Garai batekoa da ohitura, baina urtero berritzen da. Belaunaldiz belaunaldi, eztarriz eztarri. Asko dira oraindik ere Gabon zahar egunean edo gauean herriko kaleetara atera eta etxez etxe puskak biltzen aritzen diren euskal herritarrak. Badu bere kopla bakoitzak, eta, halere, errito beraren parte dira guztiak. Errenterian ibiltzen dira (Gipuzkoa), adibidez, kantuan, baita Nafarroako hamaika lekutan ere: Lesakan, Sakanan, Baztanen... Puskak biltzen dituzte abestutakoaren truke. Gabon zaharrean egiten dute batzuek txangoa, eta urteko lehen egunean beste leku batzuetan.
Beran ere ibiltzen dira etxez etxe, eta berezia da haien leloa. «Glin glan, glin glan, duenak ez duenari eman». Ez dute, ordea, normalean esaldi osoa esaten, eta «glin-glan, glin-glan», errepikatzen dute beratarrek etxe atari batetik bestera, harik eta etxekoek fruituak eta gozokiak botatzen dizkieten arte. Astelehenean errepikatuko dute erritoa, Gabon zaharrean, eta ohi denez, umeak izango dira nagusi.
Haurren ostean, helduak
15:00etan elkartuko dira txikiak Agerra auzoan, eta etxez etxe arituko dira gero eskean; ibilbidea Ilekuetan bukatuko dute. Ez da hor amaituko eguna, ordea; Gabon egunaren ostean Gabon gaua baitator, eta helduen txanda izango da orduan. Diostesalbea abestuko dute orduan beratarrek. Kopla kantuan ibiliko dira urte zaharra agurtu eta urte berria ospatzen.
GLIN-GLAN
Non. Beran.
Noiz. Gabon zahar gauean, 15:00etan hasita.
Zer. Etxez etxe eskean aritzera ateratzen dira, eta trukean jakiak jasotzen dituzte.
Asteburuko proposamenak
Eztarriari esker etxez etxe ahoratutakoak
Bera. Gabon zaharrean, herri askotan aritzen dira etxez etxe puskak biltzen, eta Bera da horietako bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu