Bizitza osoan bestelako gizarte baten alde borrokan aritu da Julia Munarriz (Iruñea, 1955): frankismoaren kontra, gazterik; patriarkatuaren kontra, oraindik. Emakumeena eta sexu heziketarena dira bere bi munduak, eta bietan aritzen da. Langile soziala da, Sare GIB giza immunoeskasiaren birusaren eta hiesaren prebentzio eta babes elkartean egiten du lan, eta IPES Gizarte Ikasketak Bultzatzeko Institutuko lehendakaria da.
Gizarte langilea zara. Noiz eta non ikasi zenuen?
Nagusitan, 30 urterekin. Oraindik NUPen ez zegoen gizarte lana, baina bazen eskola bat, Zaragozako Unibertsitatearena. Zaila zen ikastea eta independizatzea; beraz, 18 urterekin independentziaren alde egin nuen. Mekanografia eta halakoak ikasi nituen lan egiteko; diktaduran ginen, eta neskek halakoak ikasten genituen.
Zergatik gizarte langile?
Gaztea nintzenetik buru-belarri aritu nintzen politika eta gizarte mugimenduetan.
Zerk bultzatu zintuen militantziara?
Urte mugituak izan ziren frankismoaren azkenak. 15-16 urterekin mendizale talde batean hasi nintzen, eta han mugimendu alternatiboetan inplikatuta zegoen jendea ezagutu nuen. Konpainia onek bide horietatik eramaten zaituzte. Oso harro nago borroka antifrankistan parte hartu izanaz.
Non hasi zinen?
Nahikoa zabaldua zegoen alderdi troskista batean, LKIn. Gutxi gidatutako alderdia zela iruditzen zait; iritzia emateko aukera zabala zen. Urte batzuen buruan, alderditik independizatu nintzen, eta feminismoan eta sexu hezkuntzan murgildu nintzen.
Langile mugimendua indartsua zen garai hartan Nafarroan. Nola gogoratzen duzu?
Ezkerreko alderdi asko zeuden, nor bere egia absolutuarekin; hori da beti ezkerraren arazoa, ezinezkoa da elkartzea. Sindikalismoa indartsua zen: greba orokorrak, Motor Iberica, Potasas... Merkataritzan mobilizazio handia egin genuen Unzun bederatzi lagun bota zituztelako. Komisarian bukatu genuen orduan ere, piketean aritzeagatik. Iraultza iristear zegoela uste genuen, zirraragarria zen. Arriskuak ere pizten gintuen. Bizimodu oso aktiboa zen, oso utopikoa, baina ederra.
Militantziak ondorioak ekarri zizkizun?
Franco hil berritan, FR-ETA VIren batzarra egin genuen Arantzazun [Gipuzkoa], LKI sortzeko. Guardia Zibila tropelean sartu zen, fusilak eskuetan. Denok atxilotu gintuzten. Bizpahiru egunez atxilotuta egon nintzen, eta jo egin ninduten. Nik zortea izan nuen, baina kide batzuek oso-oso gaizki pasatu zuten, sexu umiliazioak egin baitzizkieten. Badakigu zer tortura basati egiten ziren; beraz, nirea intentsitate baxukoa izan zen.
Feminismoan noiz hasi zinen?
Alderdi honetan, asko lantzen zen emakumeen askapena. Beste herrialde batzuetan oso aurreraturik zeuden, eta, IV. Internazional Troskistaren parte ginenez, sarbidea genuen irakurketetara, eztabaidetara eta tailerretara. Hor ohartu ginen, benetan, desberdinkeria nagusi den mundu batean bizi ginela; ez bakarrik klaseagatik, baita genero aldetik ere. Franco hiltzean talde feministak sortzen hasi ziren, baita Nafarroako Koordinakunde Feminista ere. Bertako emakumeek ordezkaritzak zituzten auzoetan, sindikatuetan, lantegietan, alderdietan... Elkartu, eta ados jartzen ginen.
Martxoaren 8ko mobilizazioak nolakoak ziren?
Karrikan bostehun emakume baginen, espaloietan 3.500 ziren, guri izugarrikeriak esaten. «Marimutil», «itsusi»... esaten ziguten. Gogorra zen, baina jarraitu behar genuen, noizbait emakume horiek egoeraz ohartuko zirelako. Azkenean, hori gertatzen ari da: emakume asko ditugu karriketan berdintasunaren alde borrokan.
Nola zabaltzen zenituzten mezu feministak?
Hilero batzarrak genituen. Hitzaldiak antolatzen genituen, eta eskuorriak ezker-eskuin banatzen. Aldizkari txiki bat ere egiten genuen. Nork bere alorrean egiten zuen lan, eta batzarrean oinarrizko gauzetan ados jarri, eta horrekin egiten genuen aurrera. Lan handia egiten genuen alor bakoitzerako, baita adostasunak lortzeko ere.
Noiz hasi zinen Ipesekolehendakari gisa?
Duela sei-zazpi urte; baina espero dut bi urte barru aldatuko dela.
Hasieratik egon zara han?
Unibertsitate alorreko jendeak sortu zuen Ipes, langile sektoreetara oso-oso lotuta zeudenak. Formazio politikoa eta mundua ezagutzeko tailer anitz antolatzen zituzten. Blanca eta Silvia Fernandez, Elena Sanjulian eta beste batzuk emakumeentzako formazioak antolatzen aritu ziren, eta hor sartu nintzen ni, 1980ko urteetan. Han jarraitzen dut, erakundeen politiken araberako gorabeherekin. Onena da haien menpeko ez izatea, baina ez dugu aski.
Nola aldatu da Ipes geroztik?
2007-2008ko krisiaren aurretik, bederatzi-hamar langile genituen. Emakumeen ikerketa alorraz gainera, nazioarteko alor oso indartsua genuen, baina, krisiaren aitzakiarekin, gehiegi maite ez zituen proiektuei diru laguntzak kentzeko aprobetxatu zuen UPNk. Orain hiru lagun ari dira.
Zer ekarpen egin dio Ipesek Nafarroari?
Silvia Fernandez de Figera izenekoa da genero gaietako biblioteka espezifiko eta espezializatuen artean zaharrena [Espainiako] estatuan. Emakumeak eta Zinema jaialdiak emakumeek eginak direlako banatzailerik ez duten film asko ikusteko aukera eman du. 1990eko hamarraldian Langileakaldizkaria ateratzen genuen, eta Ar progreak edo galaiak deitutako tailerra bildu genuen. Ordurako pentsatzen ari ginen zer egiteko izan beharko luketen gizonek berdintasunaren aldeko borrokan. Eta urte asko daramagu feminismo eskolekin; urtero jendea geratzen da itxaron zerrendan.
Nola hasi zinen GIB-hiesaren prebentzio lanetan?
Emakumezko sexu langileekin artatze eta prebentzio lan bat egin genuen kide batek eta biok. Klubez klub ibili ginen haiek erakartzeko, GIB probak egin zitzaten, eta haiek ezagutzeko. Hor batu ziren nire bi mundu garrantzitsuenak: emakumeena eta GIBaren prebentzio eta laguntzarena.
Zergatik erabaki zenuen bide hori hartzea?
Beti izan dut kezka bat sexu lana egiten duten emakumeekin, baita etxeko lanetan aritzen direnekin ere. Txanpon beraren bi aldeak dira: ona eta santua, eta txarra eta gaiztoa. Horrela eraikitzen gaituzte emakumeok, batzuk zigortuz eta estigmatizatuz, beste aldea aukeratu dezagun. Lehenbizi Blanca Fernandezekin aritu nintzen Nafarroako prostituzioari buruzko lan bat egiten, eta, gero, Madrilen aritu nintzen GIBdun sexu langileekin. Horren ondoren, Nafarroako Gobernuan sartu nintzen, hies programan.
Zein zen egoera?
Orain zaila da GIBa duzula esatea, estigma eta diskriminazio handia dagoelako, baina garai hartan izugarria zen. Norbait GIBduna zela susmatze hutsa aski zen harengana ez gerturatzeko. Lagun bat San Frantziskon [AEB] aritu zen lanean, gizonekin sexu harremanak zituzten gizonentzako laguntza emozionaleko taldeetan. Hemen halakoak behar genituela pentsatuta, GIBdunen eta haien gertukoen laguntzarako elkartea sortu genuen. Gero hasi ginen kartzelako programarekin, 1993an, orain arte iraun duena. Xiringa truke programa honek OMEren saria jaso zuen, kartzelako jarduera onagatik, eta sozialistek bertan behera utzi dute, zain barneko injekzio bidezko drogen gorakada bizi dugun honetan.
Jende anitz hil zen hiesak jota. Zure ingurukoak ere bai?
