Itzea Goikolea. Arabiar kulturan aditua

«Feminismo batzuk arrazakerian eta islamofobian erortzen dira»

'Feminismoak mundu arabiarrean' ikastaroa emango du Itzea Goikolea ikerlariak. Mendebaldeko feministek Islamarekiko jarreraz hausnartu behar dutela dio, «inposizio kolonialista» saihesteko.

BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2013ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Itzulpengintza ikasi zuenean, arabiera aukeratu, eta arabiar kulturarekin maitemindu zen Itzea Goikolea (Gasteiz, 1984). Hiru urtez Kairon bizi izan zen, eta islamera bihurturiko mendebaldeko emakumeen inguruan egin zuen tesia. Feminismoa mundu arabiarrean ikastaroa emango du, Amaia Egañarekin batera, gaur eta bihar, Ondarroako (Bizkaia) Etxelilan (94-613 40 08).

Fenomeno bitxia ikusi ohi da hemen: berez inongo joera feministarik erakusten ez duten pertsonak, bat-batean, emakumeen eskubideen defendatzaile sutsu bihurtzen dira musulmanak direnean mintzagai. Zergatik gertatzen da hori?

Bitxia da, gure gizartean islama bakarrik patriarkal gisa aurkezten digutelako. Horregatik pentsatzen dugu musulmana eta feminista contradictio in terminis bat dela. Ez da horrela. Feminismo batzuk arrazakeria eta islamofobia printzipio hauetan erortzen dira. Irakurketa sinplista dituzte, eta biktimizatzaile bihurtzen dira: hango emakumeak salbatzera deitzen dute. Halere, feminismoak autokritika ahalmen ikaragarria du, eta Euskal Herriko mugimendu feministan hausnarketa batzuk egiten ari dira.

Herrialde musulmanetan feminismoa askapen nazionaleko mugimendu laikoekin batera garatu zen. Oraingo islamizazioa ez da atzerapausoa?

Ekialde Hurbilean, 1920ko eta 1940-50eko hamarkadetan sortu zen kolonialismoaren aurkako feminismoa, eta, Magreben, 1960-80koen artean. Oso diskurtso indartsuak etorri zaizkigu, beraz, arabiar mundutik. Orain, inboluzio barik, aldaketak daude mundu arabiarrean. Egia da berislamizazioa gertatu dela eta, horretan, emakumearen eginkizuna eta egoera ez dela oso askatzailea feminismotik ikusita. Baina aurretik zegoen diskurtsoa ikusita, aldaketa ez da erabatekoa izan. Nasserrek, esaterako, boterea hartu bezain pronto zapaldu zuen Egiptoko mugimendu feminista indartsua.

Egiptoko egungo gertaeretan, zeri begiratu behar diogu mugimendu feminista zertan dabilen ikusteko?

Eurozentrismoa ondo errotuta daukagu barruan, eta zaila zaigu ikustea. Hango kultura ezagutu behar da. Adibide bat jartzearren, asko dira grafitiak egiten dituzten emakumeak. Emakumeei ukatu zaien espazio publikoa hartzen ari dira horrela, eta oso grafiti politiko indartsuak eta, batzuetan, esplizituki feministak margotzen ari dira. Geure prismatik at ulertzeko osagaiak badaude.

Feminista musulman batentzat zapia jantzi beharra ez litzateke arazoa. Arazoa litzateke emakumeei bakarrik ezartzea islamaren araberako janzkera, gizonezkoek nahi bezala janzten diren bitartean. Zuzena al da adibidea?

Nik tesian feminismo islamikoak erabiltzen dut, pluralean. Batzuek ulertzen dute Jainkoak gauza ezberdinak eskatzen dizkiela fededun gizonezkoei eta emakumezkoei. Beste batzuek islama ulertzeko beste era bat dute. Feminismo islamikoaren teoria gorputz indartsuenak Mendebaldean egiten dituzte bai islamera bihurturiko emakumeak bai hemen babes hartutakoak. Horien arabera, islamaren eta Jainkoaren mezua berdintasunezkoa da, eta ezin da premisa patriarkal bat islamikotzat hartu. Emakume bakoitzaren askatasunaren alde daude, gainera, eta Mendebaldetik burka edo hijaba zapalketa keinu gisa hartzea inposatze kolonialistatzat jotzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.