/1183621549.html. http://www.youtube.com/watch?v=sKloM6lHCKQ.

Riaño bizia: http://recuperarvalleriano.blogspot.com/. http://www.facebook.com/group.php?gid=70057558499. http://www.altoesla.com.

Riaño ofiziala: http://www.fontun.com/riano/. http://www.montanariano.com/riano.html.



Lagunartea

'Tunari'. EL Altoko (Bolivia) denda atarian nengoen ostegunetako merkatuaren zurrunbiloari lasai begira. Han etorri ziren bi gringo luze; batek hartu eta hantxe gidatu ninduen aldapan behera La Pazeraino. Gero etorri ziren Cuzco, Arequipa, Amazonia, Done Jakue bidea, Larra-Larrau eta beste hainbat ibilera... Azken aldian denbora gehitxo pasatzen dut trastelekuan, eta herdoilak eta olgurak jota nago, baina martxa hartzen dudanean, ez dut berriro gelditzeko gogorik izaten, keep on moving.

'Miel'. Ez dut hipotekarik ordaintzen. Normalean, Bidasoa eta Oiartzun ibaien artean aritzen naiz. Parranda eta koadrila garaian grazioso horietakoa izaten nintzen, orain hiru emakumerekin bizi naiz, eta ni bezalako tipo xinple batentzat batzuetan hori gehitxo izaten da.

'Mendi'. Ni hi nauk edo hi ni haiz, edo gaituk, etzekiat oso ongi. Hi ttakuna eta ni errena, bidaietan gure txalaparta berpizten duk: batzuetan, tertulian; bestetan, sesioan; askotan, isilik. Eskertzen diagu bidaian gertatutakoa partekatzeko aukera izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.