Mendeetan zehar heriotzarekin zigortzen zuten zetaren ekoizpenari buruzko informazioa eta zeta harrak Txinako inperioko mugetatik ateratzea. Hala, denbora luzean, serizikulturaren arteak ez zuen lekurik ezagutu munduan, Txinan izan ezik.
Zetaren ekoizpenaren ezkutuko kontuak zabaldu ez ziren arren, Txinatik tela zati koloretsu eta distiratsuak esportatu zituzten, eta aurki, zeta objektu preziatu bilakatu zen.
Materialaren balioaz jabeturik, merkatariek, lapurrek eta espioiek lortu zuten sekretua eta zeta harrak enperadoreen kontrol zorrotzetatik ateratzea, milaka urtez txinatarren babespean egon ondoren.
Japoniarrak izan ziren lehenak bizilagunen sekretua ezagutu zutenak. Zeta harrak lapurtu eta ehun hori ekoizten zuten hainbat emakume bahitu zituztela diote kondairek. Japonian ere tela hori ekoizten hasi ziren arren, sekretua ez zuten zabaldu.
Mendebaldera, berriz, askoz beranduago heldu ziren zeta harrak. Material haren kontsumitzaile amorratuak ziren erromatarrek, zeta zuhaitz batetik eskuratzen zela uste zuten. Azkenik, K.o. 552. urtean, Bizantzioko enperadorearentzat lan egiten zuten bi fraidek Konstantinoplatik (egun, Istanbul) harren arrautzak lortu zituzten kontrabandoan, eta banbuzko bastoietan ezkutaturik enperadoreari eraman zizkioten. Gertaera hark Txinak urteetan gorde zuen sekretuaren amaiera ekarri zuen. Bizantziarrek, halere, ez zuten zeta nola ekoizten zen azaldu, Europako produkzioaren monopolioa eskuratu baitzuten horrela.
Ekoizpen prozesua
Milaka urteetan egin dute zeta txinatarrek, baina ekoizpen prozesua bere horretan mantendu dute hainbat eskualdetan. Kantonen, adibidez, lan guztia eskuz egiten dute oraindik, eskuzko ehundegien bidez, mundu guztian preziatua den ehuna produzitzeko. Antzinako Txinan enperatrizen eta errege-erreginen familiako emakumezkoek soilik hezi zitzaketen harrak eta zeta hariak ehundu. Gaur egun, ordea, gizonezkoek ere ekoizten dute zeta.
Masusta zuriaren hostoekin soilik elikatzen dituzte Bombyx mori espezieko harrak, 4-6 asteetan. Kuskua egiteko nahikoa pisu lortzen dutenean, txoko batean euren burua estaltzeko zetazko kuskua egiten dute hiruzpalau egunetan. Kilometro bat luze denhari bakar batekin biltzen dira harrak. Ugalketa ziurtatzeko, har batzuei prozesu osoa egiten uzten diete, hau da, kuskutik sits gisa ateratzen dituzte arrautzak jartzeko. Gainontzeko kuskuak zeta egiteko erabiltzen dituzte ur irakinetan hondoratuz, ustez Xi Ling-Shi erreginak K.a. XXVII. mendean egin zuen bezala. Horrela, harrak barrutik atera eta harizpiak lortzen dira, kilometro bat luze direnak. Haria sortzeko hainbat harizpi elkartzen dituzte, eta harizpi kopuruaren eta horiek elkartzeko egiten diren korapiloen araberakoa izango da zeta.
Material zaila, arina eta isolatzailea da, eta erabilera ugari eman izan zaizkio zetari. Aberastasunaren iturri izan da historian zehar, eta nobleziari lotutako ehuna izan da. Txinan, antzinean, zetan oinarritutako protokolo kode zorrotza zuten, hala, koloreak eta janzkiak gizabanakoen estatusa markatzeko erabiltzen ziren.
Bizikleten pneumatikoak, bolbora gordetzeko poltsak eta arteria protesiak egiteko ere erabiltzen da, baina, batik bat, jantziak egiteko baliatu izan da historian zehar. Lehen Mundu Gerra baino lehen, bolboraren garaian, balentzako atorrak ere zetarekin egiten zituzten. Mongoliako Inperioa sortu zuen Genghis Khanen gerlariek ere zetazko alkandorak erabiltzen zituzten, gezietatik babesteko.
Idazteko euskarria ere izan da aspalditik, Txinan luxuzko papera egiten zuten zetarekin. Hain zuzen ere, txinatarren beste asmakuntza handiena, paperarena, alegia, zetaren ekoizpen prozesuaren aurkikuntzatik datorrela diote historialariek.
Garai batean txanpon gisa ere erabiltzen zen, eta opari diplomatiko preziatuena bilakatu zen. Enperadoreek bakearen truke zeta kilometroak eta kilometroak oparitu zituzten.
'Made in China'
Milaka urtez sekretua gordeta ere, txinatarrek ezin izan zuten saihestu zeta mundu osoan ekoitzi zedin. XVIII. mendean industria iraultzaren aurrerapenak ehungintzara heldu ziren, eta Europan zeta ekoizpena izugarri handitu zen. Kontinente zaharreko zetaren ekoizpenean hondamendia eragin zuen parasito bat heldu zen, harren heriotza eragiten zuena. Louis Pasteur zientzialariak parasito hura saihesteko irtenbidea aurkitu zuen, baina ordurako ehungintzaren sektorea kalteturik zegoen. Fibra kimikoen asmakuntzak ere sektorearen gainbehera areagotu du azken urteetan. Baina, egun, zetaren ekoizpenaren nondik norakoak sekretu zirenean bezala, Txina da munduko ekoizle nagusia.
Txina Europarekin lotzen duen zetaren bidea munduko merkataritza ibilbide garrantzitsuenetakoa da. Zeta garraiatzen zuten batik bat, baina budismoa eta islama zabaltzeko bidea ere izan zen.
Ekialdea eta sartaldea lotzen dituen haria
E. Epelde.Ez dira oso abegikorrak Txina, Europa eta mendebaldeko Asiatik barrena dauden lurrak. Eremu idor eta latzek mendeetan zehar bakartu dute Txina munduko gainontzeko herrialdetatik.
Takla Makan basamortuko klima gogorra naturak eraikitako hesia da, Gobiko basamortua, eta Himalaya, Karakorum eta Kunlun mendilerroak bezalaxe. Xede politikoek, militarrek eta merkataritza helburuek, ordea, bideak zabaldu zituzten, Txina mendebaldearekin lotzen duen zetaren bidea sortuz.
Kristo aurreko mendeetan kokatzen da Asia eta Europa lotzen dituen hariaren sorrera, baina zetaren bidea izendapena Ferdinand von Richthofen geologoak eman zion, XIX. mendean.
Persiako Inperioaren jabegoa Indiako lurretaraino heltzen zen, k.a. 500. urte inguruan, eta mugakideen arteko harremanak, bidearen mendebaldeko zatia sortu zuen. Han, dinastiako (K.a. 202tikK.o. 220ra) Wudi enperadorea, lurrak babesteko asmoz, inguruko herriekin aliatzen saiatu zen, Xiang-Nu herri nomada mendean hartzeko. Helburu harekin Zhan Qian buru zuen espedizioa abiarazi zuen inperioko Changan (egun Xian) hiriburutik. Itzuleran eramandako aurkikuntzek enperadorea txunditu eta espedizio gehiago bidali zituen mendebaldeko lurretara. Misio horietan Persiako lurretaraino heldu ziren, mendebaldea ekialdearekin lotzen duen bidea irekiz. Zeta bidearen lehen bidaiari gisa ezagutzen dute Zhan Qian Txinan.
Txinara zihoazen karabanek urrea, marfila, harribitxiak eta kristala garraiatzen zituzten, besteak beste. Ekialdetik mendebaldera, berriz, zeta ez ezik, larrua, zeramika, brontzea, laka eta burdina eramaten zuten. Gehien garraiatzen zena, hala ere, erlijioa izan zen. Indiatik budismoa heldu zen Txinara zetaren bidetik, eta islamarentzat ere hedapen bidea izan zen. Erromako Inperioa (K.a. 27tik K.o. 476ra), botere egarriz, ipar, hego, ekialde eta mendebalderantz hedatzen hasi zen, eta laster gailendu zen Persiako lurretan. Zetaren fanatiko bilakatu ziren, eta inperioko hirietan urrearen prezioan saltzen zen, merkataritza sustatuz. Txinatik metroka heltzen zen zeta, bere ekoizpenaren sekretua zabaldu gabe.
Ibilbide osoa burutzea ia ezinezkoa zenez, tartean sortu ziren bitartekariak laster aberastu ziren. Ez ziren bakarrak izan, aurki azaldu baitziren bidelapurrak. Alde bietako agintariek bidearen segurtasunean inbertitu behar izan zuten, harresiak eraikiz eta gerlariak bidaliz. Txinako Harresi Handiaren zati bat zetaren bidea babesteko helburuarekin eraiki zuten, hain zuzen ere.
Bidearen goraldia
Tang dinastiaren garaian (K.o. 618tik K.o. 907) lortu zuen ibilbideak oparotasun gorena. Changan hiria, zeta bidearen abiapuntua, garaiko hiri garrantzitsuenetakoa bilakatu zen. Merkataritza sustatu zuen Tang dinastiak, eta tela haren joan-etorria etengabea zen haien agintaldian. X. mende hasieran, Tang dinastia erortzearekin batera, bidearen gainbehera izan zen. Itsasbideek hartu zuten merkataritzako trafikoaren gehiengoa. Gainera, serikulturaren artea hedatuta zegoen jadanik. Mongoliako bandek eragindako oldarraldi eta erailketa masiboek ere gainbehera hartan eragina izan zuten, eta merkatariek itsasoa hautatzea ekarri zuen.
Zetaren bide osoa egin zuen lehen europarra Marko Polo izan zela uste da, 1271an. Batzuek diote lehenagotik hainbatek bidea egin zutela, eta Poloren kontakizunak sinesten ez dituenik ere badago.
Zeta ibilbidearen oasi ziren hiri aberatsak, kale jendetsuak eta gotorlekuak, iraganeko agortasunera itzuli ziren, eta oparotasunaren hondakin gisa diraute egun.