EZARIAN. SOUSTONSEKO LAKUKO BIRA. Landetako hezeguneen xarma

Soustons herria Landetako eskualdean dago (Frantzia), Ozeano Atlantikotik kilometro gutxira. Herriaren inguruko paisaia bikaina bada, ondoan dagoen aintzira bati zor zaio hein handi batean. Urak erakarrita, gainera, ehunka arraunlariren bilgunea izan ohi da Soustons bera. Ibiltariek, berriz, basoan bisita polita egingo dute: hogei kilometroko ibilbide lasaia aintzira inguratzen duen landaretza oparoa ezagutzeko.

Josean Gil-Garcia.
2009ko uztailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Soustons lakuko itzuli aparta izen bera duen herrian hasiko dugu. Baiona inguratuta, Bordele aldera egin, eta Akizeko desbideratzera heldu aurretik, Soustonsera eta Vieux-Boucaura doan errepidea hartuko dugu. Turismo bulegora iritsi gabe, eskuineko kaletik egingo dugu, eta lakuranzko bidea adierazten duten seinaleei jarraituz, Pointe des Vergnes parkera iritsiko gara. Aurrez aurre, ur lamina: Soustonseko hezegunea da, Landetan daudenetako bat. Oso handia dirudien arren, lauzpabost orduko -hamaiketakoa barne- itzuli polita burutu daiteke haren inguruan. Bizikleta gustuko dutenek ere parada bikaina dute, laku inguruko basabideak egokituak baitaude.

Argibide taularen aurrean, eskuinera jo eta urtxintxa jauzkariak hartzen dituen parkean sartuko gara. Mantso-mantso ibiliko gara, bertoko espezieak ez baitira nolanahikoak; izan ere, lorategi botaniko baten antzera atonduta dago jakin-minez dabilen bisitari orok espezie bitxiei arretaz errepara diezaien. Parkean metro batzuk egin eta berehala, aintzira apurka elikatzen duen errekastoaren gainetik igaroko gara. Ondoren, kostaldea korritzen segitu, eta Vergnes etorbidera iristean, aurrera egingo dugu. Lakuko etorbideari helduta, ordea, ezkerrera hartu eta Likidanbarren etorbidera iritsiko gara. Hurrengo bidegurutzean ezkerrera joz, lakura iritsiko gara berriz ere. Aurreragoko bide sardan zuzen egin, eta 60 metro egin ostean, ezkerraldetik irteten den bidetik segituko dugu mimosa batzuk hazten diren lekuraino. Norabidea aldatzeko xedez, eskuinetik doan xendari ekingo diogu gero. Lakutik pitin batean aldenduta ere, natura nonahi senti daiteke: hasieran txalet batzuk babesa ematen dieten zuhaixken ondotik gidatuko gaitu bidexkak; haritz sendo batzuen artean, ondoren. Hala, ibilian-ibilian Soustons-Marensineko Belaontzi klubera iritsiko gara, begi kliska batez.

Labartheko zubirantz

Aintziraren paretik segituta, errekasto bat gurutzatuko dugu. Ur emari eskasa eraman ohi duenez, ez digu ertzez aldatzeko arazorik emango. Teculere kalea alde batera utzita, zuzen segitu eta, platanoak inguratuz, aurrera ekingo dugu. «Sans issue» (irteerarik gabe) seinalea ikustean, eskuinera jo eta hariztirantz bideratuko ditugu gure pausoak. Gero, Layeste kalea bazter eginda, Tuc de Barre deritzan bidetik ekingo dugu ezkerreko bideari muzin egiteaz batera. Zubi txiki bat igaroko dugu aurrerago. Malakof deritzan bidea alde batera lagata, zuzen doan bideari ekingo diogu, eta pinudirantz zuzenduko gara. Behin barrera gurutzatuta, pinudian barrena segituko dugu, eskuin-ezker egin gabe. Aurtengo denboraleak eragindako kaltea nabarmena izan baita, errotik aterata itsas pinu ugari ikusiko ditugu han, tamalez. Beste zubi bat gurutzatuko dugu berehala. Zuzen segituz, bidexkari men eginez, Azur-Rivage kanpinera iritsiko gara.

La Paillote aldera egingo dugu segidan, lakuaren gaineko ikuspegi zoragarria izango dugula. «Clairière des cyprès chauves» adierazten duen seinaleari kasu eginda, errepidera irten eta Le Pesquite etxaldera joko dugu. Pinudiaren babesa bilatuko dugu segituan, eta jaitsiera xumea egin ostean, etxalde polit baten ondora iritsiko gara. Errepideak egingo duen moduan, eskuinera joko dugu guk ere, eta, itsas pinuak gogaide, lakuaren ipar-isurialdea korritzeari eutsiko diogu. Pinuen babesean, gainera, tamaina handiko artelatzak (Quercus suber) ikusiko ditugu. Landetako paisaia goitik behera aldaraziko luketen pinu lirainak etorri baino lehenagoko basoetako lekukoak, segur aski. Adi ibiliko gara errepidean aurrera minutu batzuk eman ostean; izan ere, Chuc etxalde ederrera iritsitakoan, errepidetik irten eta ezkerrerantz abiatuko gara. Ondoko bidegurutzean, eskuinera hartu eta suhiltzaileentzat egokitutako ur gune bat inguratuta, basorantz joko dugu. Hariztitik irtendakoan, zuzen egingo dugu, ikusiko ditugun desbideratzeak bazter eginda. Hala, Piquere aterpera iritsiko gara paseo gozo baten ostean. Eskuinera egingo dugu bertan, eta etxetik hurbil-hurbil, ezkerrera. Nahiz eta ur emaririk ez dugun bertan ikusiko, errekasto baten ondoan ibiliko gara segituan, hots, Piquere etxea atzean utzi eta berehala. Tuqueouko basora iristean, bide nagusitik jarraitu eta desbideratzeei muzin egingo diegu. Hartxintxarrezko pista batean, eskuinera okertu eta bidegurutzeraino segituko dugu. Chuceko baserri ondoan lagatako errepidera berriz ateratzeko aukera dugu han. Behin errepidean, ezkerrera egin, eta asfaltoari eutsita, Labartheko zubira iritsiko gara.

Chinebaouko zirkuitoa

Lakuko birari euste aldera, errepideaz bestaldean doan basabideari ekingo diogu. Lehen bihurgunearen ostean, gorantz abiatzen den bideari ekingo diogu pinudia korritzen duten beste xenda batzuekin bat egin arte. Chinebaouko zirkuitu beltzari dagozkion trazak ikusiko ditugu han, besteak beste. Bide sardan ezkerrera eginez, kolore askotako pintura arrastoa lagun, bost pistek bat egiten duten lekura iritsiko gara. Zuzen-zuzen egiten duen pistari ekingo diogu guk. Airial kanpineko itxituraren paraleloan eginda, Kanpineko sarrera nagusira hurreratuko gara. Biribilgunean, lakuaren ondorantz zuzendu eta Les Pieds dans l'o txabolaren paretik igarota, errekasto baten paraleloan segituko dugu zubira iritsi arte. Zubia gurutzatu ondoren, eskuinera egin eta kaleak gogaide aintzira inguratzen segituko dugu. Belaontzi eskola paretik igarota, ibilbideari hasiera eman diogun parkera iritsiko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.