KOMUNIKAZIOA. Ekografiak

Fedea galdu nuen eguna

Jokin Labaien.
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ados, ez da larunbat arratsalde baterako plan perfektua. Siestatik esnatu berri harrapatu ninduen, eta ezin izan nion ihes egin. Ostiral gauean eman zuten erreportajearen (nolabait izendatzearren) errepikapena zen: Caso Faisan. Ia ahaztu zait datu garrantzitsuena aipatzea: Intereconomia katean eman zuten.

Ustez iraultza zergarekin lotutako auzi ezagun hartako gertaerak berritu nahi zituen 41 minutuko emanaldiak. Niri parodia bat iruditu zitzaidan (hiztegiaren arabera, parodia burlazko imitazioa da). Helburu garbia zuen: gertakarietan izandako ardura dela eta, garai hartako Auzitegi Nazionaleko, Barne Ministerioko eta poliziako goi karguak hatzaz seinalatzea eta erantzukizunak eskatzea. Bide batez, EAJri ETAren laguntzaile izatea egotzi zioten. Eta, nola ez, azken hori, beste behin, gaizkiaren munduan deabrua baino deabruagoa dela berretsi zuten.

Horretarako hainbat aktore erabili zituzten. Rodrigo Gavilan Intereconomia Taldeko zuzendaritzako kideak idatzitako gidoiari jarraiki, hainbat hilabetez auziaren alde guztiek emandako pausoak irudikatu zituzten. Dokumentuak eta grabaketak ziren lanaren indargunea. Kontraesana dirudi, adibidez, polizia eta justizia barregarri utzi nahi izatea, eta haiek sekretupean dauzkaten sumarioko frogak erakustea. Bide batez, esan dezadan, grabaketa horien sinesgarritasuna erredakzioko kajoiren batean utzi zutela ahaztuta. Hala ere, erreportajearen ondoren eman zuten mahai-inguruan honela mintzatu zen Xavier Horcajo kazetaria: «Grabaketa horiek Biblia bezain egiazkoak dira». Eta nik, hogeita bost urteko inozo honek, zakarretara bota nuen gau mahaian nuen alea.

Kazetari eta aurkezleak, beste kazetari batek, gidoigileak, fiskal ohiak, abokatuak eta Dignidad y Justicia eta Manos Limpias elkarteetako idazkari orokorrek hartu zuten hitza orduan. Bihotz oneko gaixo horiek gertatutakoaren biktimak direla azaldu zuten, haien esanetan, demokrazia espainiarra aspaldi agortu baitzen.

Argi dago auziaren eta katearen jabeek dauzkaten interes politikoen norabideak baldintzatzeko hamaikagarren ahalegina izan zela. Hain zuzen, informazio eta ekonomia katea dena umorezko saio etengabea iruditzen zait niri. Gaur egungo gertakarien parodia egin beharko banu, halako zerbait asmatuko nuke. Baina haiek, benetan ari omen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.