Malik ez du itsasorik. Baina Japoniaren alde bozkatuko du, «baleek arrantza baliabideei kalte egiten dietelako». Maliko ordezkaria ez zuten harrapatu, baina Ginea, Saint Kitts eta Nevis, Kiribati, Marshall Uharteak, Boli Kosta eta Granada herrialdeek Baleazaleen Nazioarteko Batzordean dituzten ordezkariak prest agertu ziren euren bozka negoziatzeko.
The Sunday Times egunkari britainiarrak bota zien sarea: aberats suitzar bat prest zegoen dirutza emateko debekua mantetzearen aldeko bozengatik. Aipatutako herrialdeetako ordezkariak prest agertu ziren negoziatzeko. Batzuek eskaintza bidaltzeko eskatu zuten, «gero Japoniak kontraeskaintza egin zezan».
Japoniak, berriz, esan du kointzidentzia dela diruz laguntzen dituen hainbat herrialderen jarrera euren aldekoa izatea. Kiribatik BNBko kide izateko jarri behar duen dirua, esaterako, zuzenean Japoniak jartzen du. Japoniara ere gonbidatzen ditu gobernu kideak, prostituta zerbitzu eta guzti dituzten bisitak egitera, Tanzaniako ordezkariak berak aitortu duenez.
Harrapaketa 'zientifikoak'
Aste honetan bertan, balea arrantzan aritutako damutu baten lekukotza zabaldu du Greenpeacek. Nisshin Maru ontzian aritu zenean, damutuak bere kideak balea haragi kiloak eta kiloak izenik gabeko kaxatan «ezkutatzen» ikusi zituen. Soldataz gain aparteko diru bat lortuko zuten gero, legez kanpoko salmentan. Bizkar hegatsaren hurbilekoa da haragirik preziatuena. Balea gehiago arrantzatuz gero, zati horiek hartu eta lehen hartutako beste haragi zatiak itsasora botatzen zituzten. Antartikako baldintza ezin gogorragoetan arrantzatzea aparteko diru horrengatik soilik merezi die arrantzaleen xeheei. Baten batek 40 kaxa ere bildu ei zituen. Balea haragi kiloa ia 200 euroan saltzen zuten.
Gobernuak zientziarako harrapatutako baleen haragiaren salmenta soilik aitortzen du hala ere, «behin harrapatuta haragia ez galtzearren».
2008an, legez kanpoko 23 kilo balea haragiko kaxa bat hartu zuten Greenpeaceko bi kidek, Junichi Satok eta Toru Suzukik, haren salerosketa salatzeko. Epaiketa dute biek egunotan. Hamar urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak haientzat, lapurreta egiteagatik eta besteren etxean sartzeagatik.
EZARIAN. ZIENTZIA. Japoniaren mila amarruak
Herrialde txikiak diruz lagundu, ordezkarien bozak erosi... Japoniak horrelakoak egiten dituela agerikoa da; baita 'arrantza zientifikoaren' atzean zer dagoen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu