Gure haurra ezkerra da. Mahaian, adibidez, edo arkatzak hartzean. Etxeko korridorean futbolean ari garela, pilota, ohartu gabe, eskuineko hankara igortzen diot, behin eta berriz. Horrek tokiz aldatzera behartzen du, baloia eroso jo ahal izateko. Arreta gehixeago jarriz, pilota haren ezkerreko hanka aldera bidaltzen saiatzen naiz. Ahalegin txikia eskatzen du keinu horrek.
Gure umea ezkerra da, eta gure inguruko zenbait poztu egin dira, bi eskuekin eta bi hankekin ederki moldatuko delakoan. Ez dakit, bada. Momentuz, jende gehiena bezala, esku batekin hobeki moldatzen da bertzearekin baino. Ezkerrarekin, hain juxtu. Horregatik da ezkerra.
Baina akaso bai, akaso biak erabiltzen ikasiko du. Mundu ideal batean, eskuinek ere ikasiko lukete pilota (noizean behin, bederen) ezkerreko hankara botatzen, eta baten batek, apika, berez ahalegin txikia eskatzen duen keinu hori arruntean barneratzea lortuko luke. Eta, jakina, ezkerra denak ere, batzuetan bederen, bertzeak eroso jotzeko klasean igorriko dute bueltan pilota. Bizi garen munduan, ordea, ezkerrak, trabarik ez egiteko eta baztertua ez izateko, eskuina baliatzen ikasi beharko du, segur aski. Eta, bai, aberastasuna da, ez izan dudarik, biekin ongi moldatze hori, baina, zenbaitetan, amorru pixka bat ematen dit bertzeen pobreziaren araberako aberastasun horrek, bertzeen eskasiak beharturiko trebezia gehiegizko horrek.
Berriz ere, oharkabean, eskuineko hanka aldera bota diot pilota gure haurrari. Hurbildu naiz eta, besoetan hartuta, muxu eman diot.
MARATILA
Ezkerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu