Ezka ibaian behera, bizi-bizi

Almadiaren Eguna ospatu dute Burgin herrian bildutako lagunekin batera. Eguerdian jaitsi dira almadiak, eta Ezkaren ur emaria dela-eta espero baino ordu erdi lehenago ailegatu dira herrira.

Ezka ibaiaren ur emari bizian behera jaitsi ziren almadiak, eta Burgin jendetza zuten haiei so eta txaloka. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Burgi
2014ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lanbideen herria dio Burgiko (Nafarroa) sarreran dagoen seinaleak. Zubiaren inguruan ibilbide bat ere bada antzina egiten ziren lanbideak gogoratzen dituena: garbitzaileak, harginak, ikazkinak, okinak eta, nola ez, almadiazainak. Atzo, lanbideen ibilbidea hiru kilometrokoa izan zen, Ezka ibaiaren emarian behera, Burgi helmuga. Euria zela eta, ur emaria bizia zen, eta zurezko baltsak espero baino ordu erdi lehenago ailegatu ziren herrira. Almadien Eguna zen, lanbidea ez ahazteko antolatutako eguna, eta, urtero bezala, atzo ere usadioa ibaiari segika ibili zen.

Omenaldietarako tarterik ere izan zen. Aurten, urrezko almadia eman zieten Erronkaribarreko Erretiratuen Elkarteari eta Tajo Garaiko Gantxeroei. Gainera, Erronkariko gaztaren kanpainaren abiapuntu ere izan zen besta.

10:00ak inguruan almadiak prest ziren ibaian behera jaisteko. Gidariek antzinako jantziak zituzten soinean, eta hamarretakoa ere haien arbasoen gisara hartu zuten: artzain apurrak, xingarra eta ardoa. Han ziren, besteak beste, Arturo Erlanz eta Mikel Aierra almadiazainak. Lehenbizikoak denbora anitz darama ohitura urtero zaharberritzen. Bigarrena, berriz, lau urtez ibili izan da almadiaren gainean.

Inguru haietan pertsona guziek dute arbasoren bat ibaian egiten zen lan horrekin lotua. Adibidez, Aierraren aitatxi Nafarroako azkenengo almadiazainetako bat izan zen. «1952an [Esako] urtegia egin ondoren bukatu zen almadiazainen lana; gainera, kamioi garraioa hasi zelako ere bai», azaldu du Aierrak. Lehenago, Ezka ibaian behera jaistea zen egurra garraiatzeko modu bakarra.

Egun, helburua ez da hori. «Gaur egun garai bateko kontuak, duela mende bat edo gehiagoko bizimodua, erakargarri egiten zaie gazteei. Gainera, tradizioak mantentzea eta transmititzea oso garrantzitsua da», azaldu du Erlanzek.

Aierrak etxean jaso du almadiarekiko zaletasuna. Istorio anitz aditu ditu; adibidez, birraitonarena. Almadian zebilela hil zen, Irunberriko arroilan. «Almadia liburu bat bezala tolestu zen, eta bete-betean harrapatu zuen. Barrenak lehertu zitzaizkion». Lan gogorra zela ezin uka. Aierraren aitatxi, Inocencio Aierra, Zaragozaraino (Espainia) joaten zen, eta gero oinez itzuli behar zuten, oinak eta galtzak izozturik zituztela. «Egurra sal zezaketen herrietara jaisten ziren: Zangozara, Kasedara, Erriberara... plazarik garrantzitsuena Zaragoza zen, noski, jende gehiago bizi baitzen», azaldu du Erlanzek. Tortosara ere (Herrialde Katalanak) joan izan ziren armadaren itsasontzien mastak eramatera. «Horrelakoetan ur bortitzak probestu behar ziren, eta hori arriskutsua zen; beraz, zinez iaioak behar zuten».

Tradizio kutsua

XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan eta XX. mende hondarrean bezala, atzo ere almadiaren gainean jaitsi ziren burgitarrak. Normalean zazpi kilometroko bidea egiten dute, baina aurreko egunetan ibaia motel zihoan, eta badaezpada ere hiru kilometrokoa egin zuten. Ez zen arazorik izan: aurreko eguneko euriaren kariaz ziztu bizian jaitsi ziren almadiak. Hamabietan ailegatu zen lehenbizikoa Burgiko presara, txalo artean, eta aise jaitsi zen zubiaren bestalderaino. Bigarrenaren bidea ez zen hain garbia izan. Presan ez aurrera ez atzera ibili zen hasieran, baina berehala zuzendu zuten baltsa bere bidera.

Almadia ibaian behera, eta inguruan ere tradizioa. Alde batetik, garbitzaileak, antzinako lanbidearen rola jokatzen duten herritarrak. Bestetik, gaur egun edozein jarduera folklorikotan tradizio bihurtu diren ikusleak, sakelakoak eta kamerak eskuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.