Artisau sortzailea

Kontxu Uzkudun: «Ezin nintzen etxean geratu: lana fundamentala da niretzat»

Josten ikasten ari zenean, Kontxu Uzkudun moda diseinatzaileari 'kaxera' deitzen zioten Donostian. Sei hamarkadako ibilbidea egin du euskal identitatea modaren munduan aldarrikatzen: «Zoriontsu egiten nau euskaldun izateak, eta arropan nabaritzen da».

KONTXU UZKUDUN
Kontxu Uzkudun, Donostiako Minimil dendan. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

15 urterekin zapaldu zuen lehen aldiz jostunen tailer bat, eta, ordutik, ez du jostorratza askatu. Kontxu Uzkudun moda diseinatzaileak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1943) artisau sortzailetzat dauka bere burua. Argi utzi nahi izan du: «Moda ez da artea». Minimil markaren sortzailea da: erreferente bat da Euskal Herriko modan. Bere neurrira josi du bizitza, eta, neurrira egindako jantzia ispilu aurrean probatzen ari denak bere buruari nola, hala kontatu du: bizi izandakoari ertz guztietatik erreparatuz.

Zure biloba batek amona moderna deitzen dizu. Zergatik uste duzu?

Moderna ez naiz, baina uste dut garai bakoitzera egokitzen dakidala. Ez naiz aritzen «Ai, nire garaian...» eta horrelakoak esaten.

Emakume askea zara eta izan zara?

Zer da askatasuna?

Galdera ona da.

Egin behar dudala iruditzen zaidana egiten dut, eta horrek arazo asko sortu izan dizkit. Ezkondu nintzenean, 1965ean, lagun talde bat neukan; lauzpabost emakume ginen. Denek erabaki zuten ezkontzean etxean geratuko zirela, umeak hezteko eta senarra zaintzeko. Nik oso argi izan nuen ez nuela hori nahi. Hori gauza txar moduan ikusten zen orduan. «Lanean segituko duzula? Baina nola? Ez duzu seme-alabarik izan nahi? Bai, baina moldatuko naiz. Ez dakit nola, baina moldatuko naiz». Nire alde neukan nire amak 65 urte bete arte Michelinen lan egin zuela. Amonak baserrian lan eginda eta amak fabrikan, ni ezin nintzen etxean geratu: argi nuen nire lana fundamentala zela niretzat.

Lasarte-Orian jaio zinen. Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Ez nuen oso haurtzaro zoriontsua izan. Goxotasun gutxi izan nuen etxean.

Horrek markatuko zintuen.

Baietz uste dut. Aitak eta amak, biek, Michelinen egiten zuten lan. Langileak ziren; ez ziren bulegokoak. Lan egiteko leku ona zela uste dut, baina amak egin ditu gaueko txandak, e! Goizeko bostetan joan izan da lanera. Orduak ematen zituzten.

Noiz hartu zenuen jostorratz bat lehen aldiz?

Ama ez zen jostuna, baina arropa egiten zigun; emakume guztiek josten zuten zerbait. Gure etxean josteko makina bat genuen.

Alfa izango zen.

Bai, noski. Hark josten zuenean ni ere sartzen nintzen, eta panpinentzako soinekoak-eta egiten nituen. Baina ez dut bokaziorik izan.

Ez?

Ez. Bokazioa gero etorri zitzaidan. Urte batzuk betetzean, bi aukera zeuden: ofizio bat ikastea edo Michelinen hastea.

15 urterekin hasi zinen josten ikasten, Pilar Usarragarekin. Non zuen tailerra?

Donostiako Zubieta kalean. Cristobal Balentziagarekin lan egindakoa zen, eta oso ondo josten zuen.

Jostunen eskola bat zen?

Ez. Ni hara lanera joan nintzen, aprendiz moduan, eta soldata bat ordaintzen zidaten. Nik 15 urte nituenetik kotizatu dut Gizarte Segurantzan. Sei pezeta ordaintzen zizkidaten [0,03 euro]. Oso gutxi zen, miseria bat.

Nolakoa izan zen esperientzia?

Gogorra. Lasartetik Donostiara etortzea odisea bat zen.

Tailerrera joatea zure erabakia izan zen?

Nik ikasketak egin nahi nituen. Eskolako maistrak amari esan zion balio nuela ikasketetarako, baina nire amarentzat ikasketak denbora-pasa bat baino ez ziren. Ez zidan irakurtzen uzten! Etxean egiteko zeuden gauza guztiekin, harentzat alferkeria zen irakurtzea. Gogorra zen. Amak Usarragaren lanaren berri zuen, eta galdetu zion ea aprendiz bat nahi zuen. Baietz esan zion, eta horrela hasi nintzen. Bost urte pasatu nituen ofizioa ikasten.

Etxean euskaraz bizi zineten?

Nik eskola nazionaletan ikasi nuen. Aita oso euskalduna zen; are, gazteleraz oso gaizki hitz egiten zuen. Amak fabrikan gazteleraz hitz egiten zuenez, guk etxean ere bai. Hala ere, errieta egin behar bazigun, euskaraz egiten zigun.

Orduan, hizkuntza ez zen muga bat izan Donostiara joan zinenean.

Ez, baina kaxera deitzen zidaten, irain moduan. «Lasartekoa zara, kaxera bat zara», esaten zidaten. Niri ez zitzaidan ia inporta.

Gerora, baserri mundua asko aldarrikatu duzu inspirazio iturri moduan.

Noski! Gerora, nire senarraren familiak garrantzi handia ematen zion euskarari, eta berriro egin nuen topo gure hizkuntzarekin.

Balentziagari buruzko telesaila ikusi duzu?

Ez, ez dut ikusi. Baina ikusi nahi dut. Jakin-mina daukat.

Telesailean ikusten da gaizki jositako mahukak ezin zituela ikusi ere egin.

Obsesio bat zeukan mahukekin. Mahukak dira zailenak egiten arropetan, eta horiei begiratuta jakin dezakezu arropa ondo eginda dagoen edo ez. Balentziagarenak izugarriak ziren. Nik badakit nire txaketaren bat kritikatu zuela, eta esan zuela oso itsusi zegoela eginda. Neure kasa josten hasi nintzenean, Balentziagaren bezero bati ere arropa egiten nion. «Baina zeinek egin du hain gaizki egindako txaketa hori?». Eta nirea zen! [Barrez].

Benetan? Beraz, Balentziagak ikusi zuen zure txaketa bat.

Edo bi edo hiru. 20 urterekin bukatu nuen Usarragarenean, eta beste tailer batera joan nintzen. Urtebete egin nuen han. 21 urterekin ja mutil laguna nuen, eta ezkondu egin ginen. Etxebizitza bat erosi genuen; hirugarren solairu batean, igogailurik gabe. Etxeko gela batean jarri nuen tailerra, eta jendea etortzen hasi zen.

Zerk bultzatu zintuen tailer bat sortzera eta ez beste batzuen esanetara jarraitzera?

Nik argi nuen tailer bat izan nahi nuela. Ofizioa ikastea inposizio bat izan zen, baina gustatu egin zitzaidan. Berehala agertu ziren nire tailerrera ikastera etorri nahi izan zuten neskak. Nik banuen nire prestigiotxoa. Ofizioa ikasten ari nintzenean ere gauez josten hasi nintzen. Gogoratzen dut egin nuen lehenengoa beroki gorri bat izan zela. Hamahiru neskarekin jarri nuen tailerra.

Inbertsioa izango zen.

Ezta pentsatu ere. Mahai bat, aulkiak eta jostera. Lasarten hamar pertsonari egingo nizkien jantziak asko jota. Amarekin Donostiako tela denda batera joan nintzen behin, eta hango andreak galdetu zidan ea non ikasten nuen, eta esan nion Lasarten tailer bat jartzeko asmoa nuela. «Nik jendea bidaliko dizut», esan zidan. Jendea bidali zidan, eta zortea izan nuen, jende aberatsa eta ederra zelako. Publizitaterik onena! Jende horrekin harremana dut oraindik.

Garai hartan udatiar aberats dezente zeuden.

Bai, baina ez nien askori josi. Ordua eskatuta baino ez nituen hartzen bezeroak. Egun batean, andre bat etorri zen esanez nik hura hartzea nahi zuela, eta esan nion ordua eskatu behar zuela. Hark esan zuen bere senarra seigarren erregioko kapitain jenerala zela. Nik esan nion ordua hartu behar zuela. Alde egin zuen, eta ez zen itzuli, noski. Iraindu egin nuela iruditu zitzaion. Horrelako gauzak gertatzen ziren Lasarten.

Zeure buruarengan duzun segurtasuna etxetik datorkizu, edo zuk sortu duzu?

Nik uste dut berezkoa dudala [barrez]. Hala ere, neska gizen bat nintzen, eta gatazka asko nituen nire gorputzarekin. Umetan bullying-a egiten zidaten: klaseko politak ez zidan korrika egiten uzten, mantso egiten nuelako... Gauza horiek guztiak bizi izan ditut, e!

Nahiz eta urteak pasatu diren, hori ez duzu ahaztu, ezta?

Hori ez zait inoiz kenduko. Beti sentitzen naiz gizena. Kontua da onartuta daukadala, eta berdin didala. Baina gaztetxotan arazo bat zen.

Noiz arte izan zenuen tailerra etxean?

Lasarten hamar urte pasatuko nituen josten. Bezero batek esaten zidan: «Donostiara joan behar duzu, eta denda bat jarri». Ondarretan zeukan lokal bat alokatu zidan, eta Daros izeneko denda jarri genuen. Nik orduan 31 urte inguru izango nituen. Lasarteko tailerrean egindakoak dendan saltzen genituen, eta dendara jendea etortzen zen jantziak neurrira egitera. Egindako arropa erosten ere hasi ginen, baina saltzeko arropa egiten 1975 inguruan hasi ginen.

Nola sortu zenuten Minimil?

Ahizparekin neukan Daros, eta, bizitzako kontuak direla eta, alabekin zabaldu nuen Minimil. Oso zurrunak izan gara gure bideari jarraitzen, eta, hala izan ez bagina, agian aberatsagoak izango ginatekeen. Oso zuzenak izan gara nahi genuenarekin, tontakeria gutxirekin. Gure modua oso euskalduna da: soila, serioa, hausnartua. Nik uste dut gure arropa erraz antzeman daitekeela. Jendeak Gucciz hitz egiten duela? Ados, hitz egin dezatela. Ez da gure mundua: hori argi dugu.

Inspirazio iturri horiek eragina dute, adibidez, zuen koloreengan?

Nik uste dut bizi garen lekuak zerikusi handia daukala.

Hortik dator New Basque Style?

Bai. Orain denek erabiltzen dute basque. Tailerrean nengoenean eta kaxera deitzen zidatenean, oso zoriontsu egiten ninduen kaxera izateak, herrikoa izateak: euskalduna izateak. Oso hemengoa sentitu izan naiz beti. Hori garai batean gaizki ikusita zegoen: nik ordezkatzen nituenak neskameak ziren. Hemengo aberatsek ez zuten hitz bat ere egiten euskaraz; neskameek bai. Hori bizi izan dugu, eta seme-alabei transmititu diegu. Eta hori arropan nabaritzen da seguru.

Asko bidaiatu behar izan duzu lanagatik?

Ez asko, baina bidaiatu dugu: asko joan gara Londresera, Milanera (Italia) eta Parisera. Jendea, dendak, kalea eta desfileak ikustera joaten gara. Ikusitakoa jaso, barneratu, atera eta nahi duguna egiten dugu. Londres da gehien inspiratzen nauen hiria: alaitasun handia dago. Askeagoak dira janzteko orduan; paristarrak kontserbadoreagoak dira.

Nola egiten dute bat modak eta askatasunak?

Modaren munduan askatasuna ez da existitzen. Ematen du libreak garela, lizentziak hartzen ditugula, baina inoiz ez gara guztiz aske. Estilo bakoitzak bere estandarrak ditu, eta ezin dituzu gainditu.

Zure biloba, Clara Mendizabal, Parisen ari da lanean, moda munduan.

Oso harro nago. Bere lekua bilatzen ari da, eta oso etxe onean ari da lanean. Nik uste dut modaren mundua asko gustatzen zaiola: eman diezaiogun denbora.

Erretiroa ez duzu hartuko, noski.

Erretiratuko naute edo bizitzak erretiratuko nau. Bukaeratik gertu nago: nire bizitza bukatzen ari da.

Nola bizi duzu hori?

Gaizki. Hiltzeak pena ematen dit. Hainbeste gauza egingo nituzke!

Orain arte bizitakoaz balantze bat egin beharko bazenu, positiboa izango litzateke?

Guztiz. Gu Euskal Herrian erreferente bat gara, ez da ari inor hau hain serio egiten. Uste dut oso maila onera iritsi garela. Lortu duguna ez nuen inoiz amestu ere egingo!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.