EZARIAN. ZIENTZIA. Bai mundu zirraragarria!

Eider Carton.
2010eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Ez dakit Craig Venter gustatzen zaidan edo ez zaidan gustatzen. Eta, egia esan, berdin-berdin dio, baina bada azken urte hauetan interesa piztu didan norbait. Giza Genoma Proiektuaren pelikula egingo balitz, berarentzat izango litzateke ia seguru pertsonaia gaiztoaren rola. Izan ere, akusazioa ez da edonolakoa: giza zein zientzia-ekintza intelektual handi bat lasterketa komertzialaren lokatzetan zikindu zuen, berak bakarrik, proiektu publikoari egindako pultsu pribatuaren bidez. Venterrek istorio horren beste bertsio bat kontatzen du, jakina, eta, Venterren lehia katalizatzaile bikaina izan bazen ere, nekez libratuko da gaiztoaren roletik. Saiatu ere ez, gainera.

Zientzialari bezain negozio-gizon, komunikatzaile bezain izar mediatiko, gutxik egiten diote gorazarre. Ekarpen zientifiko bikainak baino gehiago, gaitasun teknologiko eta konputazional handi baten erakustaldiak ei dira haren lanak. Maisua da egindakoak eta egin nahi dituenak zalaparta handiz iragartzen, baita, askoren ustez, egindakoa baino gehiago saltzen ere. Gehitu horri guztiari baliatzen dituen finantziazio-iturriak eta patente-kontuak, eta emaitza garbia da: itxura batera, gutxi du -edo ezer ez- Venterrek zientzialari intelektual erromantikoaren profiletik. Berak esana da: «Niregan egin dudan funtsezko deskubrimenduetako bat [hura baliatu ahal izateko bezain gazterik] izan da erabakita nagoela biziari probetxua atera eta bizia ulertzera. Jakin-min zientifikoak baino zerbait gehiagok propultsatzen du bultzatzen nauen motorra» .

Ez naiz ni hasiko ebaluatzen Venterren bakterioa ekarpen zientifiko edo tekniko hain handia ote den, hori egiteko gaitasuna duten beste batzuek egin baitute dagoeneko. Baina genoma sintetiko batek kontrolatutako zelula bat sortzea aukeraz betetako lorpena dela iruditzen zait, bizi artifiziala sortzetik urrun egonagatik, ostalaria bera sintetikoa ez izanagatik, eta genoma bera kopia huts bat izanagatik. Besterik gabe, zirraragarriak iruditzen zaizkit bai Craig Venter Institutuan egindakoa, bai eta biologia sintetikoa bera ere. Mundu berri zirraragarri bat, eta ez mundu berri beldurgarri bat.

Ez dut inuzentekerietan erori nahi. Gure garapenaren ibilbideak erakutsi digu ulermen sakonaren eta gaitasun teknologikoaren segida ez datozela askotan ordena horretan, eta itxura guztien arabera, arlo horietako bat izango da biologia sintetikoarena. Halako bertigo sentsazio batek hartzen gaitu, gainera, pentsatzen dugunean erabat berriak diren bizidunak sortzeko gaitasuna geureganatzen ari garela; kimika bizia kimika bizigabetik sintetizatzeko gai izango garela agian. Baina kendu biziaren sorrerari estalki mistiko guztia, eta ez dakit eman ditugun beste pausoetatik hain desberdina ote den hau, izan ditzakeen arriskuen ikuspegitik. Esan nahi dut, arma biologikoak asmatuta dauzkagu, eboluzioan eta ekosistemetan aspaldian ari gara eragiten, eta bizidunak artifizialki sortzeko gaitasuna ere ez da berria. Biologia sintetikoak konplexutasuna eransten dio dagoeneko gobernatu beharrean gauden arriskuen eta kezken zerrendari, baina erronka zirraragarria da, aldi berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.