Komunikazioa. Ekografiak

Ezohikoak

Jokin Labaien.
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Bost urte beteko ditu El intermedio saioaren aurkezle gisa, eta bolo-bolo dabil hedabideetan. Jose Miguel Monzon Navarro umoristaz ari naiz, Gran Wyoming esaten diotenaz. Nik nahiago nuen Caiga quien caiga saioaren hastapenetan ezagutu nuen hura. Batez ere, inguruan zeuzkan lankideengatik. Oraingoek ez didate grazia handirik egiten. Bera ere, ikusiegia dudala iruditzen zait. Errepikakorregia. Eta, hala ere, unebatzuetan, bere egiten nau.

Baina ikus-entzuleek maite dute oraindik. Jarraitzen dute. Horra hor, bost urteko iraupenaren arrazoirik handiena. Ez baita erraza, telebistagintzaren gailurrean bizi denak hainbat adierazpen ezohiko egin eta halako onarpena izatea. Efe albiste agentziari berriki eskainitako elkarrizketan egiazko perlak bota baitzituen; eta ez baikinen harritu; eta, azken finean, ados baikaude, batzuek behintzat:

—«Hedabideetan, egun, Francorekin ere ikusi ez nituen egoerak izaten dira».

—«Komunikabideentzat une larriak bizi ditugu».

—«Gauza bat informazioa ezkutatzea da, eta beste bat, etengabe gertatzen den bezala, albisteak gezurra direla jakinda ematea».

—«Astakeria horiek esaten dituzten kateak ere egotearen aldekoa naiz».

—«Dagokien elkarteek jarrera etikoa aldarrikatu behar lukete».

—«Kate batek bere edukiak hedatzea galaraztea kontzientzia txarraren ondorioa da».

Hara! Francoren garaian ikusten ez zituenak nabari ditu gaurko telebistagintzan. Logikoa da. Garai hartan, ez baitzen No-do baino. Eta, hala ere, badu bigarren irakurketa bat adierazpenak. Orduan, politikoki, ideologikoki, kulturalki eta sozialki, mezuak eskumaren eskumatik eskumaragokoak zirela eta, muga hor omen zegoen. Mundu garatuko herri demokrazia parte hartzaile zoragarri-gozagarriak baditu, baina, bere gune No-dotuak. Eta ez hain muturrekoek ere, informazioaren erabilpen deitoragarrian murgilduek, astakeriak esanda ere, irautearen alde egiten du. Horretarako une larriei aurre egiteko, erantzukizuna eskatzen die hala dagokienei. Eta ez dio berak, baina erantsiko dut nik jarrera etikoa ikus-entzule guztiok aldarrikatu behar genukeela horretarako daukagun arma arriskutsuenarekin, telebistako mandoarekin. Erdibiderik ez baita halakoetan, kontzientzia txarrak indarra galtzerainokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.