Joan den mendeko 70eko hamarkadan, hiri mugimendu berri bat eratu zen Ingalaterran. Industria iraultzaren garaian eraikitako hainbat pabiloi eta eraikin eraisten hasi ziren, eta jendea mobilizatzen hasi zen ondare horiek mantentzeko. Eraikin horiek gizartean txertatuta zeudela arrazoitzen zuten, eta horiek ere hiriaren ondaretzat jotzen zituzten. Urteak igaro dira, eta Europan mugimendu hori asko zabaldu da: sorkuntza fabrikak ugari zabaldu dira. Industria zaharretan kultura sortzen dute orain.
Euskal Herrian ere izan du tokia mugimendu horrek, eta, 1990eko hamarkadan Donostian Arteleku zabaldu zenetik, gisa horietako hainbat egitasmo agertu dira. 2010ean inauguratu zen Bilboko Alondegia, eta iragan den urtetik ari dira Tabakalerako lanekin. Ildo apalagoan, abuztuan zabaldu zen Zorrotzaurren, Bilbon, Pabellon 6, eta ekainean amaituko dituzte Astra eraikineko lanak, Gernikan (Bizkaia).
Azken bi gune horiek Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Sormen Fabriken proiektuaren barnean gauzatu ahal izan dira. Bartzelonan izan zuen abiapuntua egitasmoak, eta sare gisako bat da. Herrialde Katalanetan hainbat pabiloi eraberritu dituzte arterako erabultzeko, horietako gehienak auzo kolektiboen bidez, era alternatiboan. Fabrica per a la Creacio izenpean, programa bat saretu dute, eta esperientzia hori ekarri nahi izan du Eusko Jaurlaritzak. Eraikina moldatu ahal izateko baliabide ekonomikoak jarriko lituzke Jaurlaritzak, eta, gero, gune bakoitzaren kudeaketa profesionalen esku geratuko litzateke.
1. Zorrotzaurre biziberritu
«Gu ez gara industria bat, ordea; izatekotan, eskulangileak gara», Pako Revueltas Pabellon 6eko kidearen hitzetan. Arte eszenikoak lantzen dituzte Zorrotzaurreko eraikinean. Entseguak eta emankizunak egiten dituzte bertan, «eta orain arte hona etorri den jendea oso gustura agertu da». Eraikinak egitura arazoak dituela zehaztu du, eraikina ez baitago antzokia izateko pentsatuta. Baina, edozein modutan,onartu du eraikinak baliabide ugari dituela. «Oraindik ez dakigu noraino irits gaitezkeen».
Erabili gabe dauden eraikinei eta pabiloiei bizi berri bat ematen zaie gisa horretan, eta horrek guztiak auzoa ere biziberritzen du. Zorrotzaurren pabiloi ugari daude, eta, Pabellon 6az gain, antzeko beste egitasmo batzuk lantzen ari dira. «Lotura soziala lortzen badugu, etorkizuna izan dezakegu». Izan ere, hasiera batean Sormen Fabrika ez zen Zorrotzaurrerako pentsatutako asmoa. Hirigintza goitik behera aldatzeko proiektua eginda dago, Zaha Hadid arkitekto irakiarraren bitartez. Egoera ekonomikoak ez du askorik laguntzen, eta egitasmo hori alboratuta dago, oraingoz. Hori ikusirik, bertako pabiloiak aprobetxatzen hasi dira. «Politikoki aukera polita da», Revueltasen ustez. Berriz proiektu hori berreskuratuko balitz, «ez dakigu zer gertatuko zaigun. Bitartean, gure asmoa urteetan hemen egotea da, gero indar sozial bat lortzen baldin badugu bertatik botatzea zailagoa izango baita».
2. Herritik sortutako proiektu bat
Gernikako Astra eraikina ere, hirigintza plan berri baten barnean egon zen, botatzeko zorian. 1913an zabaldu zen arma fabrika, eta 1998an itxi; 2005ean etxebizitzak egin ahal izateko eraisteko proiektua garatu zuten. Baina herri mugimenduak bertan behera utzi zuen asmo hori. Gernikan atxikimendu handia diote Astra eraikinari; izan ere, 80 urtez zabalik egon zen enpresa, eta garai onenetan 500 langile izan zituen. Herri mailan, gainera, gabezia kulturala zeukaten, eta Astra horretarako leku aproposa zela iritzi zioten hainbat eragilek. Era horretan, 2005 eta 2006an bi aldiz okupatu zuten arma fabrika zaharra. Mugimendu horien ondorioz, Astra Gernikarentzat taldea osatu zuten, eta hainbat eskaera egin: Astra publikoa izatea, kulturarako erabiltzea, eta haren etorkizuna herritarren esku egotea. 2007. urtean erosi zuen udalak eraikina, eta Eusko Jaurlaritzak konpontzekodirua eman zuen 2010. urtean, Sormen Fabrika egitasmoaren barruan.
Eraikinak hiru solairu ditu, eta lehenengo biak konponduko dituzte ekainean amaituko diren lanetan. Baina oraindik ez dago garbi zein kudeaketa izango duten, «Gernikako Udalak Eusko Jaurlaritzarekin betekizun batzuk baitauzka», Oier Plaza Astra Gernikarentzat mugimenduko kidearen hitzetan. Edozein modutan, dantza eta arte eszenikoetako gorputz faktoria bat, ikus-entzunezkoetarako beste bat, eta arte plastikoetakolantegiak antolatuko dituzte Astran.
Eraikina ez eraitsi izanak eta kulturarako erabiltzeak sinbologia handia dauka gernikarrentzat. «Armak sortu zituen fabrika horrek kultura sortuko du etorkizunean, eta hori gauza handia da, bonbardaketetatik zutik geratu zen eraikin bakarrenetarikoan», azpimarratu du Plazak.
3. Periferian bakarturik
Artelekuren sinbologia ere handia da, gisa horretako lehen eraikina izan baitzen Euskal Herrian. Beraz, aitzindaria izan zen. Hornitzaile enpresa bat zegoen bertan, harik eta 1980ko hamarkadarekin batera itxi zuten arte. Erakundeek hainbat eredu bisitatu zituzten Europan, eta horren ondorioz erabaki zuten Arteleku zabaltzea.
Orain, ordea, Gipuzkoan kultur azpiegitura handi bat dago martxan, Tabakalera, eta hasiera batean bertan egongo litzateke Arteleku. «Hasieran, proposamen hori egin ziguten, baina orain ez dakigu bertan egongo ote garen», Natalia Barberia Artelekuko kidearen hitzetan.
Sorkuntza artistikorako gunea da, Donostiako Loiola auzoan kokatua. Periferian egonda, «askatasun handia ematen dio artistari, bakartzeko aukera handiagoa ematen baitio». Gainera, azpimarratu du eraikina oso «eskuzabala» dela, sabai altuak eta espazio handiak baitauzka. Horrek aukera handiak ematen dizkie, espazioa ez baita traba inoiz.
Tabakalerara joango diren edo ez oraindik argitzeko dago, baina, mugituko balira, hiri erdigunera aldatu beharko lukete eraikina eta sortze prozesua. «Eta horrek zaildu egingo luke prozesu artistikoan murgiltzea». Edozein modutan, gune industrial batetik beste batera mugituko lirateke: «Baina ez dakigu nola egokituko dizkioten Tabakalerak dituen berezitasunak».
Hainbat eredu daude gune industrialak kulturgune gisa egokitzeko garaian: modu autogestionatu edo erakundeen laguntza batzuekin aurrera bideratzen diren egitasmoak, edo estrukturaltzat jo daitezkeen esku hartzeak. Azken horiek arazo bat daukate, Revueltasen ustez. «Izan ere, ez da lan sozialik egin, eta ez da kulturan pentsatu. Egun baliabide asko dauzkagu kulturarako, baina ez daukagu zerekin bete».
Ezarian. Industria pabiloiak, kulturgune
Fabrika zaharrak, etorkizuneko kultura sortzaile
Euskal Herrian hainbat industria pabiloi huts kulturarako bideratzen ari dira. Ondarea mantentzeaz gain, sorkuntza fabrika ere bihurtu dira Astra, Pabellon 6 eta Arteleku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu