Herri bat, herrialde bost. Gaurtik hasita asteartera, kultura askotako begiradek, azalek, soinuek eta dantzek bat egingo dute Ezpeletako Nazioarteko Dantza Jaialdian (Lapurdi). Gauargi dantza elkartearen eskutik jaiotako ekimena da, eta Indonesia, Martinika, Mexiko, Errusia eta Euskal Herriko haurrak bilduko ditu, ikuslearen gozamena elikatzeko ekitaldi ugari proposatuz. Gaur bertan hasiko dira dantza emanaldiak, bost dantza taldeek elkarlanean eskainiko duten ikuskizunean.
Mexikoren ordezkaria Tonalli Ambar dantza taldea izango da, eta herrialdeko eskualde desberdinetako dantzak eskainiko ditu, instrumentu indigenez lagunduta. Gero, Al Ikhlas Jakarta dantza taldeak Indonesiako kulturaren edertasuna erakutsiko du.
Siberiako Yakoutie eskualdeko Kytalyk taldeko dantzariek hartuko dute parte jarraian, eta ondoren, Martinikako Tche Kreyol taldeko haurrek. Euskal Herriko ordezkariak Ezpeletako Ezpela eta Gabadiko (Nafarroa Beherea) Iruski dantza taldeak izango dira.
Bost herrialdeetako bederatzi eta hamabost urte bitarteko haurrak elkartzearekin batera, «bost kulturetako elkartasuna indartu» nahi izan du Gauargi elkarteak. Horretarako, dantza emanaldiez gain, kontzertuak, hitzaldiak eta bestelako ikuskizunak antolatu dira.
Emanaldiak ikusteko, tarifa bereziak sortu dituzte: 10,50 euro hamabi urtez azpikoentzako, eta 18,50 euro helduentzako.
Gerizpean. Uda-pasa
Ezpeleta, mundura begira
Bost herrialdetako haurrak bilduko dira Ezpeletan, Gauargik sortutako Nazioarteko Dantza Jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu