EZARIAN. URRIKO AZKEN ASTELEHENEKO AZOKA GERNIKAN. Markak hautsi dituen azoka

Aranburu elkartekoen gazta erdia 7.700 eurotan erosi du Mungiako Taskas jatetxeak, Gernikako urriko azken astelehenean

Ibai Maruri Bilbao.
Gernika-Lumo
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Eguraldiak eutsi zion, eta Gernika-Lumo (Bizkaia) mukuru bete zen urriko azken astelehenez. Euskal Herriko nekazaritza azoka garrantzitsuenetako bat dela argi geratu da berriro ere. Iaz baino 36 erakusmahai gehiago izan dira, gainera.

Gehienak gazta saltzaileak ziren, eta lau sari banatu ziren lauren artean. Lehen hirurak irabazi zituzten gazten erdiak enkantean saldu ziren. Sari nagusia Idiazabalgo Aranburu elkarteak egindako gaztak eskuratu zuen. Haren erdiagatik 7.700 euro ordaindu zituen Mungiako (Bizkaia) Taskas jatetxeak, marka hautsiz.

Juan Jose Aranburu ere harrituta zegoen. Bera da gazta sarituaren egilea. «Ez dakit gure gaztak hainbeste balio duen, guk 12 eurotan saltzen dugu; baina baietz dirudi», zioen enkatea egiten ari ziren bitartean. Normalean 12 eurotan saltzen dute gazta erdia. Sariei dagokioenez, urte ona izaten ari direla esan zuen, eta gazta ere kalitate handikoa atera zaiela azaldu zuen. «Maila honetako gazta lortzeko, hainbat faktore alde izan behar dira».

Gernika-Lumoko azoka plazarik onena dela zioen, «Ordizia baino hobea». Eta saria irabaztea garrantzitsutzat jo zuen: «Salmentetan nabaritzen da. Jendeak gazta sarituak erosi nahi ditu».

Adela Andikoetxea urduliztarra eta Jose Etxebarria gatikarra, ostera, ez ziren harritu haien izenak entzuterakoan. Ortuarien eta fruten saileko sariak irabazi zituzten, hurrenez hurren.

Txakolingileen artean, Arangureneko Txabarri txakolinak irabazi zuen zurien saria. Bakioko Abio txakolinarentzat izan zen gorrien sailekoa. Bakioko Zabala txakolina izendatu zuten, azkenik, azokako beltz onena. Eztiei dagokienez, Kortezubiko Javier Larrinagak eta Zornotzako Valentin Llonak jaso dituzte txilar ezti eta ezti milalore onenari dagozkien sariak, hurrenez hurren. Bizkaia Irratiak, berriz, astelehenero azokan izaten diren baserritarrak saritu zituen.

Prezioetan, aldea

Azken asteetako asteleheneroko azokekin alderatuz, hainbat produktu garestitu egin dira. Berbarako, urriko lehen astelehenean, 10, 11 eta 12 euro eskatzen zituzten baserritarrek, indaba zuriagatik, tolosarragatik eta gernikarragatik. Atzo, ostera, lehiaketan parte hartu zuten hainbat saltokitan 12, 16 eta18 euro ere eskatzera iritsi ziren.

Tomate kiloa 2,75 eta 4,5 artean aurkitu zitekeen. Sei dozena piper berde 5 euro inguru kostatzen zen. Erretzekoa, berriz, 3 euro, eta 2 pikilo piperra. 8 euroan saldu zen intxaur kiloa, 1,50 beranduko euskal errege sagar, eta euro baten truke eros zitekeen bost kantoi motako sagar kiloa. Edariei dagokienez, 6 euro balio zuen txakolin botilak, 3 euro sagardoarenak.



Sarituak

GAZTA LEHIAKETA

1. Aranburu elkartea (Idiazabal)

ORTUARIEN LEHIAKETA

1. Adela Andikoetxea (Urduliz)

FRUTEN LEHIAKETA

1. Jose Etxebarria (Gatika)

TXAKOLINLEHIAKETA

Txuria 1. Txabarri txakolinak (Aranguren)

Gorria 1. Abio txakolinak (Bakio)

Beltza 1. Zabala txakolinak (Bakio)

EZTILEHIAKETA

Txilar eztia 1. Javier Larrinaga(Kortezubi)

Milalore eztia 1. Valentin Llona (Zornotza)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.