Suzko mendia esaten diote: Merapi. Azken egunetan ez die su-etenik eman Javako biztanleei. Uharteko sumendiaren erupzioaren eraginpean dagoen eremu osoak errauspean jarraitzen du ia bi aste igaro eta gero. Joan den urriaren 26an hasi zen ke jarioa indartzen kraterrean, eta segidan iritsi ziren hark iragartzen zituen laba eta errauts gori suntsigarriak. Atzoko erupzioarekin maila gorena hartu du, bulkanologoen ustez, eta ordu gutxitan 69 hildako eragin ditu. Dagoeneko 113 dira zerrenda ilun horretan sartu beharrekoak.
Sumendiaren magalean bizi diren milaka biztanle aterarazi zituzten lehen egunetan, eta ordutik oinarrizko harrera zentro xumeetan daude, 100.000 inguru guztira. Nekazari txiroak dira asko, tragedia pairatzen dutenak. Gehien-gehienak etxera itzultzeko desiratzen daude, baina ez dute zorte handirik. Bulkanologoen iragarpenak euren interesen aurka doaz: Merapiren erupzioak hilabeteak iraun dezake; atzoko leherketa izugarriari erreparatzea besterik ez dago: 750 gradutan zabaldu zen laino toxikoa; leherketa hogei kilometrotara entzun zuten. Dena den, kraterrak jaurtitzen duen zikinkeriaren araberakoa izango da agintarien erabakia. Keak, errautsak eta labak atzera egiten badute, segurtasun perimetroa txikitu edota kendu egingo dute. 2.194 metroko altuera du kraterrak, eta handik hamabost kilometrotara hedatzen da perimetro hori, eta haren barruan zeuden atzo hildakoak.
Armadako soldaduek babesten dute segurtasun eremua, eta ez zaie lanik falta. Nekazari asko gauez euren etxaldeetara itzultzen saiatzen dira; euren uztak, euren etxea babestu nahi dituzte. Badira, bestalde, poliziengandik gordetzen direnak, nahiago dutenak euren etxeetan arriskuari aurre egin harrera zentro arrotzetan egon baino. Hainbatek larrutik ordaindu du.
Javako zaharrenek ongi ezagutzen dituzte sumendiak. Ozeano Bareko Suzko Eraztunean dago Indonesia. 400 sumenditik gora daude munduko eremu hartan, eta 129 bizi-bizirik daude egun. Merapik du jarrera oldarkorrena. Estrato sumenditzat jotzen dute bulkanologoek, kono konposatutzat. 1930ean eragin zuen hondamendi handienetakoa Javan. Leherketa erraldoi hark 1.300 lagun hil zituen.
Natura sumendien bidez hitz egin nahian dabilela dirudi azkenaldi honetan. Indonesiako beste irla batean, Flores uhartean, beste sumendi bat esnatu baita. Egon sumendian gero eta jarduera handiagoa sumatzen ari dira bulkanologoak, eta agintariak neurriak hartzen hasi dira.
EZARIAN. SUMENDIAK. Merapiren haserrea
Dagoeneko, 113 dira Java uharteko Merapi sumendiaren erupzioak eragin dituen hildakoak. Urriaren 26an hasi zen errautsa, gasa eta laba jaurtitzen, eta Ozeano Bareko Suzko Eraztunean dagoen sumendiaren leherketak ez du etenik oraingoz. Atzo, erupzio handiena izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu