EZARIAN. ZIENTZIA. Egia ez da aski

Eider Carton.
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Zientziaren komunikazioak duen etsai eta erronka handi bati buruzko bideo zoragarri bat dago Youtuben. 2006koa da, eta, bertan, Neil deGrasse Tyson astrofisikari eta dibulgatzaileak kritika zorrotz bat egiten dio Richard Dawkins biologo eta dibulgatzaileari. Estatu Batuetako Edge Fundazioak antolatutako jardunaldi batzuetan gertatu zen. Sinesmenaz harago: zientzia, erlijioa, arrazoia eta biziraupena zen topaketen gaia, eta, Dawkinsen hitzaldia amaituta, Dawkinsenak hitz eder bezain eragin txikikoak izan zirela bota zion Tysonek, errespetu eta umore handiz, estilo zorrotzegia eta sendoegia erabiltzen duelako beti.

Luzeagoa da bideoa, baina zati hau transkribatu nahi izan dut zutabera, oso ondo jasotzen duelako erronkaren korapiloa: « (...) Zientziaren ulermen publikoa irakasten duzu, ez egia gizartera eramaten. Bi ariketa desberdin dira horiek. Batean egia jartzen duzu hor kanpoan, eta, zuk esan duzun bezala, liburua erosten dizute edo ez. Baina hori ez da hezitzaile izatea, gauzak esatea da, besterik gabe. Hezitzaile izatea ez da bakarrik egia zabaltzea; konbentzitze-ekintza bat ere izan behar du berarekin. Eta konbentzitzea ez da esatea 'hemen daude egitateak, eta tontoa zara edo ez zara'. Konbentzitzea da esatea 'hemen dago errealitatea, eta hemen duzu zure aldartearekiko sentiberatasuna'. Bi osagai horien batura ematen denean gertatzen da inpaktua».

Edozein arlo eta eratako komunikazioaren ezinbesteko osagaiak dira Tysonek aipatutako biak -arrakasta izatekotan, behintzat-: egiak kontatzea, eta konbentzitzea. Eta, teorian, zientziak dena du alde, horretan. Izan ere, kontatzen duenari sostengua ematen dioten metodologia eta sistema gizakiak inoiz asmatu dituen indartsuenak dira. Batetik, metodo zientifikoa ez da soilik egia bilatzeko dugun metodorik onena; metodo on bat da, objektiboki (zerbait objektiboki ona dela esan daitekeen puntu metafisikoraino). Eta, bestetik, bikaina da aurkikuntzak balioztatu, ezeztatu, partekatu eta haien gainean eraikitzeko sortutako sistema. Ez dira perfektuak, jakina, eta, gizakiak asmatu eta erabiltzen dituen prozedurak izaki, ez daude hutsegiteetatik salbu.

Zimendu sendo horiek, ordea, ez dira aski. Egia ez da aski jende asko eta asko konbentzitzeko. Maiz, metodo zientifikoa ez da behar bezain limurtzailea; egia zientifikoek ez dute behar besteko magia. Eta hori gutxi ez, eta bi ahoko labana bikainak dira jarduera zientifikoari lotutako oinarrizko ezaugarriak: zientzialariaren/zientziaren beti zalantza egiteko beharra, ikuspegi berriekiko jarrera irekia, egia zientifikoaren behin-betikotasun ezinbestekoa... Zenbat eztabaida antzu gaizki ulertu eta, batez ere, nahita gaizki erabilitako ezaugarri horietan katramilatuta! Horregatik, handia izan liteke zientziaren egiak Egia gisa aurkezteko tentazioa, eta Tysonek gogora hain ondo ekartzen digun sentiberatasuna ahazteko arriskua.

Arrisku horren adibide zoragarri bat Dawkinsek berak ematen du bideoan, Tysoni ematen dion erantzunean: «Esker onez hartzen dizut kritika (irribarrez eta umoretsu), eta utzidazu anekdota bat kontatzen, erakusteko ni ez naizela honetan okerrena. New Scientist aldizkariaren zuzendari ohi batek esana da, aldizkariarentzat arrakasta handiak lortu zituen gizona bera, New Scientist aldizkariaren filosofiari buruz galdegin ziotenean (Erresuma Batuko zientziaren dibulgazio-aldizkari garrantzitsuena da New Scientist). 'Hau da New Scientisten dugun filosofia: zientzia interesgarria da, eta horrekin bat ez datorrena, doala pikutara».

Entzuleak eta hizlariak barrez lehertzen ari direla amaitzen da bideoa. Bi zientzialari eta dibulgatzaile handiren lezio paregabea da hiru minutu eskasean ikus daitekeen hori, eta arrazoian, zientzian eta egian eraikitako gizarteak duen erronkaren sintesi paregabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.