Hasieran ez nuen inor ezagutzen, edo ez nekien behintzat. Lanean hasi nintzenean, gobernuan lehenbizi eta Saren gero, ia egunero genuen hileta. GIBa zutenek laguntza behar zuten, sekulakoa. Harreman profesionala pertsonal bihurtzen zen. Une oso gogorrak izan ziren. Estimu handi-handia zenion jendea... [malkoei ezin eutsita] Izen asko datozkit burura... oso gogorra izan zen. [Malkoak idortu ditu].
Duen garrantzia aitortzen zaio?
Ez. Ez. Hemen inoiz ez dute interesik izan, gobernuan edozein egonda ere, adin guziei egokitutako sexu heziketa on bat emateko. Beti izan diote beldur handia eskuinari. Baina 1990ean Nafarroako Gobernuak orain baino babes handiagoa ematen zien elkarteei, eta kanpaina publikoak egiten zituen. Uste dut Skolaeren sexu heziketaren hanka ez dutela praktikan paratu. Osasun Publiko Institutuko teknikari batengatik GKEek debekaturik dugu ikasgeletan sartzea, eta zailtasunak ditugu diru laguntzak eskuratzeko. Horri gehitu GIBaren tratamenduak, gogorrak izanagatik ere, eraginkorrak direla. Emaitza da jendea ez dela hainbeste arduratzen. Badirudi ez dela arazo bat, baina urtero daude infekzioak.
Zergatik ez da GIBari buruz hitz egiten?
Sexuaz hitz egiteko interesik ez dagoelako. Eskuinak eta Elizak oraindik botere handia dute. Nafarroan are gehiago, Opus gobernuetan ere infiltraturik dagoela.
Positibo eman duten lagunek nola jotzen dute zuengana?
Beti da kolpe bat, ez baituzu uste zuri gertatuko zaizunik. Azaltzen diegu hobeki dela lehenbailehen jakitea eta tratamendua ongi eramanda patologia kroniko bat bezala bizi daitekeela GIBarekin.
Heterosexualek GIBaren probak egiten dituzte?
Bai, baina gutxiago. Emakumeek proba gutxiago egiten dituzte. Maitasun erromantikoak arazoak ematen ditu indarkeriari eta gaitzei dagokienez. Fideltasunean oinarritutako harremanak ez dira existitzen, eta egonen balira, badaezpada ere, kontuz ibili. Andre askok sorpresa hartzen dute, eta, gainera, afera oso aurreratuta dagoenean. Osasunaz arduratzen diren erakundeek indar egin beharko lukete emakumeak ohartu daitezen ezkontza ez dela preserbatibo bat, ezta bikotea ere. Gizonekin sexu harremanak dituzten gizonengan eta gazteen aisialdian baizik ez dute arreta jartzen.
Mugimendu feministan aritu zara gaztetatik; nola ikusten duzu haren bilakaera?
Lehen asko lantzen genuen ekintza batasuna. Orain uste dut talde asko daudela, eta asko ez direla haien artean elkartzen. Horrek pena ematen dit.
Azken urteotan gai batzuek galarazi dute batasun hori?
2018ko Martxoaren 8a sekulako eztanda izan zen, eta aldaketa kuantitatibo handia emakumeen parte hartzeari dagokionez. Kasualitatez, horren ondoren hasi dira desadostasunak, ordura arte egon ez ziren eremuetan. Trans lege bat genuen, eta ez zen inolako arazorik; eta ustekabean orain sexu langileen abolizionismoa da garrantzitsuena, diotenez, sistema patriarkalaren oinarria direlako. Sistema patriarkalaren oinarria familia da, eta ezkontza monogamikoa. Salerosketaren kontra borrokatu nahi baduzu, baina utzi emakume hauek bakean. Babesa eta eskubideak behar dituzte, ez itzazu egurtu.
Min ematen du?
Min ematen du, min handia; feminismoan urpekari fatxa bat sartzea lortu dutela iruditzen baitzait. Honek eskuinaren alde baino ez du egiten. Emakume guziok behar ditugu eskubideak. Denok.
Julia Munarriz. Sare elkarteko gizarte langilea eta ekintzaile feminista
«Ezkontza ez da preserbatibo bat, ezta bikotea ere»
«Oso harro» dago frankismoaren kontrako borrokan aritu izanaz, baina gogorarazi du arazo batzuk hor daudela oraindik ere: andreen zapalkuntza eta GIBaren infekzioak. Mugimendu feministan batasun handiagoa nahiko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu