Festak jarrai dezala

Jai giro bete-betean daude Etxarri Aranatzen aste honetan.Adin guztietarako egitarau oparoa prestatu dute; haurren txanda da gaur

Etxarri Aranazko haurrak, buruhandi batekin jolasean. IÑIGO URIZ/ ARGAZKIPRESS.
Iruñea
2014ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan den larunbatean hasi ziren Etxarri Aranazko (Nafarroa) festak, lehenengo suziri hotsarekin batera. Ordutik kuadrillak, beren blusa jantzi, eta gelditu gabe dabiltza, Udalak eta herri mugimenduak prestatutako egitarau zabalari jarraikiz. Adin eta gustu guztietarako hitzorduak eta ekitaldiak antolatu dituzte, eta gaur izango da haurren eguna. Goizeko hamaika eta erdietatik hasita, egun osorako plana egina dute umeek, aspertzeko betarik ere izan gabe.

Egunero bezala, etxarriarrek auzatea izango dute goiz erdian; gaur Udaberri elkarteak izango du askaria prestatzeko ardura. Horrekin batera emango diote hasiera haurren egunari, haientzako espresuki egindako jolas parke batekin. Eguerdiko ordu batean buruhandiak ibiliko dira herrian zehar, eta ordu berean A zer nolako banda parranda ikuskizunak alaituko du Etxarri Aranatz.

Bazkalondoan, berriz, Osasuna fundazioak kirolzaleentzat futbol plazako txapelketa antolatuko du, kale nagusian. Bestelako jolasak nahiago dituenak, berriz, puzgarriak, zezen mekanikoa eta zappy elektrikoak izango ditu jolas parkean. Ilunabarrean playback lehiaketa egongo da, urteroko moduan. Dena den, gauzak aldatu egin dira sari banaketan. Izan ere, duela urte batzuk koreografia onena egindako lehenengo hirurek jasotzen zuten saria, baina orain hainbat motatako sariak daude: bakarka edo binaka ibili den onena; taldekako onena; originalena; eta euskal abesti onena dira saria jasoko dutenak.

Eguna amaitzeko, Joselu Anaiak taldeak dantzaldia eskainiko du: arratsaldeko zortzietatik hamarretara eta gaueko hamabietatik hiruretara; tartean, zezensuzkoa egongo da. Horrez gain, herri mugimenduak antolatutako bertso afaria izango da karpan, Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariekin.

Playbackak izandako aldaketez gain, haurren egunak berak ere aldaketa txiki bat izan du. Hain zuzen, lehen, astelehena izaten zen txikienen eguna, harik eta kuadrillen eguna ospatzen hasi ziren arte. Orain bospasei urte hasi ziren beste egun hori egitarauan sartzen, Etxarri Aranazko gaztetxearen ekinbidez: «Lehenengo urtean gutxi batzuk egon ginen arren, bigarren urtetik aurrera kuadrilla ugari hasi ziren parte hartzen, eta adin guztietakoak; hori da politena», azaldu du Irati Iza herriko gazteak.

Lehenengo urtean, haurren eta kuadrillen egunak batera izan ziren, baina arratsaldeko zazpietan umeen playbackak eta kuadrillek herriari ematen zioten itzuliak bat egiten zuten, eta hor zegoen koska. Izan ere, jendea berehala ohartu zen ordu horretan herritarrek kasu handiagoa egiten ziotela kuadrillen giroari, txarangarekin herrian zehar gora eta behera ibiltzen baitziren. Hori zela eta, haurren eguna asteartera pasatzea erabaki zuten.

'Inutilen' eguna

Bihar aitona-amonen eguna izango da, eta etzi, berriz, kintoena. Orduan erantziko dituzte blusak etxarriarrek, baina festa ez da ostegunean amaituko, ostiralean egun berezia baita: 'inutilen' eguna. Garai batean soldadutzara joaten ez zirenek ospatzen zuten egun hori, militarrez jantzi eta desfile bat eginez. Arazo fisikoren bat edo gaixotasunen bat zutenak ziren soldadutzarik egiten ez zutenak, orduan inutilak deituak, eta hortik dator egunaren izena.

Gaur egun, berriz, egun horrekiko ikuspuntua erabat aldatu da. Herritarrak guardia zibil, foru polizia, eta abarren gisa janzten dira egun osoan, eta arratsaldean desfilea egiten dute, baina betiere umoreari tokia eginez. Besteak beste, herri bazkaria, pregoiaren irakurraldia, presoen aldeko kontzentrazioa, eta inutilen entzierroa egingo dira egunez. Gauean, El baston de la vieja eta Los Zopilotes Txirriaos taldeen kontzertuak izango dira. Oraindik, lau egun falta zaizkie etxarriarrei, eta, beraz, jarrai dezala festak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.