Errusiako Joint Institute For Nuclear Research laborategiko zientzialariak izan dira elementu berria aurkitu edo sortu dutenak, eta Physical Review Letters izeneko aldizkarian argitaratuko dute beren ikerketa lana. Haiek izendatuko dute, gainera, elementu berria ere. Izan ere, behin-behinekoa da oraingoz elementuaren izena. Bai, behintzat, Kimika Huts eta Aplikaturako Nazioarteko Batasunak (IUPAC) bestelako izen bat onartu arte.
Behin-behineko izena eta behin-behineko ikurra ditu oraingoz, beraz, elementu berriak, baina baita behin-behineko izaera ere, kasik. Izan ere, zenbat eta zenbaki atomiko handiagoa izan, orduan eta erradiaktiboagoak izaten dira elementuak, baita orduan eta ezegonkorragoak ere. Hau da, nukleoan orduan eta atomo gehiago izan, orduan eta gutxiago egoten dira elementuak.
117 da ununseptiumaren zenbaki atomikoa, eta zenbaki handia da hori elementuak askorik iraun ahal izateko. Taulako bigarren zenbakirik handiena. Egin dituzten probetan, horregatik, 78 milisegundu iraun ditu soilik bizierdian. Hau da, 78 milisegundu baino ez ditu behar izan atomo erradioaktiboen kopurua erdira jaisteko. Ununseptiuma ez den beste zerbait bilakatzeko.
Denbora nahikoa da une txiki hori elementuaren esistentzia baieztatzeko, baina ez askoz gehiagorako. Eta erronka hori daukate zientzialariek orain unuseptiumarekin eta gisako elementu ezegonkorrekin. Iraunarazi egin nahi lituzkete. Ez dago argi hori lortzerik izango den, baina litekeena da zenbaki atomiko handiagoko elementuek orain arte aurkitutakoek baino egonkortasun handiagoa izatea. Bai, behintzat, egonkortasunaren uhartearen teoriak dioena egia dela baieztatuz gero.
Haren arabera, litekeena da, oraindik sortu ez diren hainbat elementuk orain artekoek ez duten egonkortasun bat izatea. Nukleo atomikoa geruza energetiko gisako batek inguratzen duela da hipotesi honen oinarrian dagoen ideia. Teoria honen aldekoek diotenez, oraindik aurkitu gabeko elementu horietako batzuk, geruza horri luzaroagoan eusteko besteko neutroi eta protoi kopuru magiko batzuk izango lituzkete, eta, beraz, gehiago iraungo lukete bizirik.
Oraindik, baina, teoria hutsa da uharte horrena, eta hala izaten jarraituko duela dirudi, oso zaila baita ikerketetarako behar diren elementu sintetikoak sortzea. Ununseptiuma sortzeko eginiko ikerketan, baina, uharte horren esistentziaren zantzuak aurkitu dituztela diote zientzialari errusiarrek.
Une bateko historia
Dimitri Mendeleevek 1869an proposatutako taula periodikoa pixkanaka-pixkanaka betetzen joan da denborarekin. Berak ere bazekien hori gertatuko zela, gainera, eta horregatik utzi zituen hutsuneak taulan. Oraindik aurkitu ez zituzten elementu horietako batzuen ezaugarriak aurrez ezagutzera ere heldu zen. Ezin asmatu zuen, ordea, aurkitu egingo ez ziren elementu berriak sortu egingo zituztenik. Elementu sintetikoak direla eta, Mendeleeven taulak inoiz baino elementu gehiago ditu orain. Itxura guztien arabera, ununseptiuma ez da, gainera, azkena izango. Izango direla uste den, baina oraindik ez diren hamaika elementuren izenak prest dituzte jadanik. 118 zenbaki atomikodunetik hasi, eta 173 zenbakidunera arte. Izenei izana ematea falta da orain.
Oraingoz, baina, unuseptiuma da izena eta izana eskuratu dituen azkena. Une txiki batez besterik ez da esistitu, baina nahikoa, halere, hemendik aurrera Mendeelevek marrazturiko taula periodikoan bere txokoa lortzeko. 116 zenbakia duen ununhexium izeneko elementuaren eta 118 zenbakidun ununoctumaren artean izango da aurrerantzean elementu berria, denbora luzerako egon ere. Izan arren, ia ez diren elementu sintetikoen multzoan.