Horrek esan nahi du, JAXA Japoniako Espazio Agentziaren arabera, Hayabusa misioak bai, lortu duela bere helburua: Itokawa asteroidearen laginak ekartzea. Hori bai, hainbat arazo eta oztopo izan zituen misioak, ia lehen egunetik. Horregatik, laginak nahi baino eskasagoak direla pentsa liteke: 1.500 partikula, bakoitza hamar mikrometroko diametrokoa (ile bat baino meheagoa).
Baina, partikula horiek Lurretik 300 milioi kilometrora dagoen asteroide batekoak direla pentsatzen hasita, japoniarrena sekulako lorpena dela ondoriozta daiteke; arrakasta itzela JAXArentzat. Asteroide batetik laginak ekarri diren lehen aldia da.
2003ko maiatzean aireratu zen Hayabusa (belatz handia) ontzia espaziorantz, eta 2005eko irailean iritsi zen Itokawa asteroidearen inguruetara. Bidean, ordea, istripu larri bat izan zuen espaziontziak, itzelezko eguzki erupzio batek haren zelula fotovoltaikoak hondatu baitzituen. Argindar galerak, espaziontziaren ibilaldia atzeratzeaz gain -berez 2005eko ekainean iritsi behar zuen asteroidera-, hainbat egitasmo bertan behera uztera behartu zuen JAXA. Gero, kokapena ezartzeko mekanismoek kale egin zuten, eta espaziontziak asteroide azalean lurreratzeko lehen saioak kale egin zuen, nabigazio sistemaren akatsengatik. Teknikariek atzera berrantolatu egin zuten misioa, baina 2005eko azaroaren 12an Minerva zunda Itokawan uzteko operazioak ere kale egin zuen.
Azaroaren 19an, Hayabusa bera asteroidearen azalean ezartzen ahalegindu ziren, laginak biltzeko prestatua zuen besoa erabili ahal izateko. Alferrik. Bi ahalegin egin zituzten eta komunikazioek kale egin zuten bietan, ontziaren segurtasun sistema aktibatuz eta lagin bilketa eragotziz. Baina, nonbait, saioetan zabaldutako hautsetik partikula batzuk Hayabusa-ren barnera iritsi ziren. Aukera hori behintzat ez zuten baztertu JAXAn.
Baina espaziontzia Lurrera itzuli behar zen. Berez, itzulera 2007. urterako ziren egitekoak. Baina hainbat eta hainbat arazo izan zituzten Hayabusa Lurrera abia zedin lortzeko. Banaka-banaka gainditu zituzten oztopo guztiak teknikari eta zientzialari japoniarrek. Arazo ugariren ostean, 2010eko ekainaren 13an Hayabusa-ren 510 kiloak Lurreko atmosferan sartu ziren, meteorito baten abiadan.
Espero bezala, ontziaren zati handiena desintegratu egin zen. Paraxut baten laguntzaz, berotik babesturiko kapsula bat lurreratu zen Australiako hegoaldean, Woomera Prohibited Area izeneko tiro eremuan. Hantxe jaso zuten japoniarrek, konturik handienarekin, kapsulak 300 milioi kilometrora dagoen asteroidearen hautsa gorde zezakeelakoan.
«Ez dakit nola deskribatu gure ametsetatik haratago dagoena; hunkituta nago», azaldu zuen asteartean Junichiro Kawaguchi Hayabusa proiektuaren zuzendariak, asteroideko hauts partikulen albistea ematerakoan. Misioak, orotara, 200 milioi dolarreko kostua izan du.
Ontzi batek kanpotik Lurrera ekartzen duen laugarren material sorta da Hayabusa-k ekarritakoa. Aurretik AEBen zein Sobietar Batasunaren misioek Ilargiko arrokak ekarri zituzten; Stardust ontziak (NASA) kometa hautsa ekarri zuen, eta Genesis ontziak (NASA), eguzki haize-partikulak.