Ezkutatutako kaxen bila

Sakelakoaren bidez mundu osoan altxor bilaketan jolasteko aukera da 'geocaching' jarduera. GPSa oinarri hartuta, mundu errealean praktikatzen da, eta hiru milioi erabiltzaile baino gehiago dauzka dagoeneko; horietako batzuk, Euskal Herrian.

Geocaching-o bi erabiltzaile, Gasteizko autobus geltokian
Bi bilatzaile, Gasteizko autobus geltokian, kaxa baten bila
urko iridoy alzelai
Gasteiz
2023ko abenduaren 5a
05:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Piratek hondar azpian ezkutatutako urrezko altxorrak aurkitzeko nahia izan dute askok betidanik. Horixe sortzen dute begi bistan ez dauden gauzek: misterioz beteriko desira. Gaur egun, sentsazio hori ez du soilik X batekin bukatzen den mapa zahar batek sortzen: sakelako telefonoan ere aurki daiteke. Horretan datza geocaching jarduera: nork bere telefonoa erabiliz mundu guztian dauden altxorrak aurkitzean, izen bereko aplikazioko beste erabiltzaileek ezkutatutako altxorrak hain justu. Mundu osoan du presentzia geocaching-ak, eta Euskal Herrian gero eta jarraitzaile gehiago ditu.

GPSa da geocaching-aren oinarria. AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadak sortutako sistemaren bidez kokatzen dira cache-ak; hau da, aurkitu beharreko altxorrak. 2000. urtean, AEBetako armadak GPSa eskuragai jarri zuen mundu guztiarentzat, eta harrezkeroztik dago erabilgarri geocaching-a. Hiru milioi cache baino gehiago daude mundu guztian sakabanatuta, 190 herrialdetan baino gehiagotan. Ezkutatutako kutxak txikiak izaten dira normalean, baina tamaina eta forma ugaritakoak aurki daitezke. Kutxa horien barnean era guztietako objektuak daude, baina ezinbestekoa da logbook bat egotea; hau da erregistro zerrenda bat. Zerrenda horretan, jokalari bakoitzak bere izena jar dezake, ezkutatutako kaxaren jabeak eta kutxa aurkitzen duten beste bilatzaileek bertan egon dela jakin dezaten. Izenen zerrendan berea gehitzean, jokalariak puntu hori «aurkitua» duela jar dezake aplikazioan. Kaxa aurkitu eta ireki ondoren, bere lekuan utzi behar da, hurrengo jokalariek aurkitzeko aukera izan dezaten.

3.400.000

'Cache' kopurua. Mundu guztian 3,4 milioi cache inguru daude ezkutatuta.

Bost kaxa mota daude aplikazioan. Oinarrizkoa kolore berdez irudikatzen da mapan, eta kokapenera hurbiltzean kaxa bat aurkitu beharko du bilatzaileak; soilik bilatu eta aurkitu. Baina badaude lan gehiago eskatzen dutenak ere. Multi izenekoak kaxa bat baino gehiagoko kateak dira, eta, azkenekoa aurkitzeko, aurretik beste hainbat lortu beharko dira. Mysteri izenekoak antzekoak dira, baina etxeko lana eskatzen dute. Horietako bakoitzak erronka bat dakar, eta, ebaztean, kokapen zehatza agertuko da mapan. Kaxa birtualak argazki batekin ebazten dira, aplikazioan dagoen kokapen zehatzean ateratako argazki batekin; beraz, ez da egoten kaxarik kokapenean. Azkenik, Earth cache deiturikoek geologiarekin dute zerikusia: geologikoki leku interesgarriak biltzen dira, eta kokapen horietan argazki bat ateratzea da helburua.

Ikuspuntu ezberdinak

Altxorra bilatzeaz gain, geocaching-ak beste helburu asko ditu. Teresa Platak, sarean Picyta ezizenaz ezaguna den erabiltzaileak, leku berriak ezagutzeko aukera paregabea dela uste du: «Nik, askotan, turismoa egiteko erabili izan dut aplikazioa. Herri berri asko ezagutu ditut kaxen bila nenbilela; aplikazioarengatik ez balitz, inoiz ez nituzkeen ezagutuko». Platak dio «bi gauza» aurkitzen dituela bilatzaile batek kutxa aurkitzean: kaxa fisikoa eta leku berri bat. «Nire hiriko, Gasteizko, kokapen guztiak aurkitu nituenean, ni behartuta nengoen, jolasten jarraitu nahi banuen, ondoko herrietara joatera. Azken finean, aitzakia bat da, familiarekin plan ezberdinak egiteko eta beste toki batzuk ezagutzeko. Gida turistiko baten modukoa izan daiteke», azaldu du Platak.

Iñaki Anton ClubdelGPS erabiltzailearen ustez, soziala da beste ikuspuntu bat: «Geure artean elkartzeko eta geocaching-ari buruz hitz egiteko ekitaldiak sortzen ditugu. Ekitaldi horiek aplikazioko mapan agertzen dira, eta edozein erabiltzailek ikus ditzake». Baina ekitaldiak normalean ez dira kaxak aurkitzeko erabiltzen, bilatzaileak ezagutzeko eta aktibitateari buruzko jakintzak partekatzeko baizik: «Askotan, garagardo batzuk hartzen ditugu; beste batzuetan, asteburuak pasatzen ditugu elkarrekin; eta horrelakoetan ez da beharrezkoa izaten kaxak bilatzea». Euskal Herrian erabiltzaile aktibo dezente daudela esan du Antonek: «Europa erdialdeko eta iparraldeko herrialdeetan askoz gehiago jolasten dira, baina Euskal Herrian komunitate nahiko handia dugu».

Bilatzaileen arteko komunitatearen oinarri nagusia «lehiakortasunik eza» da. Ez dago rankingik, ez sailkapenik aplikazioan; beraz, ez dago beste erabiltzaileekin alderatzeko aukerarik. Bakoitzaren profilean norberak aurkitutako cache kantitatea agertzen da, baina, Antonen ustez, ez da ohikoa horrekin itsutzea. «Erronka zeure buruarekin egiten duzu, ez besteekin», esan du Platak. Aktibitate «kooperatibo» moduan deskribatu du gasteiztarrak geocaching-a, erabiltzaileek «elkarri» laguntzen baitiote.

«Herri berri asko ezagutu ditut kaxen bila nenbilela; aplikazioarengatik ez balitz, inoiz ez nituzkeen ezagutuko».

TERESA PLATA 'Geocaching'-aren erabiltzailea

Oinarria kaxak aurkitzea izan arren, erabiltzaileen ustez, ezkutatzea ere prozesu «dibertigarria» da. Kaxak kamuflatu egiten dira, ezkutatutako lekuetan begi bistan ez daitezen gelditu. Mendian kokatutako kaxa bat bada, hostoen edo harrien artean ezkutatu daiteke, baina badira mimetizazioa beste maila batera eramaten duten erabiltzaileak. Zuhaitzen enbor zatiak erabiltzen dituzte kaxak sortzeko, egur zati bat irudikatzeko, eta bilatzailea nahasteko. Beste batzuek hostoak itsasten dituzte, udazkenean kaxa lurrean uzteko eta ia aurkiezin bilakatzeko. Mendian ez ezik, hirian ere badaude kaxak erabat ezkutatzea lortzen dutenak. Iman batekin eserleku azpian ezkutatutakoak edo hodi faltsuekin egindakoak aurki daitezke kalean. Kokapenen zailtasuna eta tamaina aplikazioan zehazten da. Normalean, deskribapen txiki bat edukitzen dute puntuek, bilaketan gida moduan erabiltzeko.

Hainbat pauso bete behar dira mapan kokapen puntu bat sortzeko. Kaxaren fabrikazioa da lehenengo pausoa. Normalean, tuperrak erabiltzen dira, ura barnean ez sartzeko, eta gauzak gordetzeko lekua edukitzeko. «Kaxa prest edukitzean, non ezkutatu aukeratu behar duzu, baina ez du balio edozein tokik. Aplikazioak ez du uzten cache batetik bestera 161 metro baino gutxiago egoten; beraz, hori ere kontuan hartu behar da. Horrez gain, debeku gutxi daude: adibidez, ezin dira haurren parkeetan ezkutatu. Nik behin denda baten barruan aurkitu nuen bat; beraz, ohikoena aire zabalean jartzea den arren, leku estalietan ere egon daitezke». Azkenik, lekua webgunean erregistratu behar da, eta, ikuskatzaileak baiezkoa ematen badu, puntua beste erabiltzaileen mapan agertuko da. Aplikazioko langileek euren puntuak ikuskatzen dituztela azaldu du Antonek. «Baina ez fisikoki. Guk kokapena eta argazki bat bidali behar dizkiegu, eta haiek erabakitzen dute egokia den ala ez. Mistery cache-ekin, adibidez, guk planteatutako erronkak azaldu behar dizkiegu, eta erantzunak ere bai».

Geocachingeko cache bat, Gasteizko autobus geltokian
Cache bat, joan den astean, Gasteizko autobus geltokian. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Kokapena ez aurkitzeak berezko izena dauka: DNF, ingeleseko Do Not Find; euskaraz, aurkitu gabea. DNF delakoa emotikono triste batez irudikatzen dute aplikazioan, baina Antonek, tristura baino gehiago, «amorrua» aipatu du kaxa aurkitzen ez duenean zer sentitzen duen deskribatzeko: «Amorru handiagoa sentitzen da kaxa hor dagoela susmatzen duzunean baina hala ere aurkitzen ez duzunean. Hainbeste denbora pasatu eta gero, badakigu jendeak nola gordetzen dituen gauzak, eta DNF bat izatea ez da inoren gustukoa izaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.