EZARIAN. ZIENTZIA. Lur bizia

Haitiko lurrikarak milaka eta milaka heriotza eragin ditu; lurrazala etengabe ari da mugitzen, eta hor pilatutako estresaren ondorio izan da.

Irune Lasa.
Donostia
2010eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gizaki baten bizialdian, Ipar Amerika eta Europa bi metro inguru urrunduko dira elkarrengandik. Hori ez da Haitira iritsi diren marineei buruzko metafora: Ipar Amerikako plaka eta Eurasiako plaka elkarrengandik urrunduz doaz, hatzetako azkazal bat hazten den abiaduran. Izan ere, lurrazala ez dago geldirik; litosfera astenosferaren gainean bata bestearen kontra mugitzen diren plakez osatuta dago, nolabaiteko puzzle mugikor baten moduan. Eta mugimendu horiek eragindako tentsioen ondorio eta erakusle dira Haitikoa bezalako lurrikarak.

Halaxe dio plaken tektonikaren teoriak. Duela hamarkada gutxi batzuk finkatutako teoria horri esker Lurra ulertzeko aurrerapauso itzela egin du gizakiak, nahiz eta oraindik ez den lortu tektonikaren bidez hainbat galderari erantzutea. Adibidez, oraindik ez dago argi zergatik duen Lurra planetak plaka tektonika.

Baina, besteak beste, biziak Lurrean izan duen bilakaera ere esplikatzen du plaken tektonikak neurri handi batean. Orain kontraesanean aritzea badirudi ere, mugitzen den lurrazalak zerikusi zuzena izan du, eta biziak Lurrean izandako zoriarekin. Lurrazalaren mugimenduek aukera zabaltzen dute bizia bezalako gauza bereziak gertatzeko txoko jakin batean edo batzuetan, baita biziaren aniztasuna garatzeko ere. Hain zuzen, horregatik, gure Eguzki-sistematik kanpo bizia izan dezaketen exoplaneten bila dabiltzanen artean, badago plaka tektonika izan dezaketen exoplaneten inguruko interes berezia.

Lurrikarak nola sortzen diren azaltzen du teoriak, nahiz eta aurretik jakina izan uhinak daudela lurrikaren atzean. 80-150 bat kilometrotako lodiera duten litosfera zatien (plaken) mugimenduak eragindako marruskadura tentsioen askapena dira lurrikarak.

Zerrendaren arabera, 8tik 12ra artean zenbatzen dira plaka nagusiak, eta beste eskala txikiago beste dozena bat inguru ere kontatzen dira. Lurrikara handienak, plaken mugetan gertatzen dira, eta muga horietan hiru mota bereizten dira: Muga dibergenteak, elkarrengandik urruntzen diren plakak. Muga konbergenteak (subdukzio eremuak) plakak hurbiltzen direnean, haietako bat bestearen azpira barneratzen da mantuan. Hirugarren motakoa da Haitiko lurrikara eragin duena: transformazio faila. Muga horietan ez da litosferarik sortzen edo deusezten.

Urteetako marruskadura estresa bat-batean askatzen denean lurrikaren lehen uhina (primarioa) sortzen da hipozentroan, eta ondoren uhin sekundarioa etortzen da (ikus irudia). Bi uhin horiek lur azpian gertatzen dira Azalean, epizentrotik beste uhin batzuk sortzen dira, haien suntsitzeko ahalmena, besteak beste, lurraren osaketak baldintzatuko du. Esaterako, haitiarrei ez die mesederik egin herrialdeko lurzorua sedimentuzkoak izatea.



Arturo Apraiz.Geologia irakaslea EHUn

┬źOraindik ez dago argi plaken mugimendua eragiten duten indarren jatorria┬╗

I. L. Donostia

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle Arturo Apraizek geodinamika du ikergai eta irakasgai. Oraindik erabat osatu gabe dagoen plaken tektonikaren teoria.

Ez da hainbeste denbora plaken tektonikaren teoriaren oinarriak finkatu zirela, 60ko eta 70eko hamarkadetan. Horrek esan nahi du denbora gutxi dela lurrikaren azalpena ezagutzen dugula.

Lurrikaren azken oinarriari dagokionez bai. Baina aurretik bazekiten marruskadura gauza bat zela, gorputz zurrun bat apurtzen denean sortutako uhinak zirela.

Plaken tektonikaren aurretik zer pentsatzen zen?

Lurrazalaren barnean mugimenduak bertikalak zirela. Bazekiten mendi garaietan itsasoko fosilak agertzen zirela. Horrek esan nahi zuen garai batean ingurune hura ur azpian egon zela. Azpiko lurraren barruko indarrei esker une batean bertikalean altxatu egiten zirela uste zuten, eta lurrazala hozterakoan zimurtu egiten zela. Lurrikaren eragileak ere mugimendu bertikal horiek ziren.

Lurrikarak non gertatzen ziren ere esplikatzen zuten horrela?

Hori ez zen ezagutu plaka tektonika azaldu arte. Hain zuzen, plaka tektonikaren teoria sortzearen oinarrietako bat izan zen lurrikaren mapa. 1940 inguruan hasi ziren kokatzen gertatzen ziren lurrikarak, eta konturatu ziren ez zirela edozein tokitan gertatzen. Eta horrek azalpena behar zuen.

Paleomagnetismoak ere lagundu zuen.

Bai, baina hori aurretik ezagutzen zen. Plaka tektonika definitzeko erabili zen azken datu erabakigarria hondo ozeanikoa izan zen. Hondo ozeanikoa gaur egun ere Ilargia baino gutxiago ezagutzen dugu; 4.000-5.000 metroko sakoneran gertatzen denari buruz ez daukagu ideia handirik. II. Mundu Gerra hasi zenean bi gauza asmatu zituzten: radarra eta sonarra. Horiekin lortu zuten hondo ozeanikoaren topografia zehatz bat egitea. Eta konturatu ziren ozeano gandorrak zeudela Atlantikoaren erdian eta Pazifikoan beste toki batzuetan. Ulertu zenean lurrazal ozeanikoa gandor horietan sortzen zela eta zabaldu egiten zela alde batera eta bestera... hasi zen teoria biribiltzen. Plaka tektonika askoren ekarpen txikiekin apurka-apurka sortutako teoria da. Eta oraindaino guztiz osatu gabe dago.

Indarren jatorriaz ari zara.

Plakak mugitzen direla argi dago, baita norantz mugitzen diren eta zenbat mugitzen diren ere. Baina ikertzaileak ez dira ados jartzen mugimendu hori eragiten duten indarrak zeintzuk izan daitezkeen. Oraindik ez dago argi plaken mugimendua eragiten duten indarren jatorria.

Konbekzio indarrak dira batzuk, ezta?

Batzuk diote konbekzio indarrak direla, beste batzuek diote ezetz, plaketan bertan daudela indarrak. Adibidez, plaka mantuan hondoratzen denean, hots, subdukzioa ematen denean, horrek bultzatu egiten du atzetik duen guztia eta horrek ere mugimendua sortzen du eta mantuan konbekzioa sortu. Arrautzaren eta oiloaren kontua bezalakoa da. Gero, oraindik ere ez dago argi zerk abiarazi zuen plaka tektonika orain 2.000 milioi urte.

Hondo ozeanikoa Ilargia baino gutxiago ezagutzen dugula esan duzu. Eta Lurraren erdigunearekin ere berdin gertatzen da?

Badakigu gutxi gorabehera zer dagoen eta nolakoa den. Horren dinamika da ez duguna ondo ulertzen. Badakigu litosfera zatiz osatutako plakak daudela; horren azpian badagoela zerbait moldakorragoa gaineko mugimenduak baimentzen dituena. Baina azpiko mantuaren mugimenduak eta haien nondik norakoak oraindaino eztabaidan daude. Zerbait gehiago dakigu uhin sismikoak ikertzen ari garelako. Baina ez dago guztia biribilduta azaltzen duen teoria zehatzik.

Lurrikaretara itzuliz, 2008an jada lanen bat argitaratu zen Karibe inguruan lurrikara handi bat espero zela, hainbat urteetan ez zelako halakorik gertatu eta estres hori guztia biltzen ari zelako.

Lurrikarak iragartzeko era zehatzik ez dago, eta egiten diren hurbilketa bakarrak estatitistikoak dira. Lurrikara hau gertatu den inguruan, azkena 1860an izan zen, aurrekoa 1770ean eta aurrekoa 1680an... Estatistikoki badakigu han ehun urtetik behin lurrikara bat gertatzen dela. Hori da egiten den hurbilketa bakarra, eta ezer gutxi laguntzen du. Jakin badakigu inguru horretan lurrikara bat sortuko dela, baina ezin duzu esan noiz, ezta non ere. Estresa apurka-apurka metatzen da. Egur siku bat pixkanakoa okertzen hasten zaren moduan; okertu egiten da, baina ez da ezer gertatzen, momentu batean krak egiten duen arte. Lurrazalean gauza bera gertatzen da. Karibean, Karibeko plaka eta Iparramerikako plaka bata bestearekiko soilik bi zentimetro mugitzen dira urtero. Baina ehun urtetan bi zentimetro bi metro dira. Une bat iristen da estres hori ezin dela eutsi eta bat-batean bi metroko mugimendua izaten da.

Kezka azaldu da, maila bereko edo handiagoko lurrikararen bat gehiago izan daitekeelako.

Lurrazala puzzle bat da: fitxa nagusiak plakak dira, baina plaka bakoitzean fitxa txikiago batzuk daude. Orduan, fitxa bat mugitzen duzuenan erraza da besteak mugitzen hastea ere. Posible da. Hainbat lurrikaretan ikusi da lurrikara handi baten ostean beste handi atzuk ematen dira horren erantzun modura. Batzuetan bai, beste batzuetan ez.

Hemen Euskal Herrian askotan dauzkagu lurrikarak.

Mundu guztian edozein lekutan ematen dira. Azkenean plakak marruskadura estresaren eranginpean daude. Plakek barruko eremuetan ere estres hori pairatzen dute nolabait eta apurka askatu egiten dute. Baina estres hori energia askoz handiagoaz askatzen da plaken mugetan, horkoak dira lurrikara handienak.

Pirinioak sortarazi ziuen indar hori oraindik hor dago eta

Hori da, oraindik estres batzuk gordeta izango ditu; apurka apurka askatu egiten ditu eta noizean behin indar dezenteko lurrikararen bat gertatu izan da. Donazaharren 1858an gertatutakoa izan da inguruotako handiena. Badakigu 5eko magnitudetik gorakoa izan zela. Etxeren bat erori zen baina ez dut uste hildakorik eragin zuenik. Gero, Euskal Herrian bertan toki batzuk aproposagoak dira beste batzuk baino lurrikarrak gertatzeko baina beti neurriaren barruan, 4,5 baino handiagorik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.