Bilboko Aste Nagusia. Laura Fernandez eta Lorea Ureta. Txinparta Feminista konpartsako kideak

«Feminismoak edonon egon behar du, baita jaietan ere»

Aste Nagusia asko aldatu da, Fernandezen eta Uretaren arabera: erasoen kudeaketan, ekintzen parekidetasunean... Txinparta konpartsa sortu berritik helduko diete etorkizuneko erronkei.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Hutsuneak ez du asko iraun: Mamiki desagertu zen, eta berehala sortu da Txinparta Feminista, ehun bazkide baino gehiagoren babesarekin. Bilboko jaietan konpartsa feminista bat «derrigorrezkoa» dela uste dute Lorea Ureta (Bilbo, 1981) eta Laura Fernandez (Basauri, Bizkaia, 1982) kideek.

Zer moduz joan da Txinparta Feministaren lehen jai urtea?

LOREA URETA: Gogotsu eta ilusioz gaude Bilboko jaietan, oro har, ez bakarrik Aste Nagusian; baita inauterietan, santomasetan eta abarretan ere. Feminismoak kalean egon behar du, ze feminismorik gabe ezin dugu bizitza ulertu; borrokak edonon egon behar du. Gainera, jarrera oso ona ikusi dugu beste konpartsetan eta jendearengan; beraz, oso pozik gaude.

Nolakoa izan da bidea?

URETA: Hasieran, iruditzen zitzaigun apur bat zoratuta geundela, baina emakume piloa agertu zen prest parte hartzeko eta lanerako; batzar bat egin, estatutu batzuk, eta Bilboko Konpartsetan sartzeko eskaera egin genuen.

Zenbat konpartsakide zarete?

LAURA FERNANDEZ: Gutxi gorabehera 120 gara bazkidetuak eta gutxienez Aste Nagusian parte hartzeko gogoz gaudenak. Batzuek urte osoan parte hartu nahi dute, eta badaude askoz aktiboagoak direnak ere, antolaketa lanetan-eta dabiltzanak.

Espero zenuten halako harrera?

URETA: Ez genuen ezer espero. Itsu-itsuan hasi ginen konpartsa bat sortzen, eta eztanda bat izan zen: jendeak oso azkar esan zuen baietz; berehala hasi ziren galdetzen zer egin behar zuten, nola... Erantzuna oso positiboa izan da.

FERNANDEZ: Emakumeok ikusten genuen jaietan eta kalean presentzia eduki behar genuela, baita espazio seguruak ere. Eta Bilboko Konpartsen Federazioan ezinbestekoa da konpartsa feminista bat egotea. Lehenengo deialdian ikusi zen hori: aurreneko batzar irekian 55 emakume etorri ziren. Guk beharra ikusten genuen, eta kanpotik ere ikusten zen.

Andre batzuek urte asko daramatzazue konpartsetan. Beste batzuk, ordea, berriak dira. Txinpartan denetarik batu da, ezta?

FERNANDEZ: Bai, batzuk Mamikitik gatoz: urteak pasatu ditugu han. Beste batzuk mugimendu sozial eta feministetatik eta LGTB mugimendutik datoz, eta emakume feminista batzuk indibidualki hurbildu dira, konpartsa batera hurbiltzeko beldurra galduta. Azken finean, batzuetan leku itxiak balira bezala ikusten dira konpartsak, baina hori ez da gure filosofia: oso irekiak gara, eta nahi dugu edozein emakume feminista etortzea.

Aurten ez duzue txosnarik jarriko. Nola hartuko duzue parte, beraz?

FERNANDEZ: Nahiz eta txosnarik ez muntatu, badauzkagu gure ekintzak. Gainera, beste txosnetatik elkarlana eta laguntza jaso dugu proiektua aurrera eramateko: Piztiak-etik, Eguzkizaleak-etik, Bizizaleak-etik, Sinkuarteletik... Aurten, konpartsa ikusarazi nahi dugu: jaietan egongo gara oso modu aktiboan. Konpartsen ekintza ia guztietan parte hartu nahi dugu, eta gureak antolatu ditugu: autodefentsa feministako ikastaro bat, Piztiak-en txosnan [herenegun egin zuten]. Mugimendu feministarekin ere elkarlanean ariko gara.

Datorren urtean, ondo bidean, txosna jarriko duzue. Horrek ikusgaitasun are handiagoa emango dizue.

URETA: Hala da. Ikusi dugu oso garrantzitsua dela etxe moduko bat edukitzea, jendea hurbiltzeko leku bat. Baina, aurten, kaleak izango dira gure etxea.

Txosna garrantzitsua da, halaber, esparru publikoa okupatzen delako modu oso esplizitu batean, ezta?

FERNANDEZ: Bai. Eta espazio feminista bat delako, eta segurua. Iaz, adibidez, ez zen egon espazio feministarik [Mamiki konpartsa feministak txosnarik ez jartzea erabaki zuen], eta beharra sumatu genuen.

Jaiek balioko dute jende gehiago erakartzeko? Ideia hori duzue buruan?

URETA: Bai, noski, feminista guztiak ongi etorriak izango dira. Lana daukagu, baina baita kaleak okupatzeko gogoa ere.

FERNANDEZ: Eta festarako gogoa.

Atzera begiratuta: nola aldatu da Aste Nagusia azken urteetan, jai ereduari eta giroari dagokienez?

URETA: Asko aurreratu da azken hogei urteetan; aldaketa oso indartsua egon da. Bilboko Konpartsek sekulako lana egin dute autodefentsa protokoloekin, adibidez. Lehen, pentsaezina zen. Jendea askoz kontzientziatuago dago, eta betebehar bat dute: erasoren bat antzemanez gero, emakumea txosnan sartu behar da, eta abar. Kontzientzia nabarmena da, baina ez bakarrik eraso bat dagoenean; feminismoa askoz zabalagoa da. Ekintza bat prestatzean, beti dago ikuspuntu feminista; parte hartzeari dagokionez ere, egoera aldatu egin da. Kontuan hartzen dira emakume eta gizon parte hartzaileak, jolasteko taldeek mistoak izan behar dute, umeentzako ikastaro bat prestatzen bada kontuan hartzen dira zer motatako rolak dauden, ez erreproduzitzeko sistema patriarkalarenak. Etorriko dira beste erronka batzuk, eta, horiek aurrera eramateko, konpartsa feminista bat behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.