Izan ere, badu giza garunak beste ugaztunetatik bereizten duen ezaugarri bat: neokortexaren garapen maila. Abantaila, ezbairik gabe, gizakiarentzat. Baina badu horrek beste alde bat: giza garunari buruzko ikerketarako muga etikoak. Hots, gordin azaltzeko, giza garuneko neokortexa, eta garunaren osotasuna bera, ezagutzeko ikerketan, ez dira lagungarri laborategiko saguak. Eta irakurketa aztertzeko, tximinoek ez dute balio.
Gizabanakoekin ikerketa egiteko mugak handiak dira, erraz uler daitekeenez. Horrek guztiak, Jon Andoni Duñabeitiak BCBLko ikertzaileak azaltzen duen moduan, neurozientzien garapena asko geldotzen du, giza gorputzaren beste zati batzuetako ikerketekin alderatuta.
Alde horretatik, zientzialariek gure gizartean erabat ohikoa den irakurtzeko gaitasunaz eta haren ingurukoez asko dakitela pentsa lezake herritar arruntak. Baina ez, ez dakite hainbeste. Dena den, BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language) gidari izan duen ikerketeta batek argi pixka bat dakar alfabetatzeak garunean dituen ondorioez: BCBLko zuzendari Manuel Carreiras buru izan duen nazioarteko taldeak ikusi du alfabetatzeak garuneko gai grisaren eta gai zuriaren dentsitatea handitzen duela burmuineko toki jakin batzuetan.
Erresonantzia magnetiko batekin hori ikustea erraza izango dela pentsatuko du norbaitek: hartu irakurtzen ikasten ari den haur bat, atera erresonantziak aurretik eta ondoren eta kito. Baina ez, alfabetatzen hasten diren haurrek aldi berean beste hainbat gauza ikasten dituzte, eta haien garunak berezko beste hainbat aldaketa ere izaten ditu, eta haurren garunean alfabetatzearen eragina zein den isolatzea ezinezkoa da.
Alfabetatzen ari diren helduekin, orduan. Hori ere ez da erraza. Gutxi dira halakoak gizarte aurreratuotan. Eta helduak direnean irakurtzen ikasten hasten direnek, maiz, ikasteko arazoak edota arazo neurologikoak dituzte.
Ikerketa hasteko orduan, La Lagunako unibertsitatean (Tenerife, Espainia) zegoen Manuel Carreiras analfabeto helduen bila zebilen, irakurtzen ikasteak garunean zein eragin zituen ikertu nahi zuelako. «Kasualitatea izan zen. Ez zen erraza Espainian analfabetoak bilatzea, eta doktoregai bati galdetu nion ea bere jaioterrian, Kolonbian, ba ote zen halakorik. Bila hasi eta berehala jakin genuen armak uzten zituzten gerrillariek alfabetatze ikastaroak jasotzen zituztela. Ikastaroetan denbora zeramaten gerrillariak eta ikasten hastekoak zirenak topatu genituen».
Guztira 42 gerrillari ohiren garunak aztertu dituzte. 20 alfabetatutakoak eta 22 alfabetatu gabeak. «Espero genuen aldaketak izatea garuneko gorputz kailukarako gai zurian, eta posible zen beste area batzuetan ere aldaketak izatea. Gai grisean bide dortsal eta bentralean ere aldaketa izan zitezkeen. Aktibazioari buruz aurretik egindako ikerketekin bagenituen zenbait hipotesi, baina ez genuen horrelako emaitza argirik espero egiturazko eraginetan; emaitza harrigarria eta adierazgarria izan da».
Pertsonak irakurtzen ikasten duenean gai grisaren eta gai zuriaren dentsitatea hazi egiten da garuneko toki jakin batzuetan. Hazkuntza horrek konexioak indartzea ere adierazten du. Alegia, egiturazko aldaketak gertatzen dira. Eta ez hori bakarrik, gai zuriaren bidez egiten diren bi hemisferioen arteko lotura bat ere indartu egiten dela antzeman dute.
Zirkunboluzio angeluarra
Ikerketako beste esperimentu bati esker, garuneko zati baten funtzioa ere berriz definitu dute. Zirkunboluzio angeluarrak hitzak soinu eta esanahietara itzultzeko lana hartzen zuela uste zen orain arte, informazioa banatzen zuela beste area batzuetara. Baina orain ikusi dute irakurketa prozesuan parte hartzen duela hitzaren hasierako hizkiekin hitza zein izango den antzematen.
Eta, behin alfabetatuta, irakurtzeko ariketak izan al dezake eragin bera garunean? «Ez dakigu» erantzuten du Carreirasek. «Badakigu zenbait entrenamendu intentsibok egiturazko eraginak dituztela, baina oraindik argitzeko dago irakurketa gero eta gehiago menperatzean aldaketarik badagoen. Beharbada irakurketa gaitasuna handitzen denean area gehiagotan izan daiteke eragina; edo beharbada ez. Kuestio enpiriko bat da».
Dislexia ulertzeko
Manuel Carreirasek gidatutako ikerketa honek aplikazio ugari izan ditzake hemendik aurrera. Dislexia ulertzeko orduan, adibidez, hainbat ikerketek ondorioztatu dute garapeneko dislexia dutenen gai grisaren eta gai zuriaren dentsitatea txikiagoa dela ikerketa honetan agertutako garuneko txokoetan. Ikerketaren emaitzekin, pentsa daiteke anormaltasun neuronal horiek gehiago direla dislexiaren ondorio (irakurtzeko zailtasunen ondorio) dislexiaren kausa (irakurtzeko zailtasunaren eragile) baino.
Hizkuntzaren neurozientzietarako, BCBL
Urtarrilean zabalduko dute Miramonen Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroaI. Lasa. Donostia
Neurozientzietan jauzi handia emango du laster Euskal Herriak. Orain bi urte, Ikerbasquek proposamena egin zion Manuel Carreirasi neurozientzietako azpiegitura handi bat sortzeko. Bere taldearekin batera, lan horri ekin zion Carreirasek, eta lehen emaitzak ikustear daude. Urtarrilean zabalduko da BCBL zentroa.
BCBLko ikerlariekDonostiako Joxe Mari Korta eraikineko bulegoetan dihardute gaur egun, baina, urtarrilean, Miramongo Parke Teknologikora aldatuko dira, eta, han, eraikin berri-berria eta lanerako puntako baliabideak eta lankideak izango dituzte.
Hasieran, 50 ikerlarirekin hasiko dira lanean, baina, laster, 100 izango direla pentsatzen dute. Nazioarteko deialdiak zabalduko dituzte lan taldeak eta haien gidariak hautatzeko. «Punta-puntako ikerlariak nahi ditugu», azaldu du Jon Andoni Duñabeitia doktoreak. Guztira sei milioi euroko inbertsioa egin da 1.500 metro koadroko azalera hartuko duen BCBLren egoitzan.
Manuel Carreiras zuzendariak azaltzen duen moduan, BCBLko ikerlariek hizkuntzaren neurozientzia kognitiboaren alorrean egingo dute lan. «Hizkuntzaren jabekuntzarekin, ulertzearekin eta ekoizpenarekin lotuta dauden mekanismo neurokognitiboak ikertuko ditugu, enfasi berezia eginez elebitasunean. Era berean, ikasketa prozesuak eta horietan egon daitezkeen zailtasun eta gaitz neurodegeneratiboak ere aztertuko ditugu. Baita euskararen prozesamenduari lotutako singulartasuna eta unibertsaltasunak ere».
Horrela, esaterako, gizabanako normalak heldutan nola irakurtzen duen jakin nahi dute, eta burmuinean zein prozesu gertatzen diren; besteak beste, irakurketa gainerako prozesuetatik (atentzioa, emozioak, memoria) bereizi nahian. Haurrekin ere egingo dituzte ikerketak. Adibidez, Carreirasen ikerketaren ildotik, umeek irakurtzen ikasten dutenean garunean zein aldaketa gertatzen diren ikertuko dute. Gaixoekin ere egingo dute lan Alzheimer eta dementzia semantiko kasuetan, hizkuntza eta beste prozesu kognitiboekin zer gertatzen den ikertzen. Duñabeitiaren ustez, «horrelako ikerketek gero aplikazio zuzenak izango dituzte. Ikasketa ildoak zehazteko, prebentziorako, diagnosietarako...».
Elebitasunaren eta eleaniztasunaren ikerketari dagokienez, ekarpen handia egin dezake BCBLk. «Elebidunen kasuan burmuinak espazialki eta funtzionalki nola lan egiten duen ez da ia aztertu neurozientzian. Ikuspegi konduktualetik soilik ezagutzen ditugu halakoak, eta orain makinetan sartu nahi ditugu garunean zer gertatzen den ikusteko», dio Duñabeitiak.
Makina eta baliabide egoki-egokiak izango dituzte BCBLn. Laborategi konduktualak izango dira; irakurtzeko orduan begien, begi-ninien mugimenduak neurtzeko tresnak; buru potentzial deiturikoak, garunaren hondarreko elektrizitatea jasotzen dutenak elektrodoekin; erresonantzia magnetiko jarraiak egiteko tresnak; eta garunean aktibatzen diren areak islatzen dituen tresna bat. Haurrekin lan egiteko gela berezi bat ere izango dute.
Orain arte ez da halako zentro handirik izan Euskal Herrian neurozientzietarako, laborategi txikietan lan handia egiten den arren. Horren adibide Itziar Lakak zuzentzen duen Elebilab hizkuntza eta psikohizkuntza laborategia.
Euskal Herriko 2.000 haurrekin datu bilketa zabal bat egingo dute hilabete honetan, analisi genetiko eta guzti
Dislexia kasuak bizkor detektatzeko baliabideak sortzea da, besteak beste, ikerketaren helburuaI.L. Donostia
Egun hauetan ari dira zehazten zein izango diren datu bilketa erraldoi horretarako hautatuko diren eskolak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan B ereduan dauden 7-8 urtetik gorako haurrekin egingo dute azterketa, besteak beste, irakurketaz jabetzeko mekanismoak, testuen ulerkuntza eta gaitasun horiek emozio eta atentzio mekanismoekin nola erregulatzen diren ikertzeko. Inteligentzia testak, arrazoinamenduzkoak, irakurketakoak, matematiketakoak... Lau orduz halako probak egingo dituzte haurrek, eta analisi genetikoa ere egingo zaie, haien listu laginak hartuta.
BCBLtik zuzentzen den ikerketa hori Consolider proiektu bat da, eta guztira 8.000 haurren datuak bilduko ditu, proiektuan parte hartzen baitute Granadako, Murtziako eta La Lagunako unibertsitateek. «Sekulako datu bilketa izango da», azaldu du Jon Andoni Duñabeitia BCBLko ikerlariak. «Halako ikerketetan ohikoa 20 bat lagunen datuak biltzea izaten da, pentsa».
Espainian aztertuko dituzten haurrak elebakarrak dira, eta Euskal Herrikoak elebidunak. Zehazki eskolan euskaraz eta gaztelaniaz lan egiten duten haurrak. Horregatik jo dute B ereduan ikasten ari diren haurretara, ofizialki bi hizkuntzetan dihardutelako lanean. Test eta galdeketa guztiak, gainera, gaztelaniaz egingo dira, Espainian egingo direnekin bateragarriak izan daitezen.
Dislexia eta elebitasuna
Datu bilketan haur elebidunak sartuta, gero alderaketa bereziak egin ditzakete ikerlariek. «Esaterako, dislexiko elebidunek dislexiko elebakarren arazo berak dituzten ikusi nahi dugu; gerta daiteke-eta horrela izatea. Hala den edo ez ikusi nahi dugu», dio Duñabeitiak. Izan ere, dislexiaren inguruko ikerketa izango da BCBLren egiteko nagusietako bat. «Dislexia zer den jakitea. Oraindik ez dakigu-eta zer den. Badauzkagu susmo batzuk; eta dislexiarekin bat etor daitezkeen markagailu genetikoak topatzen ditugun ikusi nahi dugu... Baina ziurtasunez ezer gutxi dakigu». Susmo horiek argitu nahian egingo dizkiete analisi genetikoak haur guztiei.
Duñabeitiak azaltzen duenez, guraso guztiekin bilduko dira euren asmoak azaltzeko, baita datuen anonimotasuna babesteko hartuko dituzten neurri etikoak esplikatzeko ere. «Jabetuko dira komeni zaiela». Izan ere, asmoa da haur guztien emaitzekin datu base erraldoi bat izatea, baina, aldi berean, aztertutako haurretan dislexia, atentzio defizita eta antzeko arazoak identifikatu ahalko dituzte. «Horiek ikusita, arazoak dituzten haurrengana zuzenean joko dugu, azterketa zehatzago bat egiteko».
Datu base erraldoi horretatik atera daitezkeen emaitzekin eta ondorioekin, adibidez, galdetegiak sor daitezke eskoletako orientatzaileentzat eta psikologoentzat, ahalik eta modu eraginkorrena izan dezaten haurretan dislexia eta atentzio arazoak antzemateko.