Urmuga oso maitea du Iñigo Sernak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1973). Bizkaiko lau etapa diseinatzeko lanean parte hartu du, eta egunotan zeharkaldiaz gozatzen ari da.
Zer herritako mendizaleak elkartzen zarete Mape-Busturia mendizale taldean?
Busturikoak, nagusiki. Baina Urmugarako, Bermeo, Gernika eta Mungialdeko [Bizkaia] mendi taldeekin elkartu gara. Durangaldekoekin [Bizkaia] ere harremana badugu, Gipuzkoara joango den bidea haiek buka dezaten.
Urmugari begira harremanak ere sendotu dituzue beste mendizale batzuekin, beraz.
Bai. Urtanta antolatu zenean, gure inguruan etapa bat egin zuten, eta hor jarri ginen harremanetan. Orduko harreman horren fruitua da jada Urmugako lau etaparen arduradunak garela. Etapak diseinatzen-eta, hor ibili gara elkarlanean.

Nola joan zen igandeko etapa?
Eneperin hasi eta Gaztelugatxera joan ginen. Hortik, gero, Burgoa mendira, eta handik Bermeora jaitsi. Urdaibaiko Esentziak antolatuta, bertako produktuak dastatzeko aukera izan genuen. Gero, trena hartu eta Forura joan ginen. Handik, Gautegiz-Arteagako gaztelu ondotik, Santimamiñeko kobetatik gora egin genuen, Ereñoraino. Ereñozarren orain ermita bat dago, baina lehen Nafarroako edo Iruñeko Erreinuko gaztelu bat zegoen, eta han harrera moduko ekitaldi txiki bat egin zen: musika apur batekin.... Hortik denok elkarrekin, hango herritarrak barne, Ereño herrira jaitsi ginen, eta bertan kantaldi berezi bat egin zuten. Euskal Herri osoko herrietako kantu taldeek parte hartu zuten kantaldian.
Eta atzo: Ereñotik Ziortzara.
Ereñotik aterako ginen, bai, Iluntzar mendira igotzeko; Aulestira jaitsi ginen, eta Santa Luzia ermitatik pasatu ginen. Ziortza-Bolibarreko kolegiatan bukatu genuen etapa, kontzertu eder batekin.
Paraje ederrak dira inguru horietakoak, ezta?
Bai, denak: bistak oso zabalak dira. Bide horretan, Urdaibai ikusten da ia osorik. Urdaibaiko bistarik ederrenetarikoak hortik daudela esango nuke. Gainera, Ziortza-Bolibarrera bidean, ia-ia Bizkaia osoa ikusten da. Oso ibilbide aereoa da, alde bietara: bai itsaso partera, bai barnealdera.

Ziortzatik Durangora joango zarete gaur. Nolako bidea da?
Lehenbizi, Oiz tontorrera igoko gara, eta jaitsiera Momoitiotik egingo dugu. Han bada nekropoli bat, goi Erdi Arokoa, eta Amatzako ermitatik [Iurreta] pasatuko gara. Hori ere Iruñeko Erreinuaren menpekoa zen. Ondotik, Iurreta eta Durango aldera sartuko gara, eta handik Mañarira joko dugu. Mañariko Angurretako harrobietan amaituko dugu eguna, Urmugako kontzertu nagusietako batekin.
Bizkaiko etapa horiek amaitu ostean, baduzu Urmugako beste kontzerturen batera joateko asmoa?
Nahiko nuke azken etapetara joan, Iparraldekoetara. Eta ahal badut, Santa Graziko [Nafarroa Beherea] azken kontzertura joango naiz.
«Magikoa da kontzertu bat entzun ahal izatea paraje natural batean, mendi txoko batean, belardi batean, zuhaitz artean. Mendizale talde bezala, ohore handia da parte hartzea. Eta niretzat, gozamena da»
Zuen mendizale taldearentzat zer garrantzi du Urmugan parte hartzeak?
Mendia, natura eta musika uztartzea ederra da. Mendira, gainera, gozatzeko moduan joatea. Mendiaren eta naturaren doinuak entzun, lasai hartu, korrika egin gabe, konpainia onaz gozatu... eta naturarekin bat egindako musika jaialdi batekin, gainera. Hau bizi ez duenak ezin du imajinatu. Magikoa da musika kontzertu bat entzun ahal izatea paraje natural batean, mendi txoko batean, belardi batean, zuhaitz artean. Mendi talde bezala, ohore handia da parte hartzea. Eta niretzat, gozamena da.
Egitasmoak dituen balioen inguruan zer nabarmenduko zenuke?
Auzolana, alde batetik. Baita egitasmo euskalduna dela ere: Euskal Herritik sortua, euskal herritarrentzako euskal kultura sustatzen duena, natura errespetatuz. Laguntasuna ere nabarmenduko nuke. Ezezagun asko elkartzen gara mendian eta kontzertuetan, eta han denak gara lagun. Balioak asko dira.
Antolatzaileek lan handia egin dute aurreko urteetan.
Zalantzarik gabe, eta zutabe onak jarri dituzte Urmugak urte askoan iraun dezan. Ideia bera sekulakoa iruditzen zait.
Kanaria uharteetan ere kopiatu dute Urmuga. Hori seinale ona da?
Produktu esportagarria bihurtu da. Begira zer ideia sinplea den, baina ematen du aurretik inori ez zitzaiola bururatu edo ez duela aurrera eraman. Urmuga sortu zenean, pandemia garaia zen, eta horrelako gauzak egiteko modu bakarra paraje naturaletan jardutea zen... Horrek beste erakargarritasun bat eman zion. Eta horrek, gero, iraun egin du gaur arte.
Zuen mendizale taldean, zein dira orain dituzuen erronka nagusiak?
Gazteentzat, mendia korrika joateko leku bat bihurtu da. Aldiz, gaur egun slow mendia edo lasaia, zerbait esatearren, jende nagusiagoarentzat da. Herri txikietan, batez ere adin batetik aurrerakoak daude mendi taldeetan. Busturian, herri txiki bat izanda, jende nahikotxo elkartzen gara, eta finkoak direnek ez dute inoiz huts egiten.
Animatuko zenuke jendea mendi taldeetara joatera?
Guk mendiaz hitz egiten dugunean, ez gara ari alpinismoaz. Urdaibai inguruko mendietara edo txokoetara joaten gara gehienbat, eta horrela dabilen jende pila bat dago: familian, lagunartean... Haietako gehienak ez dira hurbiltzen gurea bezalako taldeetara. Eta gure txangoak erraz egiteko dira; beti saiatzen gara, gainera, erakargarriak diren ibilbideak hartzen. Bista aldetik, tontor aldetik gazteluren bat, ur jauziren bat.... zerbait berezia duten tokiak.