Gizarte aldaketek eraginda, galdu egin dute ganadu feriek Euskal Herrian garai batean zuten garrantzia eta pisua. Artean herrietako bizimoduaren topagune nagusi izaten ziren, baita beste herrietako ezagunekin harremanetan jartzeko aitzakia ere. Aldatuz joan da dena, ordea, baita feriak ere. Horrek ez du esan nahi gaur egun feriak garrantzi gabekoak direnik. Hori bai, aldatu egin dira, ganaduak ez du hainbeste pisu eta maiz nekazaritza produktuek hartu dute abereen lekukoa. Animalien kasuan, gainera, salerosketarako baino gehiago, maiz, baserritarren lana saritzeko baliatzen dira.
Euskal gizartea asko eta azkar aldatu da azken urteetan. Lehen, nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi zen gizartea, eta, orain, berriz, industriatik eta zerbitzuetatik bizi den gizartea bilakatu da. Eta aldaketa horien lekuko izan dira ganadu feriak ere. Horretaz ohartzeko, Euskal Herrian egiten diren ganadu azoka garrantzitsu hiru ikusi besterik ez dago. Urriaren 18an egin ziren Altsasukoudazkeneko feriak (Nafarroa). Susana Mendinueta Sakanako garapen teknikariaren ustez, ganadu feriak gizartearekin batera aldatzen joan dira. «Abeltzaintza motore zuen gizarte bateko espazio soziala eta ekonomikoa zen feria. Egiten ziren tratuak, edaten eta jaten zen. Produktorea eta saltzailea bera ziren. Feria espazio soziala zen, eta ekonomikoa ere bai», azaldu du.
Gaur egun, espiritu horri eusten diote, baina kontsumitzeko moduak asko aldatu direnez, feriak ere kontsumora bideratu dira, eta ez hainbeste abere salerosketara.
Abere gutxiago
Aldaketa horren lekuko da Altsasuko feriarekin edo Zumarragakoarekin gertatu dena. Biak ala biak ezagunak dira ganadu asko eta ederra lekutzen dutelako, baina azken urteetan garrantzi handiagoa hartzen ari da nekazaritza produktuen salmenta. Ganadu feria bizirik gabe gelditzen ari zen, eta, Europako Batasuneko diru laguntzen bidez, Altsasuko, Ordiziako (Gipuzkoa) eta Ezpeletako (Lapurdi) feriek elkarlanari ekin zioten duela urte batzuk. «Lehen, batez ere, ganadu feria zen garrantzitsua, baina orain gero eta garrantzi handiagoa dute nekazaritza produktuek. Aurten 40 bat saltzaile izan ditugu, 72 postutan banaturik, batzuek bat baino gehiago jartzen dute eta», azpimarratu du Mendinuetak.
Antzeko joera hartu du Zumarragakoak. Abenduaren 13an egiten da, Santa Luzia egunarekin,eta Gipuzkoako ganadu feriarik garrantzitsuena da. Herrialde horretatik zein ondokoetatik bisitari ugari joaten da. Ganadu eta nekazaritza produktuen lehiaketa garrantzitsuak egiten dira. XIX. mendearen erdira arte Urretxun ospatu zen feria, baina ordutik aurrera Zumarragan hasi ziren postuak kokatzen. Harrezkero, Zumarragan egiten da. Ganadu feria gutxitzen joan dela aitortu du Izaskun Larrañagak, Zumarragako udal langile eta azokako antolatzaileak. «Santa Luzia egunean gauza asko izaten dira orain, eta ganadu feria jaitsi egin da». Hori frogatzeko, azken urteetako abelburuen datuak begiratu behar dira. Joan den urtean 370 buru izan ziren ferian, eta 215 saldu ziren. Duela sei urte, 2005. urtean, berriz, 757 abelburu izan ziren, eta 395 saldu ziren. Udalak, baina, beste azoka batzuetatik ganadu feriak ezberdintzen dituela oharturik, ganaduzaleen lana saritzea erabaki zuen, eta sari gehiago eta handiagoak ematen hasi zen. Horrela, pottoken, Euskal Herriko Mendiko zaldien eta haragitako zaldientzako sari bereziak eratu dituzte. Bide bera hartu dute Altsasun ere. Pello Iglesiasek hogei urte daramatza ganadu ferian lanean, eta plazan gero eta ganadu eta salerosketa gutxiago ikusten du. Azken urteetan ehun buru inguru biltzen da plazan, eta duela urte batzuk bikoitza zen. «Tratua ikuiluan egiten da, eta gutxi plazan. Garai batean, gainera, abere mota guztiak izaten ziren, baina egun, batez ere, zaldia ekartzen da». Bertako Burgete zaldi arraza bultzatzeko leihaketak ere egin dira azken urteetan, eta horrek bizia eman dio ganadu feriari, baina krisiarekin ez dakite hurrengo urteetan berriz errepikatuko den.
Errentagarritasun gutxi
«Egun, ganadua duenak gustuko duelako du, ez etekina ateratzen duelako. Garai batean, urte osoko dirua ateratzeko ziren feriak. Baina industriaren etorrerarekin bigarren mailan gelditu ziren feriak. Baserritar gehienak industrian hasi ziren lanean», dio Iglesiasek. Abereak baserritik edo Urbasako zerratik plazara ateratzeko baserritarrari eskatzen zaizkion agiriak eta baldintzak gero eta handiagoak dira, eta askok amore ematen dute. «Etorkizun zaila dute ganadu feriek. Abelburuak gutxitzen ari dira, eta gero eta gehiago dira ganadu erakusketak feriak baino. Ganadua erakusten da, baina ez da salerosten».
Ipar Euskal Herrian ere badute tradizio handia ganadu feriek. Horren adibide da Heletan (Nafarroa Beherea) urtero Santa Katalina egunarekin (azaroak 24) egiten duten zaldien eta pottoken feria. XVII. mendetik heldu den ohitura da, eta oraindik oso bizirik dago.
Halere, urteen poderioz, asko murriztu da ganadu feria. «Zaldia etxean laguntzeko tresna zen, eta orain plazera da zaldiak ukaitea. Lehen, gehiago ziren buruak», dio Xabier Gurrutxet Heletako feriako antolatzaile eta laborariak. Zazpiehun biztanle eskas ditu herriak, eta 30 bat baserri daude. Laborantza dute ogibide gehienek, ardiak eta ardi gazta egitetik bizi dira. Nekazaritzaz bizi den herria izanda ere, zaldi feriak indarra galdu du. Garai batean Iparraldeko zein Hego Euskal Herriko abelburuak biltzen ziren, milatik gora, eta orain 200-300 buru biltzen dira. «Iruñerainoko herrietako baserritarrak etortzen ziren, baina duela 50 urte hasi zen aldaketa. Lan tresna automatikoak etorri direlarik zaldi kopuruak txikitzen joan dira».
Ezarian. Ganadu feriak
Ferien etorkizun korapilatsua
Euskal Herrian abeltzaintzak garrantzi handia izan du, eta horren lekuko izan dira ganadu feriak. Gizarte aldaketek eraginda, baina, gutxitu egin dira, eta salerosketarako baino gehiago baserritarren lana saritzeko baliatzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu