Egun hauetako euri handiek eta tenperatura freskoek ez dirudite garaikoak direnik, udazkenekoak baizik. Eguraldia, berriz, zoratu egin omen da. Gauzak horrela, uda hotza eta hezea izateko itxura hartzen ari da, ezta? Bestalde, aurtengo negua hotza izan da, eta elurra maiz eta erruz egin du. Baina, Euskal Herrian horrela izan bada ere, mundu osoko datuak kontuan hartuta, 2010 inoizko urterik beroena izateko bidean ei dago. Izan ere, Artikoan elurra hilabete lehenago hasi da urtzen eta 2007ko markak gainditzeko bidean dago. Duela 40 urte izotz eta elurren kopurua neurtzen hasi zenetik, heren bat desagertu da dagoeneko.
Artiko kanadarraren ipar-ekialdea leku zoragarria da. Esaterako, Axel Heiberg eta Ellesmere irlak menditsuak dira, eta fiordoak eta glaziarrak ikus daitezke edonon. Han, gainera, ez da inor bizi. Gogoratzen dut 1992ko uztaileko goiz eguzkitsu batean helikopteroan nola nindoan pilotuaren ondoan eserita Axel Heiberg irla zeharkatzen. Kaskoetan Mozart entzuten genuen, kabina burbuila gardena zen eta egunaren garbitasunak paisaia osoa geure oinetan ikusteko aukera ematen zigun. Wolf Pass haranaren edertasunak liluratu ninduen. Zabala, izotzak estalitako meseta batek inguratua eta bertatik behera dozena bat glaziar zuri jaisten ziren emeki-emeki eta zabaldu haranaren beheko lautada goroldiotsuan, oztoporik gabe. Bake ikaragarria sentitu nuen toki hartan.
Egun batzuk lehenago, Ellesmere irlaren ekialdeko kostan egona nintzen, Alexander Fiordoan, hain zuzen ere. Ordura arte ikusita neukan munduko tokirik politena, zalantzarik gabe. Bi helizetako hegazkin txiki batean egin genuen bidaia beldurgarria bi pilotuek eta neuk arratsalde batean hegazkina Eureka eguraldi-estaziotik abiatuta. Zuzenean Sawtooth, alegia Zerra-hortzak, mendietara jo ondoren, hegazkinak, kostata gainditu zituen mendi hauen gailur elurtu zorrotzak eta, bat-batean, beste aldean fiordo sakona agertu zen. Izoztuta zegoen erabat eta gure oinen azpiko maldatik zein aurreko kostaldeko mendi handietatik glaziar andana jaisten zen beheraino, itsas izoztuaren izotzeraino iritsi eta hau bultzatu gupidarik gabe. Gu ere nolabait amildu egin ginen beheko kanpalekuraino zuzenean jaitsi ahal izateko. Ni erabat beldurtuta egonda ere, edertasun basatiaren paradisuaren erdian nengoela iruditu zitzaidan.
Jakin nahiko nuke nola dauden gaur egun glaziar eta fiordo horiek. Seguru asko, tristurak hartuko ninduke, nik ezagutu nuen edertasunaren parte bat galdu baita. Baina Artikoan ez ezik, tropikoetan ere tenperatura asko igo da. Urakanen garaia dagoeneko abiatu da eta orain arteko aurtengo tenperatu beroak ikusita, inoiz baino ekaitz handi gehiago gerta omen daitezke hemendik udazkenera. Gutxienez, 3-7 urakan handi bitarte aurreikusten dira.
Munduaren berotzea eta biosferaren degradazioa esku beretik doaz. Gure planetak metastasiak jota dirudi. Egun, gizakion minbiziei aurre egiteko gero eta teknika hobeak daude eta badirudi minbiziari aurre hartzen ari zaiola. Baina datuek kontrakoa adierazten dute. Nazio Batuen arabera, 2008an 12,7 milioi gaixo berri diagnostikatu ziren eta 7,6 milioi lagun hil minbiziak jota. Gainera, aurrerapenak aurrerapen, minbiziaren eragin kaltegarriak ere aurrera egingo omen du eta 2030erako 21,4 milioi gaixo berri diagnostikatuko dira eta 13,2 milioi hil. Hortxe, ikusten dut nik paralelismoa minbiziaren eta Lurraren degradazioaren kasuetan, aurreratzen ari garela dirudi baina gero datuek kontrakoa erakutsi nahi omen dute.
Lurra jasaten ari den metastasiari aurre egiteko neurri batzuk hartu dira, bai. Kyotoko protokoloa, besteak beste, abiatu zen. Baina badirudi ahaztu, garrantzia galdu dutela edo ez direla benetan betetzen. Lehen hedabideetan asko entzuten genuen klima aldaketa, ohian tropikalen suntsitzea, itsas eta atmosferaren kutsatzeari buruz. Hainbat neurri eta egitasmo proposatu ziren eta bazirudien benetan zerbait egingo zela. Baina, edo oso pesimista naiz, edo benetan bide onik ez dugu oraindik hartu. Meatzariaren kanarioa more ari dela jartzen iruditzen zait. Arnasa falta zaio eta poliki-poliki isiltzeko arriskua dago...
EZARIAN. ZIENTZIA. Meatzarien kanario moretua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu