Egoera beltza dela eta, Ozeanoen Nazioarteko Eguna egin dute azken urteotan. Herenegun izan da aurtengoa. Jarrera aldaketa bultzatu nahi dute halako ekimenekin; ezin esan beharrezko helburua ez denik. Tonaka arrain arrantzatzen da urtero, tonaka gatz lortu, tonaka ur geza sortu eta tonaka petrolio eta gas natural atera. Gehiegizko ustiaketak gehiegizko kutsadura ekarri du berarekin. Ondorioak bistan dira ozeanoetan, ur gainean zein ur azpian. Berriki Ozeano Atlantikoan eta orain urte batzuk Ozeano Barean aurkitu dituzten zabor pilaketek alarma gorria piztu dute, hamaikagarrena. The Great Pacific Garbage Patch edo Eastern Garbage Patch (EGP) deitu dutenak, Ozeano Bareko zabor orban handiak alegia, Atlanti-koan biki bat duela ohartu dira zientzialariak orain hilabete batzuk.
Bazen susmoa aurretik ere. Itsaslasterrak aztertzea besterik ez dago. Itsaslasterrek eragiten dituzte, izan ere, zabortegi erraldoi hauek. Ipar hemisferioan zurrunbilo moduko itsaslaster handiak daude, hala Ozeano Atlantikoan, nola Ozeano Barean, eta kostaldeetatik erakartzen duten zaborra jirabiraren erdira eramaten dute, zaborra etengabe eremu berean mantenduz. Ozeano Barearen kasuan AEBetako, Alaskako eta Japoniako kostaldeetan du jatorria zaborrak.
Iberiako Penintsula adinakoa
Ozeano Bareko zabor uharte handiaren koordenatu geografikoak 135&fraq14; eta 155&fraq14; mendebaldetik 35&fraq14; eta 42&fraq14; iparraldera doaz. Gutxienez 700.000 kilometro koadroko zabor orbana dago han, eta gehienez 15 milioi kilometro koadrokoa, Ozeano Barearen azalera osoaren %0,41etik %8,1era. Estimazio baikorrenaren arabera, Iberiako Penintsularen neurriko kutsadura uharte bat da, edonola ere.
Askotariko zaborra pilatzen da, baina plastikoa da gehiena, plastikozko askotariko objektuak, polimeroak. Eta hori da larriena, askoren irudiko. Plastikoa ez da biodegradagarria. Ez da desagertzen. Txikitu bai, xehatu, birrindu. Baina, mikroskopioaren azpian jartzeko moduko laginak bihurtuagatik, ez dira desagertzen. Eguzkiak eta urak urteak eta urteak behar izaten dituzte, esaterako, plastikozko botila bat birrintzeko. Baina objektuak, azkenean, planktonaren tankera hartuko du. Hori da zabor orban erraldoia, plastikozko partikulak, milioika eta milioika.
Berriki Ozeano Atlantikoan antzemandako zabortegi erraldoia, Ozeano Barekoaren tankerakoa dela uste dute adituek. Oraingoz ez dakizkite neurri zehatzak, baina gutxienez Texasko estatuaren bikoitza dela diote. Plastikozko partikulen pilaketa mardulenean kilometro koadroko 200.000 pieza atzeman dituzte, gehienak zentimetroko diametrokoak baino txikiagoak.
Plastikozko planktonak osatutako uhartetzar hauek oso arriskutsuak dira, benetako elikagaiekin nahasten dituztelako arrainek. Hala, zaborra arrainen eta haiek jaten dituzten ugaztun handien elikagai katean sartzen ari dela dela uste dute adituek. Oraindik ikertzen ari dira zer-nolako eraginak izan ditzaketen polimero partikula horiek itsasoko bizidunetan. Ez dute uste beruna edo beste metal pisutsuak bezain kaltegarriak direnik, baina kaltegarriak direla ez du inork zalantzan jartzen. Okerrena da, gehienen aburuz, itsasoak pilatzen duen zaborraren arazoak ez duela irtenbidea izango berehala; beharbada, ez du sekula izango.
British Petroliumen plataformak petrolioa isurtzen jarraitzen du
British Petroliumek (BP) kudeatzen duen petrolio plataformanapirilaren 20an izandako eztandak eta ondotik egondako erregai isurketak izugarrizko arazoak sortzen jarraitzen dute. Marea beltzak eragin ditzakeen galerak zer-nolakoak izango diren ikusteko dago, baina, itxura guztien arabera, neurri biblikoak izango dituzte. Barack Obama AEBetako presidentea Mississippi, Alabama eta Floridako estatuetara joango da datorren astean, marea beltza bertatik bertara ikusteko asmoz.Deepwater Horizon plataformaren hondoratzea itsasoak jasan behar izan duen azken hondamendia da, sekula gertatutako handienetakoa. Ozeano Atlantikoak urte askoan pairatu beharko du BPren akatsa. Kostaldeak ez dira gutxiago. AEBetako kostaldean bakarrik ez, Karibeko herrialdeetako kostaldean ere eraginak izango direla nahiko argia da. Bakarrik Floridan 10.000 milioi dolarreko galeraz ari dira dagoeneko.
Adolfo Uriarte.Aztiko Ozeanografia Saileko burua
«Zurrunbilo handiak toki berean eusten dio zaborrari»
X. Martin.Adolfo Uriartek (Bilbo, 1962) ez du uste itsasoak dituen zabor orbanak berehala desegingo direnik. Bueltaka dabiltzan itsaslasterrek eremu berean eusten diote zaborrari. Kostaldeetatik plastikoak eta beste jaso, eta zurrunbiloaren erdira eramaten dute.
Zergatik sortzen dira zabortegi handiak itsasoan? Nola eragiten dute itsaslasterrek horretan?
Demagun ozeanoa goitik ikusten ari garela, oso urrutitik: bada itsaslasterrek etengabe modu berean mugitzen direla ohartuko gara, eredu berdinekin. Ipar hemisferioan, Atlantikoan, biraketa erraldoi bat dago, ordularien orratzen aldera. Amerikako kostaldetik ia Europara iristen da itsaslaster hori. Ozeano Barean ere, gauza bera gertatzen da. Hango itsaslasterrak Errusia, Txina, Japonia eta AEBak ere hartzen ditu. Jirabira horretan itsasora botatako zabor guztia eramaten du itsaslasterrak kostaldeetatik barrura, eta plastikoari itsasoaren eremu berean eusten dio zurrunbilo erraldoiak. Horrela sortu da The Great Pacific Garbage Patch deitu dutena;Ozeano Bareko zabor orban handia, alegia.
Ozeano Barekoa da zabor orban handiena, baina orain hilabete batzuk berretsi dute Atlantikoan ere badela antzeko bat; Texas baino handiagoa omen.
Ez da harritzekoa. Hango zurrunbiloaren mugimendua ezaguna zen lehendik, eta han ere zabortegi erraldoia modu berean sortu da.
Gehiago ote daude?
Baietz esango nuke. Izan ere, Indiako Itsasoan badago antzeko beste itsaslaster bat jirabiran dabilena, eta han ere halako bat egotea oso normala litzateke. Hegoaldeko hemisferioan ez dira ezagutzen, baina egongo dira, seguru.
Beraz, zaborra beti itsasoaren eremu berean dago. Ez du ihesbiderik? Ez du zurrunbilotik ateratzeko aukerarik?
Normalean koordenatu geografiko berberetan mantentzen dute orbana itsaslasterrek. Zurrunbiloan dago zaborra, koilara handi batek bueltak emango balizkio bezala. Noiz edo noiz zaborraren zati bat hortik atera daiteke, ekaitzen indarrez edo olatu handiengatik, beste itsaslaster batean sartuz; orduan, zaborrak beste norabide bat hartuko du.
Nola imajinatu behar dugu zabor orban erraldoi hori: plastikozko poltsa eta bestelako hondakinez betetako zabortegi baten moduan?
Ez, hori okerreko irudia da. Plastikozko poltsak egongo dira uretan joan-etorrian, baina gehienbat neurri txikiko plastiko pusketak dira, zentimetro batekoak baino txikiagoak. Partikula pilaketa bat da, azken finean.
Ur horietako gardentasuna txikiagoa da, hortaz? Uraren dentsitatea aldatu egin du zaborrak?
Normalean, ez da hainbesterako. Kilometro koadroko 200.000 partikulaz ari gara. Kopuru hori eman dute kontzentrazio handienetarako.
Plastikoa ez da biodegradagarria; poltsak, botilak eta bestelakoak zati txikitan birrintzen dituzte urak eta eguzkiak, baina zer gertatzen da zati txiki horiekin?
Uretan gelditzen direla etengabe. Okerrena da planktonarekin nahasten dituztela zenbait arrainek; tunidoek, esaterako. Hala, plastikozko partikula horiek elikadura katean sartzen ari direla uste dute adituek, eta horrek ondorio larriak izan ditzake.
Ez du ematen egoerak irtenbide ona duenik?
Hainbat herrialdetan kontzientzia hartzen hasi gara, baina beste batzuetan plastikoa itsasora botatzeko joera areagotzen ari da. Ez da erraza halako zabor pilaketak garbitzea. Zenbait herrialdetan ibaiak zabortegiak dira, eta hori dena itsasora doa azkenean.