Badakit orain baino lehen zientzia izenaren azpian esan izan diren hainbat astakeriaren gainean aritu naizela dagoeneko zutabe honetan, baina fakultateko lankide eta laguna den irakasle batek duen blogean irakurritakoak euskaldunon egunkari honetara ekartzea merezi duela uste dut. Blogean esandakoak ez dira nireak, berarenak baizik, baina zientziaren izenean hemen zabaltzea onartuko didala ziur nago.
Gabon garaian, bizi garen kontsumo-gizarteak bereak eta bi egiten ditu ahal den guztia saldu ahal izateko, eta, egunkari batean argitaratutako berriak zioenez, hainbat dendatan erruz saldutako oparia eskumuturreko magnetikoa izan da. Ditxosozko eskumuturreko horiek Power Balance izena daukate, eta itxuraz gorputzaren oreka hobetzen dute. Era honetako berriak behin baino gehiagotan agertzen dira gure komunikabideetan, eta garrantzitsuena ez da egoki lan egiten duten ala ez eztabaidatzea, zientziaren izenean esaten didan hitz ilun eta ezkutukoak deuseztatzea baizik.
Saltzaileek diotenaren arabera, eskumuturreko horien gakoa zerean datza: Mylar izeneko holograma batean maiztasun egokiak sartzen dira. Horrelako esaldi potolo baten azpian zer dago benetan? Mylar izen komertzial bat da, baina azken finean polimero arrunt bat baino ez da (ur-botiletan erabiltzen den polimero berbera, hain zuzen ere); holografia argazkigintza-teknika aurreratua da, eta irudiak hiru dimentsiotan ikusteko aukera ematen du; eta maiztasunak uhinak denbora-unitatean zenbat aldiz errepikatzen diren adierazten du. Dirudienez, grabatutako frekuentzia edo maiztasun horiek gure gorputzaren desorekak bere onera ekartzen laguntzen dute.
Ikuspegi zientifikotik aztertuta esandako guztiak zentzurik ez badu ere, eskumuturreko horien aldekoek gailu horien alde egiteko darabilten azkenengo arrazoia zera da: eskumuturrekoak erabiltzen dituztenek bere onurak antzeman dituztela eta hori nahikoa arrazoi da eskumuturrekoen alde egiteko.
Antzeko arrazoinamenduak erabili izan dira sasizientziaren arlo asko defendatzeko (homeopatia, petrikiloak...). Gauza bat tratamendu batek onurak ekartzea da, eta beste bat horren azpian zientzia dagoela esatea. Beharbada, urte batzuk barru hainbat tratamendu, gailu, e.a.-en oinarria ezagutuko da, baina onartezina da gaur egun ezagutzen den zientziaren arrazoinamenduak erabiliz astakeriak baino ez direnak esatea. Honekin guztiarekin ez dut inondik inora esan nahi eskumuturreko horiek erabiltzen dituztenek onurak sentitu ez dituztenik, baina auskalo zergatik. Zenbateraino ote den norberaren sugestioa, edo oraindik argitu gabeko beste arrazoiak egotea.
EZARIAN. ZIENTZIA. Sasizientzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu