Azkenengo asteetan Ameriketan gertatutako hondamendi naturalek gizakion txikitasuna gogorarazi digute. Gizakion eragina gure inguruan begien bistakoa baldin bada ere, hainbat eztabaida sortzen dira gure planetako kliman gertatzen ari diren zenbait aldaketa benetan gizakion eraginez izandakoak ote diren inguruan. Baina kliman eragina baldin badugu ere, gure oinen azpian dugun planetaren portaera bere bidetik doala dirudi, eta geologiak agintzen duela portaera horretan.
Zergatik gertatzen dira lurrikarak eta antzekoak leku jakin batzuetan eta besteetan ez? Zergatik sortzen dira tsunamiak ozeano batzuetan eta beste batzuetan ez? Horren arrazoia gure planetaren egitura geologikoan datza. Joan den mendean zientzialarien foroak onartu egin zuen Plaken Tektonika deritzon teoria. Frogatuta dago zein den lurraren egitura kimikoa, hots, zentrotik edo nukleotik hasita lurrazaleraino hainbat geruza ezberdin dago, sailkapen baten arabera, nukleoa, mantoa eta lurrazala -beste batzuek terminologia pixka bat aldatzen badute ere antzerako egitura proposatzen da-. Lurraren zentrorantz goazen neurrian, tenperatura eta presio bortitzak direla eta, harkaitz plastikoekin eta likidoekin topo egingo dugu. Lurrazaleko geruza litosfera izenaz ere ezagutzen da, eta Plaken Tektoniken teoriak dioenez, geruza horretan hainbat plaka daude, eta horiek mugitzeko aukera dute barruko geruza fluidoaren gainean. Barrualdeko geruzan egon ziren konbekziozko korronteek lurrazaleko geruza zartatu zuten, eta, horrenbestez, hainbat plaka sortu ziren. Plaka horiek mantoaren gainean motel, baina mugitu egiten dira, eta mugimendu horiek plaken arteko talkak eta marruskadurak sortarazten dituzte. Plaken ertzak modu ezberdinekoak izan daitezke, eta horietan agertzen da aktibitate geologiko nagusiena (mugimendu sismikoak, sumendiak...) Plaken ertzak dibergenteak baldin badira, plakak elkarrengandik aldendu egiten dira, eta bertatik lurraren barneko magma irteten da (sumendiak); konbergenteak baldin badira, plaka batek beste batekin talka egingo du -plaka baten ertza bestearen azpian sartuko da, edo mendikate bat sortuko da-; eta transformatzaileak deiturikoetan, berriz, ertz bat bestearekiko irristatu egiten da, transformaziozko fallak sorraraziz. Guztira, hamabost plaka identifikatu dira, eta horien arteko ertzetan kokatzen dira jarduera sismiko indartsuenak.
Txileri dagokionez, Hegoameriketako plaka eta Barekoa daude, eta bien artean harrapaturik Nazcako plaka. Nazcako plaka ozeanoan dago, eta Hegoameriketako plakaren azpian sartzen da -bata bestea baino trinkoagoa delako-. Horrexegatik leku batzuetan lurrikarak gehiagotan gertatzen dira beste batzuetan baino. Zientzialariek diotenez, lurraren egungo jarduera geologikoa ez da duela urte batzuk baino bizkorragoa, eta lurra bizirik dagoen seinale da.
Eta lurrikararen ondoren zer? Bada, batzuetan tsunamiak direlakoak sortuko dira. Zer da zehazki tsunami bat? Olatu erraldoi bat edo gehiago indar bortitz batek bertikalki ura bultzatzen duenean sortzen da. Eta nork eragingo du indar hori? Lurrikara batek, sumendi batek, eztanda batek... Ozeano Barearen sakontasuna 4.000 metro ingurukoa denez, 700 km/h abiaduraz mugituko diren olatuak sor daitezke, eta euren indarra eta abiadura mantendu egiten dituzte itsasertzera iritsi bitartean, orain itsasoaren sakonera askoz ere txikiagoa baita. Hala ere, 30 metroko altuera duten olatuak irits daitezke. Edozein ozeanotan tsunamiak gerta badaitezke ere, Nazcako eta Hegoameriketako plaken arteko talka motak itsasoko hondoa errazago deformatzen du, eta errazagoa da han tsunamiak gertatzea.
EZARIAN. ZIENTZIA. Lurrikarak, tsunamiak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu