EZARIAN. ZIENTZIA. Hamarkada beroenean

NASAren arabera, Lurreko zoruko batez besteko tenperaturak 0,8 gradu zentigradu egin du gora 1880tik; eta azken hamarkada izan da erregistratutako beroena.

Irune Lasa.
Donostia
2010eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Lurreko azaleko tenperatura globala, batez beste, 0,8 gradu zentigradu igo da 1880. urtetik. Eta berotze horretan, 2000. urtetik 2009rako hamarkada izan da erregistratutako hamarkadarik beroena. NASAko Lurraren Behatokiak urtero ematen du Lurreko batez besteko tenperatura globalaren gorabeherak biltzen dituen txostena.

1951-1981 urte bitarteko batez besteko tenperaturarekiko gorabeherak hartzen ditu aintzat, eta ez tenperatura absolutuak, epe motzean tenperatura absolutuak toki batetik bestera oso aldakorrak izan daitezkeelako. Aldiz, hilabeteroko eta urteko tenperatura gorabeherek askoz eskualde handiagoak adieraz ditzakete.

Norbaiti harrigarria egingo zaio iragan berri den abenduan zero azpiko tenperaturek Ipar Hemisferioaren zati handi bat hartu ostean 2009. urtea erregistratutako beroenen artean ikustea, baina halaxe dago. Hego Hemisferioan 1880tik erregistratutako urterik beroena izan da, eta oro har, beroenetakoa izan da 1998, 2002, 2003, 2006 eta 2007 urteekin batera. 2005a izan zen Lur osoa aintzat hartzen duen batez besteko tenperatura gorabeheren sailkapenean erregistratutako urterik beroena.

2008a hamarkadako hotzena

2008a izan da, berriz, hamarkadako hotzena. Horren atzean La Niña ozeano atmosferako fenomenoa dago. La Niña gertatzen denean, Ozeano Bareko ekuatorearen ekialdean ur azaleko tenperatura batez bestekoa baino 0,5 gradu zentigradu txikiagoa izaten da, eta La Niña-ren ondorioz izan zen 2008a hamarkadako urte hotzena.

La Niña-ren aurretik iristen da El Niño ezagunagoa. Bost urtez behin gertatzen da gutxi gorabehera ElÑino fenomenoa, eta Ozeano Bare tropikalean, hasten da, mendebaldean, hainbat tokitako presio atmosferikoa aldatzen hasten denean. Besteak beste, itsas mailen igoera da El Niño-ren ondorioetako bat, eta bestea, Ozeano Barearen ekialdean ur azala berotzea.

Indarrean dago El Niño, eta, alde horretatik, 2010. urtea batez besteko tenperatura globalean urterik beroenetakoa izatea espero du NASAko GISS (Goddard Institute for Space Studies) erakundeko zuzendari James Hansenek zuzendutako taldeak. Zenbait adituren arabera, El Niño-k eta La Niña-k 0,2 gradu zentigradutan aldatzen dituzte, gora edo behera, tenperatura globalak.

Batez besteko tenperaturak

Era berean, urteko datuaren garrantziaren neurria kokatu nahi izan du: «Beti dago urteko zenbakien inguruko interesa eta urterik beroenen sailkapenak egiten hasteko joera. Baina sailkapenek askotan ez dute jopuntuan asmatzen. El Niño-La Niña zikloek urtetik urterako tenperaturen aldakortasunean eragin nabarmena dute». Horregatik, aldakortasun hori minimizatzeko asmoz, NASAko zientzialariek bost urteko eta hamar urteko batez besteko tenperaturak hartzen dituzte kontuan. Eta batez besteko horiei begira, klima aldaketa, berotzea, agerian geratzen da, «eta ez da murriztu».

1880. urtetik honako datu hauei begiratuta -garai hartakoak dira tenperatura zehaztasu- nak hartzeko lehen tresna zien- tifikoak-, 1980an plazaratu zituzten lehen emaitzak, eta 1880-1970 urte bitartean lurrazaleko batez besteko tenperatura 0,4 gradu zentigradu igo zela ikusi zuten, 1940-1970 artean egonkor- tze bat izan bazen ere. Bainaazken hiru hamarkadetan, hamarkadako tenperaturak 0,2 igo dira, eta ondorioz, 1880tik lurrazala 0,8 gradu zentigradu bero- tu da. «Hori da kontuan hartu beharreko datua», esan du Hansenek.



Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea eta horko buru Rajendra Pachauri auzitan daude, 2007 txostenean egindako hutsegite batengatik.

IPCC, glaziarrekin itotzear

I. Lasa. Donostia

Rajendra Pachaurik, IPCCren izenean, 2007ko Bakearen Nobel Saria jaso zuen, AEBetako presidenteorde ohi Al Gorerekin batera, gizakiak eragindako klima aldaketaren eta haren ondorioen berri emateagatik. Ez dira hiru urte igaro, eta IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko buruak behin eta berriz uko egin die azken egunetan kargua uzteko egin dizkioten eskaera guztiei.

Pachauriren eta IPCCren inguruko zalantzak, kritikak eta esamesak hainbat hedabidetan barreiatu dira azken egunotan. Auziaren iturburua IPCCk 2007an kaleratutako txostenean agertutako datu bat da. Txosten hark zituen 3.000 inguru orrialdeetako batean, zera aipatzen zen, glaziarrek Himalayan beste inon baino gehiago egiten ari zirela atzera, eta glaziarrak 2035. urterako, edo beharbada lehenago, urtzeko oso arriskua handia zela.

Joan den astean, IPCCko zuzendariorde Jean Pascal van Yperslek aitortu zuen 2035. urteko datu hori txostenean sartzea hankasartzea izan zela. Egiaz, Himalayako glaziarrak galtzeko beroketa globaleko 300 bat urte beharko liratekeela uste dute adituek. Pachaurik eskatu du barkamena txostenean datu okerra sartzeagatik, eta «giza hutsegitea» izan zela azaldu du. Aldi berean, adierazpen batzuetan IPPCko buruak zehaztu zuen ezin dela ukatu Himalayako glaziarrak urtzen ari direla, eta azpimarratu zuen hori benetan kezkatu behar gaituen arazoa dela.

Parekoek berraztertu gabe

2035. urtea aipatu zuen lehena Syed Hasnain zientzalari indiarra izan zen, elkarrizketa batean. Gero, glaziologo errusiar batek esan zuen txosten batean, eta IPCCren 2007ko txostenean agertu zen -lau urtez behin argitaratzen ditu txostenak-. Datua okerra zela iradoki zuen lehen geologoaren adierazpenak gaitzetsi egin zituen hasieran Pachauri, parekoek berraztertutakoa ez zela leporatuta. Baina IPCCko txostenak ere parekoek berraztertutakoa izan behar du, eta kasu honetan, lerro horiekin hori ez dela egin aitortu behar izan du Pachaurik.

Klima aldaketaren inguruko negazionista eta eszeptikoek, eta haiei lotutako hedabideek, sekulako mauka topatu dute gertatutakoarekin. Pachauriren dimisioa, IPCCren erabateko berrantolaketa, txostenen berrazterketa... Baina zientziaren munduan inor gutxik jartzen du zalantzan gizakiak eragindako klima aldaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.