Katalunia

Eztabaida piztu dute Esport3ko esatari batek Israelen aurka zuzenean egindako iruzkinek

TV3ren kirol katea igeriketa sinkronizatuko Olinpiar Jokoetarako sailkatze fasea ematen ari zen. Besteak beste, esatariak salatu du Israelek nazioartean duen irudia garbitzeko erabiltzen dituela kirola eta kultura.

Bi igerilari estatubatuar, asteburuan Sant Jordiko igerilekuetan (Bartzelona) jokatu den txapelketan. MARTA PEREZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 15a
11:52
Entzun

«Israelek nazioarteko kultur eta kirol ekitaldietan duen presentzia estrategia bat da Palestinako herriaren aurka egiten ari diren genozidioa zuritzeko. Besteak beste, nabarmena da hori Bartzelonan egiten ari diren Olinpiar Jokoetarako sailkatze fase honetan, edo Eurovision jaialdian; bitarte horretan, ez da entzuten gerrari buruzko ezer, eta garrantzitsua da ikusleak horretaz jabetzea. Ez da egoera hori normalizatu behar». Esport3 TV3en kirol kateko esatari baten hitzak dira, asteburuan Bartzelonan egin den igeriketa sinkronizatuko sailkatze fasearen emisioan esandakoak.

Eztabaida eragin dute hitzok, Israelen aldekoen eta aurkakoen artean. Besteak beste, Kataluniako Israelen Lagunen Erakundeak erantzukizuna hartzeko eskatu dio telebista kateari, eta esataria zigortzeko: «Antisemitismoaren erakusgarri bat da». Hainbat txiotan esan dutenez, gezurra da Israel Palestinaren aurkako genozidio bat egiten ari dela, eta herrialde horren aurka halako iruzkinak egitea «judu guztiak zaku berean sartzea» da.

Erabiltzaile gehiagok ere hartu dute esatariaren aurkako jarrera. Salatu dute kirol emanaldi bat ez dela leku egokia nork bere iritzi politikoak plazaratzeko, eta halako salaketak Israelek bakarrik pairatu izana gaitzetsi dute: «Zergatik ez du ezer esan Irani, Turkiari edo Txinari buruz?», galdetu dute batzuek.

Beste batzuek TV3ren aurka jo dute, eta egotzi diote hedabide objektibo bat ez izatea. Kataluniako telebista kate publikoa aspaldidanik dago eztabaidaren erdian; izan ere, Espainiako hainbat alderdik haren aurkako kanpaina indartsuak egin dituzte azken urteetan, haien arabera kateak Kataluniaren independentziaren aldeko iritziak sustatzen dituelako.

Bestelako erabiltzaileen artean, zeresana eman du Pilar Rahola kazetari eta ERCko politikari ohiaren txioak: «Oso larria da!», idatzi du. Tel Aviveko Unibertsitateko ohorezko kidea da 2006tik.

Sareetan, ordea, gehiengoa izan dira esatariaren hitzak txalotu dituztenak. «Oso handia», «horrelako kazetari gehiago behar ditugu» edo «gezurren bat esan al du?», izan dira gehien errepikatu diren erantzunetako batzuk.

Bestalde, hainbatek azpimarratu dute Israelen politikak eta ekintzak salatzea ez dela antisemitismoa, eta esatariaren aurka egin dutenei genozidioa defendatzeari uzteko eskatu diete.

Olinpiar Jokoetarako sailkatze fasea da Sant Jordiko igerilekuetan jokatu zen, Bartzelonan, joan den ostiraletik igandera, eta hiru txartel banatu ziren Tokioko Jokoetarako: Espainiak, Italiak eta Greziak lortu dute Japonian izateko eskubidea. Israelek, beraz, Tokion ez du parte hartuko igeriketa sinkronizatuan.

Usabiagaren aurrekaria

Aurten bertan, Euskal Herrian ere izan da Israelek giza eskubideen aurka egin dituen urraketak salatu dituen kazetaririk. Italiako Giroaren emisioan, Alessandro De Marchi txirrindulariaren hitz batzuk aitzakitzat hartuta, honela esan zuen Xabier Usabiaga esatariak: «Albistegietan ere albiste da Israel zer ari den egiten palestinarrekin, besteak beste, Gazan».

Israel Start-Up Nation taldeko txirrindularia da De Marchi, eta behin baino gehiagotan hitz egin izan du giza eskubideen urraketen aurka. Usabiagak, ordea, zalantzan jarri zuen gai horretaz hitz egiteko talde egokienean ote dagoen. Nagusiki, arrazakeriaren aurkako eta eskubide zibilen aldeko aldarriak egin izan ditu txirrindulari italiarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.