Bilboko Aste Nagusia

Familia, egurrean

Larrea familiako hiru belaunaldi aritu dira aizkoran Bilboko Areatzan, Herri Kirolen 35. Erakustaldian. 85 urteko aitona, 55 urteko aita eta 17 urteko semea; hirurak batera jardunean.

85 urteko Julian Larrea aizkolaria, atzo, Bilboko saiorako prestaketa lanetan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2014ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herri kirolak tradizio handikoak dira, eta atzo, Bilboko Areatzan, Larrea familiako hiru aizkolariek erakutsi zuten etorkizuna ere badutela. Euriak ikuskizuna tristatu bazuen ere, Julianek (85 urte), Armandok (55) eta Julenek (17) erakustaldi ederra eskaini zuten. Herri Kirolen 35. Erakustaldia zen. Berezia da larreatarren kasua. Munduan bederatzi herrialdetan baino ez dira antolatzen aizkora txapelketak, eta batera jarduten diren familia bereko hiru kide dituen aizkolari sendi bakarra da haiena.

Eguna goibel hasi zen, eta antolatzaileak zerura begira zeuden, laino grisek euria noiz botako zain. Asko ez zuen iraun ateri, eta, erakustaldia hasi baino ordu erdi lehenago, zirimiria hasi zen. Hala ere, ikusle asko eseri ziren antolatzaileek jarritako aulkietan, plastiko eta euritakoekin. Euriak ez zuen geratzeko asmorik, baina antolatzaileek egitarau sendoa zuten prestatua, eta inork ez zuen galdu nahi. Trontza desafioa, zokor batzea eta gizon probak ziren herri kiroletako batzuk. Baina hiru aizkolarien erakustaldia zen eguneko proba nagusia, ikusle zein antolatzaileentzat.

Izan ere, ez dira hasiberriak: Julian eta Armando hamahiru aldiz izan dira Bizkaiko txapeldun trontzan, eta hirutan Euskadikoak. Aizkoran, berriz, Armando birritan izan da Bizkaiko txapelduna. Baina Julenek dauka etorkizunik oparoena: 3 urterekin hasi zen aizkoran, aita eta aitonaren laguntzarekin, eta iaz irabazi zuen Bizkaiko Bigarren Mailako txapela.

Erakustaldiaren aurretik, giroa berotzen hasteko, Julian eta Armandok aulki bihurtu zituzten bi enbor, motozerrarekin. Kirolariez gain artistak ere badirela erakutsi zuten, eta bost minutuan baino gutxiagoan egin zituzten bi aulkiak. Diseinua ez zen oso landua, baina zutik mantentzen ziren. Ordurako, ikusleak irrikan zeuden ikusteko zer egin zezaketen aizkorekin. Baina Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko trontza desafioa zetorren lehenik.

Turistak eta betikoak

Ikusleen artean denetarik zegoen; bilbotarrak, urteroko jarraitzaile leialak, turistak.... Margarita Lopez, adibidez, Arratiatik joan zen, urtero bezala, herri kirolak ikustera. «Urteroko gauza da, baina, hala ere, oso polita izaten da». Eguraldi txarrarekin ere merezi zuela uste zuen. Gehienak iritzi berekoak ziren. Javier Revilla madrildarrak lehen aldiz ikusi zituen herri kirolak atzo, eta «ikuskizun ederra» zela iruditu zitzaion. Helena Alonsok eta Jose Maria Ceballosek ere oporrak aprobetxatu zituzten Aste Nagusira joateko. Terrassako (Herrialde Katalanak) kultur talde bateko kideak dira, eta euskal dantzak eta herri kirolak ezagutzeko irrikan zeuden. Ordubete zeramaten denek aterkipean geldi, eguraldi petralari aurre egiten. Eserleku bikainak zituzten erakustaldirako, eta ez zuten handik mugitzeko asmorik.

Trontza desafioaren ostean heldu zen hiru aizkolariak zer egiteko gai ziren ikusteko garaia. Bakoitzak bi enbor moztu beharra zeuzkan inongo denbora mugarik gabe. Larreatar helduenaren enborrak txikiagoak ziren. Hara bildutakoek ikusiko zutenaren garrantzia gogoratu zuen aurkezleak saioa hasi baino lehen, eta Julianen adina eta aizkolariek zuten erronka azpimarratu zituen. Txalo zaparrada jaso zuten hiru larreatarrek lehen aizkorakada ematerako.

Ikusleek isilik eta arreta handiarekin ikusten zuten hiru aizkolarien lana. Jo eta ke, minutu batzuen buruan Armando bigarren enborrean zen, eta beste biak ere hurbil ziren. Ekinean jarraitu zuten, eta, azkenean, Julen, gazteena, izan zen lehena bi enborrak mozten. Aitonak jarraitu zion, eta aitak handik gutxira amaitu zuen. Lana bukatuta, txalo zaparrada are handiagoa jaso zuten hirurek.

Pozik ziren hiru larreatarrak egindako lanarekin. «Hirurok ia jarraian bukatu dugu, eta oso pozik gaude», azaldu zuen Julenek. Aitonak, enbor txikiagoak ebaki bazituen ere, oso harro zegoela esan zuen. Adierazi zuenez, pentsaezina da adin horretako norbait aizkoran horrela aritzea. «Askok esaten diote ikaragarria dela egiten duena, baina harentzat normala da».

Erakustaldiak, aurrera

Larrea familiaren erakustaldiaren ostean, herri kirolek aurrerajarraitu zuten. Bizkaiko zokor batzearen txapelketa izan zen hurrengoa, emakume zein gizonetan. Gizon probak izan ziren azken desafioa. Bost probatan lehiatu ziren Osman Breme Euskadiko txapelduna eta Oskar Perez.

Antolatzaileak ere, pozik. Jose Luis Bilbao aurkezleak azaldu zuen horrelako egunekin jendeak atzera egiten duela, baina gaineratu zuen hala ere aurten iaz beste jende zegoela. Hurrengo egunetan atertzea espero du.

Gaur, Urrezko Aizkoraren sailkatze liga eta harri-jasotzaileak egongo dira Areatzan, eta bihar, toki berean, gizon eta andre probak egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.