ATZEKOZ AURRERA. Eneritz Arrillaga. Matti pertsonaia

«Ezkila kapitainarekin parranda asko egingo ditut»

Euskara hedatzen egindako lanarengatik, 'Irutxuloko Hitza' saritu dute piratek. Hedabideko kazetariek, Matti pertsonaiaren azalean sartu, eta hainbat ekitalditan parte hartuko dute .

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irutxuloko Hitza da aurten Donostiako Piraten Aste Nagusiko Matti pertsonaia. Mattik balio bat ordezkatzen du urtero, eta,aurten, euskararen zabalpena izango da. Hizkuntzaren alde arduraz lan egiteagatik saritu nahi izan dute komunikabidea piratek. Irutxuloko Hitza-k kontakizun berezia egiten du euren Aste Nagusiaz, piraten arabera, eta «maitasunez» egindako lana dela ikusten da. Irutxuloko Hitza-ko lantalde osoaren artean banatuko dute Mattiren antzezpena. Tartean, hedabideko koordinatzailea dago, Eneritz Arrillaga (Donostia, 1987).

Irutxuloko Hitza-k beteko du Matti pertsonaiaren rola. Nola hartu duzue albistea?

Ilusio askorekin, eta pozik. Sari bat izan da guretzat. Urte hauetan guztietan informatzen eta euskararen alde egindako lana baloratu dutela sentitu dugu. Piraten proiektuak eta Irutxuloko Hitza-k gauza komun asko dituzte. Herri mugimenduetatik sortzen diren egitasmoak kontatu izan ditugu guk, euskara oinarritzat hartuta. Beti egon da harreman bat.

Piraten sorreratik egon zarete haien berri ematen, gainera.

Bai, hala da. 2005ean piratak ez ziren oso ezagunak, eta eurei buruzko egunkari berezi bat atera genuen urte hartan. Hasieratik egon da elkarlana, eta aurrerantzean ere hala izatea espero dugu.

Matti pertsonaia izanda, zein eginkizun izango dituzue Aste Nagusian?

Aurreko urteetan jo eta ke lanean ibili gara erredakzioan, eta kofradiaren batetik bizi izan dugu festa. Aurten, zertxobait aldatuko zaigu. Pregoia irakurri behar izan dugu, ospitalera joango gara gaixoak bisitatzera Ezkila kapitainarekin batera, abordatzean parte hartuko dugu... Momentu oso berezietan egongo gara presente festetan.

Ezkila kapitainarekin parrandarik egingo al du Mattik?

Bai, bai [barrez]. Kasualitatea da, eta bitxia, baina Ezkila kapitainarena egingo duena nire kuadrillakoa da, hain justu. Parranda asko egingo ditut Ezkila kapitainarekin batera, zalantzarik gabe.

Nola ikusten duzu euskararen presentzia Aste Nagusian?

Hizkuntza nagusia dela esango nuke, eta euskara asko entzuten dela kalean, baina lan asko dago egiteko, oraindik. Aurrerantzean ere, Euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna lantzen aritu behar dugu, guztion artean, pixkanaka.

Irutxuloko Hitza-n nola landuko duzue Aste Nagusia? Berrikuntzarik izango al da?

Aurreko urteetan sarean egiten genuen kontakizuna, eta, aurten, ostiralean, papereko ale berezi bat ere aterako dugu. Irudi askoko alea izango da, ikusgarria. Gainera, kazetariak behin baino gehiagotan joango dira Mattiz jantzita. Polita iruditu zaigu Matti bera kamerarekin joatea eta lanean ikusi ahal izatea.

Non lortu ahal izango da edizio berezi hori?

Banatu egingo dugu. Ostiralean, Konstituzio plazan; eta larunbatean, kalean. Xibaro kofradiaren bazkarian ere izango gara.

Hamar urte bete ditu Irutxuloko Hitza-k. Hemendik aurrera, zer ekarpen egin nahi dio Donostiari?

Donostiarrengandik gertu dauden gauzak kontatzen ari nahi dugu. Beste leku batzuetan espaziorik ez duten ekintzen eta egitasmoen berri ematea gustatuko litzaiguke, eta, nola ez, euskara zabaltzen segitzea, orain arte bezala.

Irakurleen babesa, ordea, ezinbestekoa duzue aurrera egiteko.

Bai, hala da. Proiektu honek harpidedunei esker dirau bizirik, bestela oso zaila baita. Beste hamar urte betetzeko, ezinbestekoa dugu babes hori.

Nola salduko zenioke atzerritar bati Donostiako Aste Nagusia?

Jakiteko nolakoak diren, ezagutu egin behar dira. Piraten mugimendua sortu denetik, Aste Nagusiak izugarrizko aldaketa izan du. Askoz parte hartzaileagoa da, eta ekintza ugari daude.

Zein da gehien gustatzen zaizun ekitaldia?

Irrikitaldia. Oso ongi pasatzen dut antzezten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.