Festa giroaz gozatu Leitzan

Gaur arratsaldean hasiko dira Leitzako festa nagusiak, suziria jaurtita. Asteartera bitarte, jai giro aparta izango da, eta haurrek, gazteek eta helduek ongi pasatuko dute.

Txupinazoaren ondoren, Leitzako erraldoien konpartsa, gaiteroak, txistulariak eta Incansables txaranga kalejiran ibiliko dira herrian barna. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Joxi Ubeda Goikoetxea.
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Musika, dantza eta bertso saioak, pilota partidak, herri kirolen erakustaldiak, herri bazkariak, haurrentzako jokoak eta beste zenbait ekitaldi eta jarduera izango dira Leitzako (Nafarroa) jai nagusietan, tiburtzioetan, herritar orok ongi pasatu dezan gaurtik abuztuaren 15era bitarte. Giro ederra egongo da herrian, eta, urtero bezala, herriko jendeaz gain, inguruko herrietatik etorritako lagun ugari ere ibiliko dira.

Leitzako festak «egitarau hutsa baino askoz ere gehiago» dira, Dabid Anaut Peña alkatearen hitzetan: «Giroaz, jaiaz eta lagunarteaz gozatzeko aukera bikaina da. Gure kulturaren eta izatearen zati garrantzitsua eta esanguratsua dira festak. Aurtengoak gozatzeko modurik izanen ez dutenak gogoan izanda, goza ditzagun egunez egun, parte hartu dezagun haur, gazte, heldu nahiz helduentzat proposatutako egitarauko ekitaldietan, errespetuz, aldarte onez eta harremanez gozatuz».

Festez gozatzeko aukerak «denontzako aukera» izan behar duela azpimarratu du. «Izan ere, eta 2023. urtean bagaude ere, oraindik ere ez gaude denok berdin festak lasai eta gustura bizitzeko garaian. Inork eraso eginen ez dizun lasaitasunez ateratzea, edo denontzako otordu nahiz garbiketa lanek etxean erabat lotuko ez zaituztela jakitea, horiek ere festetako egitarauaren osagai izan beharko lukete, eta, jakina, denontzat berdin. Denon borroka da hori».

Festen harira, Eraso Sexisten Aurkako Leitzako Mahaiak egokitu eta osatu egin du Leitzako Mugimendu Feministak iaz sortutako eraso sexisten aurkako protokoloa. Protokolo berria jendaurrean aurkeztu du festak hasi aurretik. Abuztuaren 1ean, ostalarientzako eta tabernarientzako saioa izan zen, eta, abuztuaren 3an, herritar guztientzako eta herriko eragileentzako saioa. Jaietan indarkeria matxistako kasuren bat izanez gero, horren berri emateko 112 edo 617-38 55 98 telefono zenbakira dei daiteke. Leitzako Atekabeltz gaztetxeak ere indarkeria matxista gaitzesten du, eta begirunez ibiltzearen aldeko deia egin du: «Ez da jarrera sexista, LGTBIQfoborik ezta arrazistarik onartuko».

Leitzako jaiei hasiera emango dien txupinazoa gaur izango da, 18:00etan, baina aurretik hainbat ekitaldi egongo dira. 13:00etan, Etxera manifestazioa abiatuko da plazatik, Sare Herritarrak taldeak deituta, eta, ondoren, kantu jira egingo da Kuxkuxtu taldearekin. Halaber, bi herri bazkari izango dira: jubilatuen bazkaria eta kantu bazkaria.

Kalejira alaiak

Txupinazoaren ondoren, Leitzako erraldoien konpartsa, gaiteroak, txistulariak eta Incansables txaranga herrian barna ibiliko dira, kalejiran. 18:30ean, La Jodedera musika taldea jotzen hasiko da Labetxeko atarian; 22:00etan, zezensuzkoa aterako da, eta, ondoren, Trikidantz musika taldeak joko du, Incansables txarangak gaueko erronda egingo du, eta DJ La Mia Mari musika jartzen ariko da plazako txosnan.

Bihar, txistulariek diana joko dute 8:00etan, eta Aurrera taldeko ezpata dantzariak plazan ariko dira eguerdian. 17:00etan, Leitzako bertso eskolako bertsolariek kantatuko dute Labetxeko atarian, eta, bi ordu geroago, herri kirolen erakustaldia egingo da plazan, Nerea Arruti, Malen Barrenetxea, Oihana Barrena, Ane Zapirain eta Eneko Saralegi aizkolariekin, eta Maddi Gesalaga, Olatz Esnaola eta Lur Errekondo harri jasotzaileekin. Toki berean, herritarrek ingurutxoa dantzatuko dute 21:00etan.

Abuztuaren 12an, paella jana egingo da, eta Aurrera dantza taldeak emanaldia egingo du plazan.Biharamun arratsaldean, berriz, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Agin Laburu, Eneko Lazkoz eta Jone Uria bertsolariek kantatuko dute plazan, eta pilota jaialdi mistoa izango da Amazabal pilotalekuan —besteak beste, Iera Agirre, Goiuri Zabaleta eta Oinatz Bengoetxea herriko pilotariak ariko dira—. Hilaren 14an, gazte egunean, umeentzako apar festa, gazte bazkaria eta beste hainbat ekitaldi antolatuko dira.

Egitarau oparoa gaztetxean

Jaietarako, egitarau oparoa prestatu dute Atekabeltz gaztetxean. Besteak beste, gaur elektronika gaua egingo dute; bihar, Naxker eta Las Sexpeares taldeak eta DJ Muffin ariko dira; etzi, Txopet, Etxekalte eta Onki Xin; eta, etzidamu, Distopia elektrotxaranga, DJ Reimy eta Zetak taldearen emanaldiak antolatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.