Fauna aberatsa, saien hegoen itzalpean

Giro ugari daude Valderejon, eta horrek animalia askori babeslekua ematen die; dena den, guztien artean, haitzetan bizi diren hegaztiek dute garrantzirik handiena, eta, horien artean, putreek.

Jon Rejado.
2013ko irailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriko natur parke txikienetan hirugarrena izan arren —Bertiz eta Pagoetakoen aurretik— Valderejok animalia aniztasun handia du. Zuhaitzetan, lurrean, ibaian... Ordea, haitzetan bizi diren hegaztiek dute pisurik handiena protagonismoa banatzean: sai zuria, aztorea, belatz handia... Dena den, protagonista nagusirik badago sai arrea da, parketxearen aurreko eskultura ikusita sumatu daitekeenez.

Hegazti handi horien populazioa egonkortu da azken urteetan; 90 eta 100 bikote artean bizi dira, batez ere, Vallegrullgo pareta handian. Ibarretik bertatik begiratuta, erraz sumatu daitezke zuloak pareta horretan, non habiak egiten baitituzte, eta ibiltaria nekez etxeratuko da sai bat ikusi gabe.

Hegaztien garrantzia agerikoa da, parketxeko eskaintza ikusita. Edonondik paseatuta saiak ikustea ohikoa bada ere, hegaztiak behatzeko ibilbide jakin bat dago. Bestalde, hiru ibilbidetan eragiten dute hegaztiek. Hain zuzen ere, urtarrilaren 1etik abuztuaren 15era haitzen goiko aldetik eta habien ingurutik doazen bideak itxita daude putreen hazkuntzari ez erasateko. Hortaz, natur parkeko bide guztiak irekita izango dituzte urte bukaera arte hara doazen bisitariek.

Hegaztiak parketxetik bertatik ikus daitezke, Vallegrull mendiko haitzetako habiak ikus baitaitezke. Ordea, handik aterata eta Villamardoneserako bidean aurrera eginez dagoen begiratokitik, ikuspuntu ezin hobea dago sai arreak ikusteko. Horrekin nahikoa ez dutenek, berriz, ibilbideari jarraitu, eta San Lorentzo baselizara jotzeko aukera dute. Handik, Vallegrulli bizkarra emanda, natur parkearen beste aldean, Valderejon bizi diren sai zuriak ikus daitezke kataloxa erabilita, sai arreak azpitik pasatzen direla. Animalia hori desagertzeko arriskuan dago gaur egun, baina aurten Valderejoko bikoteak txita izan du, eta Leire Abin parkeko gidariak jakinarazi du San Lorentzo aldean ikusi izan dutela.

Haitzetan hazten diren aurretik hegazti horiekin guztiekin batera, Valderejoko zerua zeharkatzen arrano beltza ere ikusi ohi dela jakinarazi du Jon Elorriagak, parkeko zaindarietako batek. Ordea, gaineratu du ez dakitela non dagoen animalia horren habia. Horiez gain, belatxinga moko horia, harkaitz zozo gorria eta beste hainbat hegazti daude.

Basurde eta arrabioak ere bai

Valderejon giro ugari daude, eta, horrenbestez, basoetan ere animalia asko ikus daitezke. Adierazgarrienak orkatza, basurdea, azeria, lepazuria, basakatuak eta urtxintxak dira. Otsoa bera ere agertu izan da azken urteetan Arabako inguru horretan. Animalia horrek gainerakoei eragin dituen eta eragin ditzakeen kalteen ondorioz, artzakurrak ere badaude parkean, seinale batzuek ohartarazten duten gisan. Lahozeko etxaldeko zaldiak, behiak eta astoak dira nagusi, baita ardiren bat edo beste ere.

Paretetara gerturatu ahala muskerrak edota arrabioak ikus daitezkeela esan du Abinek, baita amuarrainak eta ezkailuak ere Puron ibaiaren ur hotzetan. Ibaiaren inguruan animalia asko dago. Besteak beste, apo pintatuak eta baso-igel gorria ere aurki daitezke inguru horretan, saien hegoen itzalaren begiradapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.