Entseguetarako erabiltzen duten lokalaren alboko lokalean Gatibuk egiten ditu entseguak. Askotan elkartu izan dira, baina behin ere ez taula gainean. Gernikako jaietan, abuztuaren 17an, zehazki, Gatiburen aurretik joko du Tooth talde gernikarrak. Gogotsu hartu dute larunbatean, 22:30ean, pasealekuan duten zita; euren herrian, lagunez inguratuta, kontzertua eman eta jendea irribarrez ikusi nahi dute.
Hardcore musika estiloa Gernikaratu zuten; beste leku batzuetan ezaguna bazen ere, herrian musika estilo horretako talderik ez zegoen. «Hasieran gogorra egiten bada ere, jendeari gerora gustatu egiten zaio», esan du taldeko kide Edorta Apraizek. Erritmoak ohikoak ez direnez, askotan berehalakoan gustatzea kosta egiten dela uste du, baina ziurtatu du hainbatetan entzunda jendeari asko gustatzen zaiola. «Biran egon garen herrietako jendeari ere asko gustatu zaio; hori esan digute».
Taldea sortu zutenean, 2009an, hiru abestirekin demo bat atera zuten lehenengo, eta, iaz, sei abestiko disko bat. Musika izugarri gustatzen zaiela ziurtatuta, datorren urtean, urtarriletik maiatzera bitartean, hamabost kontzertu inguru dituzte lotuta. Horrez gain, 2014. urtearen amaieran disko bat kaleratzeko proiektua dute esku artean. Ilusioz ekingo diote datorren urteari. «Abestiak egingo ditugu, baina presarik gabe. Urtarriletik maiatzera, lan handia egingo dugu, eta horrek ere nekatzen du. Astean bi kontzertu eskainiko ditugu askotan; ostiralean eta larunbatean».
Taldean giro «aparta» dute. Hiru taldekide dira: beti izan dira hiru, taldekideak aldatu badira ere. Egungo hirukotea familia txiki bat, beste lagun kuadrilla baten moduan definitzen du Apraizek: «Ordu asko pasatu ditugu batera: kontzertuetan eta entseguetan. Egun, Mirrik baxua jo eta ahotsa jartzen du; Artzak, bateria, eta nik, gitarra eta ahotsa. Hori da taldea, eta ezin hobeto konpontzen gara; oso harreman ona dugu hiruren artean, eta horrek taldea sendotzen duela uste dut».
Kontzertuak gustukoen
Gehien gustatzen zaiena kontzertuak eskaintzea da. «Zure gustukoa den zerbait egitera agertokira igo, eta azpian jendea gozatzen ari dela ikustea da niretzat garrantzitsuena; disko asko saltzea baino gehiago». Nahiago du hogei lagun ikusten egotea eta guztiak disfrutatzen egotea, 200 lagun elkartu eta denak geldirik egotea baino.
Gernikako festetakoa beste kontzertu bat dela nabarmendu du; hots, beste guztietan bezainbeste gogo jarriko dutela. Baina egongo den jende kopuruagatik, izango duten musika ekipoagatik, azken batean herriko jaietan jotzeagatik normalean baino gogo pixka bat gehiago ere badute. «Bost hilabetez asko jo genuen; orain hiru hilabete daramatzagu jo gabe, eta kontzertu bat eskaintzeko gogotsu gaude. Zer esanik ez herriko festetan. Herrian jotzea beti da berezia».
Bizitza osoa musika artean
«Ni gitarra jotzen 16 urterekin hasi nintzen; orain, 27 ditut. Bizitza osoa daramat horretan», aitortu du Apraizek. Ez da jotzen duen instrumentu bakarra. Lokalera joan eta baterian ez badago inor, berehala jotzeari ekiten diola esan du. 2009an, taldea sortu zenean, bera baterian aritzen zen; gerora egin zuen gitarrara aldaketa. «Beti gustatu izan zait bateria, eta betidanik jo izan dut. Musika gustatzen zait, oro har».
Jaiak. Gernika
Festetan estreinakoz igoko da Tooth taldea taula gainera
Hilaren 17an kontzertua eskainiko du Tooth taldeak Gernikan; lagun eta ezagunen aurrean jotzeko irrikaz daude

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu